Erlojua

Duela ez dakit zenbat urte –hamar baino gehiago bai, eta hamabortz baino gehiago ere bai– erloju bat oparitu zidaten nire urtebetetzerako. Egia erran, bi erloju eskaini zizkidaten: bata, amak, eta bigarrena, neska-lagunak. Kasualitatea izan zen, elkarren berri izan gabe egin zuten, hau da, bertzeak zer erosi nahi zidan jakin gabe erosi zidaten erloju bana, elkarri traba egiteko asmorik gabe, eta, horri esker, latza izan zen erabaki hura ez zen zitekeen latzena izan: bien arteko lehia nahigabea izan baitzen; nahita izan balitz, orduan egiazko problema bat izanen nukeen. Kontua da orain dela ez dakidala zenbat urte bi erlojuren artean hautatu behar izan nuela –entzulearen esku utziko dut asmatzea zein hartu nuen hondarrean, amarena edo neska-lagunarena–, eta hautatutakoa hainbat urtez eraman dudala eskumuturrean.

ErlojuaHarrezkeroztik, jakina, pilak aldatu behar izan dizkiot. Eta, eskumuturrekoa. Eta kristala. Eta orratzak, orratz txikia erori baitzen behin, eta, bertze behin, orratz handia hautsi. Eta barneko makinaria, ura sartu zitzaiolako. Urte hauetan guzietan eraman dudan erlojua, opari eman zidaten erlojua da edo bertze bat? Badute arimarik erlojuek? –galdera horrekin ipuin bat eginen luke idazle sentiberaren batek–. Zerk ematen dio erlojuari bere erlojutasuna? Uste dut metalezko hezurdura dela ordulariak atxiki duen jatorrizko pieza bakarra, baina ez nago ziur.

Duela urte anitz –hamar urte baino gehiago, eta segur aski hamabortz baino gehiago ere bai; uste dut ordurako baneramala zorioneko erlojua eskumuturrean, artean jatorrizko pieza guziak bere tokian zirela– nire lehendabiziko artikulu zientifikoa idatzi nuen. Zientifikoa: ez dakit, bada, historiaren gainekoa. Garai hartan, Nafarroako sinboloei eta nortasun ikurrei buruzko liburu lodi bat argitaratu berria zuten, eta nik horren kritika egin nuen nire lehendabiziko testu hartan. Liburua egile anitzena zen, gehien-gehienak Nafarroako Unibertsitateko irakasleak. Bertze modu batean erranda, nire lehen testuan nire “gainetik” zeuden irakasleei eman nien egurra –tarteka, gogor samar eman ere–. Artikulua zuzendu zidanak erran zidan “gazteriari dagokion lotsagabekeria” antzematen zitzaiola testuari (“una cierta impertinencia juvenil”, jatorrizko bertsioan). Sei urteren buruan, tesia azkenean aurkeztu nuenean, irakasle hark berriz nire lotsagabekeria aipatu zuen (“testuari halako petralkeria igartzen zaio”), baina ez zuen “gazte” hitza erabili: “juvenil” bidean gelditu zen.

Urte franko pasatu dira harrezkeroztik. Berriki, lagun batek erran dit nire artikulu hura irakurria duela bere tesirako. Horrek, zertarako ukatu, poza eman dit, baina, aldi berean urduri jarri nau, eta, badaezpada, abisatu diot beharbada ez nagoela ados testua idatzi zuen morroi harekin. Halere, jakin nahiko nuke zein den lagun horren iritzia: batez ere ikusteko ea bat egiten duen irakasle haren iritziarekin, ea berak ere “gazteriari dagokion lotsagabekeriarik” ikusten dien nire hitzei.

Urte hauetan, kokotsaren inguruko ileak urdindu zaizkit; antiojoak pare bat aldiz aldatu ditut; gizendu eta mehetu egin naiz, eta berriz ere gizentzen ari naiz; atorra koadrodun itsusi mortalak janztetik kamisetak erabiltzera pasatu naiz, eta orain berriz ere –gizentzearekin batera– atorretara bueltatzen ari naiz; lan egiteko hizkuntza bera ere aldatu dut: zein da nire metalezko egitura? Nire petralkeria, nire ustezko lotsagabekeria ote da denbora honetan guzian aldatu ez den pieza?

Erlojuak, susmoa dut, ez du erlojutasunik, eta metalezko egitura, hasmentatik hor dirauen pieza hori, hotzegia da, inpertsonalegia ezeri eusteko. Erranen nuke nire narrazioak –opari eman izanak eta horrek ekarri zuen lotura sentimentalak– ematen ziola batasuna edo iraupena erlojuari, honen kanpoko itxura eta barneko piezak gorabehera. Erlojuaren erlojutasuna, beraz, fikzio bat da, neronek ehundutako gezurrezko oihal bat, nire sentimenduen proiekzio bat.

Orain, kontatuko nuke erlojua hautsi zaidala, baina, hori egia den arren, prosaikoegia da, tontoegia da, eta, ni ez naiz hona etortzen egia kontatzera –nori zaio axola egia?–: asteroko gogoetetan, asmatzen ditudan zatiak dira, segur aski, interesgarrienak; eta, erlojuarekin ere halaxe gertatzen zen: interesgarriena harekin lotzen ninduen fikzio sentimentala zen, eta ez objektu bera. Beraz, kontu praktiko aspergarri horiek alde batera utzi eta zati hau ere dotoretu beharko dut: batzuetan, iraganaren zama pisuegia da, eta ez digu mugitzera uzten. Atzerrian jende berria ezagutzeak edo sare sozialetan abatar bat asmatzeak hori du ona: iraganik gabeko nortasun bat asmatzen ahal diozula zure buruari, urteetan pilaturiko aurreiritzien eta irudien karga ez daramana.

Non datza erlojuaren erlojutasuna? Inoiz aldatu gabeko pieza horretan, eta nik haren gainean ezarritako narrazioan? Galderak –edozein galdera– interesgarriak izaten dira, interesgarria izateari uzten dioten artio. Azkenean, erloju berri bat erosi dut. Plastikozkoa da, horia, eta marrazki bat du esferan: bi minionGru marrazki bizidunen filmeko bi pertsonaia– Pulp Fiction-eko bi pertsonaiak balira bezala beztituak. Eta, zer nahi duzue, uste dut erloju berria, iraganaren zamatik arindua, ongi dagokiola nire jada ez hain gazte petralkeria horri.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.