Euskararen strip-tease bat (VI)
Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…
(VI) Nire esperientzia: a ze urteak!
Oñatin jaioa izanik eta nire abizenekin denek pentsatzen dute ni sortzez eta berez euskalduna naizela; ba ez da horrela. Bi urte nituela Gasteizera bizitzera aldatu ginen, eta garai hartan, nire aita, Oñatiko euskaldun petoa, “papá” zen guretzat eta nire ama, Arabako ez-euskalduna, berriz, “amá”, eta gure hizkuntza bakarra, noski, gaztelera zen nahiz eta “etorri”, “agur”, “isilikonahi” eta horrelakoak maiz entzuten genituen. Gure lehenengo koska, -ni hamabost-hamasei urte nituenean- aita zenari “aita” deitzea izan zen, eta hori anai-arrebon arteko hitzarmen bati esker gertatu zen, nahiz eta gure artean intsumisorik ere bazegoen.
Handik aurrera lehenengo euskal eskola militateak —esan behar dut harrotasun puntu batez urte haietan oso irakasle ospetsuak izan nituela (geroago ere bai)—: Manuel Iradier elkarteko gela ilun haietan Jenny Prieto, gero Olabide ikastolako udako ikastaro eguzkitsu eta parrandero hartan Maite Mendibour “glamour”osoa Kepa Mendiaren eskutik Iparraldetik etorri berria, gero Olabideko urte osoko ikastaroan Gorka Knörr, gero Oñatiko ETEOn Ruper Ordorika… Baina haiek eta guzti, nire euskalduntasuna hutsaren hurrengoa zen artean, eta hutsago oraindik soldadutzatik bueltan.
Gogoratu nahi dut, urte haietan, Gasteizen, besteak beste, Euskal Liburu eta Diskoen Azoka bat antolatzen zela San Prudenzio kalean gabonak inguruan eta gogoratzekoa da ere, Radio Vitorian urte haietan “Euskal Jaia” izeneko irratsaio bat bazegoela igande eguerdietan Mendia Optikaren babesarekin eta horri esker euskal musika entzun genezakeela.
Eta soldadutzatik etorrita hartu nuen bigarren erabakia: nire bizitza-helburu bat euskara ahalik eta ondoen menperatzea izango zen. Eta orduan ekin nion orain arteko trebatze prozesuari: urte haietan lan pertsonala izan zen batez ere: Egin-eko (eta beste) euskarazko artikuluak irakurri hiztegi eta boligrafoarekin (hiztegitxoak idazten nituen gero kalean nihoala buruz ikasteko); irratiko saioak entzunez: hasieran Bizkaia Irratiko saioren bat eta gero Euskadi Irratiko hainbat, besteak beste, gogoan dut Sorgin Afaria izenekoa eta eguerdian izaten zen lehiaketa bat; Itziarreko baserriko egonaldia, esperientzia gogoangarria noski baina ez “Kutsidazu bidea Isabelen” parekoa, ez horixe!
Eta horrela poliki-poliki nire helburua lortuz joan nintzen: azken koska eta nagusia izan zen nire betiko bikotekideak eta biok une batetik aurrera (uda zen) euskaraz aritzeko hartu genuen erabakia… eta handik aurrera Itoiz eta Hertzaienen kontzertuak, klase eta irakasle gehiago, ETB, liburu batzuk, azterketak, tituloren bat,… hainbat kilometro Korrikan… eta batez ere euskaraz aritzea… gaur arte.
(Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzako langile bat)
Euskararen strip-tease bat (VI) http://t.co/uGUeVV9RSV
«Nire aita, Oñatiko euskaldun petoa, “papá” zen guretzat eta gure hizkuntza bakarra, noski, gaztelera».
http://t.co/7GmCAgIWxp