Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko martxoaren 31n Baionan egingo den manifestaldian parte hartzeko deia

Agerraldia-deiadar-2012-bEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak manifestazioa antolatu dute Baionan martxoaren 31rako. Deiadar manifestazioaren leloa “Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat” izango dela azaldu dute Bilbon egindako prentsaurrekoan. Kontseiluaren zuzendaritzak agerraldia egin du gaur deialdiaren berri eman eta euskaltzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatzeko. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Baionako Xaho kaitik.

Lehenago ere euskarari lege geriza, lege babesa, aldarrikatzeko manifestaldiak antolatu izan dira Ipar Euskal Herrian, euskaltzaleen Deiadar modura irudikatu diren manifestaldi jendetsuak. Oraingo honetan baina, egun berean Frantziako Estatuan aitortzarik ez duten beste hizkuntzen aldeko mobilizazioak ere izanen dira Kemperen, Perpinyanen, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon.

Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, “Frantziako Estatuak mendeetan zehar lurralde-hizkuntzen kontrako politika aplikatu izan du eta gaur egun ere halaxe egiten du, nahiz eta hizkuntza horien hiztun komunitateen mobilizazioen bitartez tokian tokiko aldeko neurri edo politika batzuk abian jarri diren”.

Ildo beretik, Kontseiluko ordezkariak gehitu du Frantziako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna sinatu arren, ez duela berretsi eta ondorioz, ez duela Itunean jasotako neurriekin konpromisorik hartu behar izan. Are gehiago, “2008an Frantziako Asanbladak Konstituzioa aldatu zuen eta lurralde-hizkuntzak ondare izendatu. Orduz geroztik Gobernuak lege berri bat egingo zuela iragarri zuen, baina oraindik ez da ildo horretan urratsik eman” gaineratu du.

Bilbaoren ustez dagokion estatusa bermatua izan beharko luke. Berezko hizkuntzak bere herrian behar duena eta inguruko hizkuntza egonkortuek duten ber-bera. “Euskara berezkoa da bere lurraldean, eta ondorioz, ofiziala behar du izan,  bai eta lehentasunezkoa  eta ezagutu beharrekoa ere” esan du Paul Bilbaok.

Ildo beretik, euskaren biziraupena jokoan dagoela eta DEIADAR mobilizazioaren bitartez  zer aldarrikatu nahi duten zehaztu du Paul Bilbaok:

Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala izan dadin nahi dute, hots balio juridikoa izatea eta arlo guzietan erabilia eta garatua izatea. Bestetik, Frantziako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsi dezala eskatzen dute, euskara bezalako lurralde-hizkuntzak eremu publikoan ofizialki aitortuak izan daitezen.

Azkenik, hizkuntzen lege egokia bozkatua eta aplikatua izatea aldarrikatzen dute, alde batetik lurralde hizkuntzetako hiztunen hizkuntza-eskubideak aitortzeko eta bakoitzaren betebeharrak finkatzeko, eta bestetik, martxan jarriak diren hizkuntza politika publikoak eragingarriak izan daitezen (ez bakarrik eragile bakoitzaren borondate onean oinarrituak) eta horren etorkizuna bermatuko duen lege-geriza da behar duguna.

“Egoera hori izanik ere, gero eta gehiago gara euskaraz bizi nahi dugun euskaldunak” argitu du Paul Bilbaok eta gaineratu du “hori uzten dute agerian azken garaiotan egindako inkestek, bai eta euskararen alde egiten diren mugimenduek izaten dituzten parte hartzaile kopuru handiak ere”. Berezko hizkuntzan bizitzea oinarrizko eskubidea dela eta, ondorioz, bere hizkuntzan bizi nahi duen herritarrak lege-babesa beharrezkoa duela aldarrikatu du paul Bilbaok, alegia, euskarak ere ofizialtasuna behar duela.

Amaitzeko, Euskal Herriaren luze-zabalean bizi diren euskaltzale guztiak martxoaren 31n Baionan egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu Kontseiluko zuzendaritzak. Nahi duenak www.deiadar.org blogean aurkituko mobilizazio honen berri.

Deiadar, euskara, Iparraldea, kontseilua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude