Hala Bedi Bi: parte hartu nahi duzu?

Kartela deialdi irekia
Gasteizko irrati libreenak 30 urte bete dituenean, euskara hutsezko uhinen alde egin du apustu. Horretarako sortu zen Hala Bedi Bi, abenduaren 28an. Arrastaka ibiltzen hasia da, irrati musikal gisa hein handi batean, eta oinez hasteko ordua heldu zaiola uste dugu. Zure parte hartzea behar dugu horretarako.

Nola? Apirilaren 11an, ostiral honetan, Gasteizko alde zaharrean egingo dugun deialdi irekira hurbilduz. Gasteiz Txiki elkartean izango da, 19.00etan. (Hemen tokia mapan)

Deia zabala da, irekia, librea, kuxkuxeroentzako nahiz inplikatuentzako. Une honetan hamar laguneko taldea dabil Hala Bedi Bi-ren programazioa burubelarri osatu nahian. (pozik irakurtzen segitzeko saka play datorren abestiari)

Gaur egun musika dugu nagusi, irakurmen, agenda eta musika aurkezpenekin uztartuta. Parrilla osatze bidean lagunak behar ditugu, norbanakoak zein eragileetako kideak. Anbizioz gabiltza irratsaio berriak sortzeko, sare bidez oihartzuna emateko, musika eskaintza hobea izateko… Euskarazko irrati libre eta kalitatezkoa bilatzeko.

Horregatik, gasteiztar guztioi gonbidapena. Zertan garen eta zer izan nahi dugun kontatzeko eta erabakitzeko. Jateko eta edatekoak ere eramango ditugu Gasteiz Txikira. Beraz, animatu, neska-mutil talde jatorra izango duzue belarriak zabalik zuen proposamenak entzuteko. Zure baitango kazetaria, musikazalea, teknikaria, informatikaria edo saltseroa atera nahi duzula? Hemen duzu aukera.

Jarraian ikusgai duzu abenduaren 28ko bideoa deialdi irekiaren gonbidapenarekin batera.