euskara eta euskaldunontzat Ipar Euskal Herrian mehatxu larria
euskara eta euskaldunontzat Ipar Euskal Herrian mehatxu larria
Urtarrilaren 22an Frantziako Errepublikaren Asanblada Nazionalean Europako Hizkuntza Gutxituen Kartaren berrestea xede duen eztabaida burutuko dute.
1992an Europako Kontseilua osatzen duten Estatuek sinatu zuten Europako Hizkuntza Gutxituen Karta ofizialtasunik ez daukaten, edo ukan arren, gutxituta dauden hizkuntzak babesteko eta sustatzeko ituna da.
Frantziako Alderdi Sozialistak abenduaren 10ean aurkeztu zuen lege proposamena Asanblada Nazionalean aipatu Karta Frantziako Errepublikak berresteko helburuz.
Paradoxa
Baztertuta dauden hizkuntzak babesari begira onuragarri izan beharko litzatekeen ekimena kontrakoa bilakatu daiteke; Frantsesaren inposizioa indartu eta euskara eta euskaldunentzako egungo egoera baztertzailea gogortu.
Kontua da Kontseilu Konstituzionalak Hizkuntza Gutxituen Karta berrestea antikonstituzionala litzatekeela ebatzi zuela, 2. artikuluak “Frantsesa errepublikaren hizkuntza” dela ezartzen duelako. Hau da, ofiziala izan daitekeen bakarra. Karta berresteko, interpretazio honen arabera, Konstituzioa aldatu beharko lukete.
Oztopo hori saihesteko, omen, Konstituzioaren artikulu bat aldatzea proposatzen dute, 53-3 artikulua hain zuzen ere, baina eremu publikoan, administrazioekin, frantsesa hizkuntza bakarra dela azpimarratzeko. Honek egungo egoera baztertzailea handituko luke.
Honen aurrean larriki kezkatuta agertu dira Ipar Euskal Herriko eragile euskaltzaleak, bereziki Euskal Konfederazioa. Bere ustez gehitu nahi dituzten artikulu eta interpretazio klausulekin “zerbitzu publikoetako pertsonei eta erabiltzaileei, eta zerbitzu publiko bat eskaintzen duten eragile pribatuei eta beraien erabiltzaileei frantsesa inposatzen zaie…. horrela arituz frantsesa bakarrik erabili beharko bailitzateke administrazioan, herriko etxeetan, garraioetan, hospitaleetan… baita Seaskan, Uda Lekun edo Euskal Erankunde Publikoan ere”. “Gu euskararen koofizialtasunaren alde gara eta horrelako artikulu batek gure nahia etsiko luke”.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak antzeko mezua azaldu du: “Eurokarta berresteak ez lukela deus ekarriko Euskal Herriarentzat, baina horrelako testu batekin gauzak kenduko” liozkela Euskal Herriari. “Gaurko testuarekin idatzia baino, Eurokartaren berrestea denboran pusatzea hobe“
ELEN-EBLUL hizkuntzen berdintasunerako sare europarrak ere ekimenaren aurka agertu da. Gutun bat igorri die lege proposamena izenpetu duten diputatuei klausula gehigarriak kentzeko eskatuz “eskualdeko hizkuntzak bizi sozialetik baztertzea eta desagerraraztea bakarrik ekarriko” zutelako, “Eurokartaren helburuen aurka” joanez.
Gauzak horrela Euskal Konfederazioak eta aldaketarik ez badago proposamenaren aurkako botoa ematea eskatu die diputatuei: “Horrelako baldintzetan, Konstituzioa ez aldatzea hobe“.
Ikusteko dago zer gertatuko den datorren 22an Frantziako Errepublikako Asanblada Nazionalean baina itxura txarra dauka baztertuta eta ofizialtasunik gabe dauden hizkuntza guztientzat.
Ulertzen dut Euskal Konfederazioak proposamena ez babestea eta ni bat nator. Hala ere, Euskal Konfederazioak argitu beharko luke zergatik orain hilabete batzuk Europar hizkuntza gutxituen karta izenpetzea exijitzen zion Frantziar Gobernuari.
Lehen bai, orain ez….????
Bestetik, nik uste garaia dela euskaldunok gure bideari ekiteko, herriz herri auzolanean, eta ez horrenbeste Paris-i begira.
Izan ongi.
Egun on,
Euskal Konfederazioak Eurokartaren berrestearen alde izaten segitzen du, frantses gobernutik keinu politikoa bailitzateke. Gero, bizpahiru gauza:
1. Frantziak Eurokarta berretsi ahal izateko Konstituzioa aldatu behar da. Eta Konstituzioan sartu nahi den 53-3 artikuluaren formulazioarekin arrunt kontra gara (hots lege proposamenaren kontra), idatzia den bezala artikuluak euskararen erabilpenari bizi publikoan (zentzu zabalean) atea hesten baitio (eta zer erranik ez, koofizialtasun eskaera orori);
2. Frantziak hartu 39 engaiamenduak (Eurokartan “hautatzekoak”) jadaneko aplikatzen dira praktikan ipar Euskal Herrian;
3. Eurokartak ez du ondorio juridikorik. Beraz berrestearekin batera (maila sinbolikoan geldituko litzatekeela nunbait) euskarak eta hiztunok behar duguna da hizkuntz lege bat hiztunon hizkuntz eskubideak aitortu eta errespetaraziko lituzkeena alde batetik, eta bestetik botere publikoei (besteak beste) betebeharrak finkatuko lizkiena arloz arlo.
Eta Maialenen azken erranaldiari erantzuteko, arrunt ados: guri dagokigu egunerokotasunean euskararen alde aritzea (ikasiz, mintzatuz, transmitituz, erabiliz, tresnak sortuz…) bainan ipar Euskal Herrian euskara frantses legediaren menpe izanen deno, guri dagokigu ere legedi honetan eragiten entseatzea, euskararen kontra itzul litezkeen ekimenak borrokatuz eta aldeko neurri juridikoak lortzen entseatuz…
“HIZKUNTZA GUTXITUEN ITUNA BERRESTEKO LEGE PROPOSAMENAK EZTABAIDA SUTSUAK SORTU DITU DEPUTATUEN ARTEAN”
.
“…Eskualde Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko lege proposamena atzo eztabaidatu dute frantses deputatuek. Jean-Jacques Urvoas deputatuak hatu du hitza lehenik, bera baita legea idatzi duen taldearen burua, eta lege proposamenaren defentsa hartu du, deputatuei alde bozkatzeko eskatuz…”
.
http://www.kazeta.info/euskalherria/hizkuntza-gutxituen-berresteko-lege-proposamenak-eztabaida-sutsuak-sortu-ditu-deputatuen-artean#komentario-irekiak
“PREFETAREN ERASOEI ERANTZUTEKO ELGARRETARATZE BAT EGINEN DU SEASKAK, SUPREFETURA AITZINEAN”
Atzo, Patrick Dallennes Baionako suprefetak Beskoitzeko ikastola berriaren proiektua auzibidean ematea erabaki zuen, Falloux lege egotzita.
.
http://www.kazeta.info/euskalherria/prefetaren-erasoei-erantzuteko-elgarretaratze-bat-eginen-du-seaskak-suprefetura-aitzinean
“UZTARITZEK HIZKUNTZA OFIZIAL IZENDATU DU EUSKARA”
.
“Uztaritzeko herri kontseiluak hartu du erabakia, eta Iparraldeko lehen herria da horrelako ekimen bat onartzen duena. Gehiengoz onartu dute euskararen ofizialtasuna; bi boto izan dira kontra, eta beste bi abstenitu egin dira.”
.
http://www.berria.info/albisteak/93422/uztaritzekhizkuntzaofizializendatudu_euskara.htm
“UZTARITZE SALATUKO DU SUPREFETAK, EUSKARA OFIZIAL IZENDATZEAGATIK”
.
“Frantsesaren hein berean” jarri du euskara herriko etxeak. Suprefetak ohartarazi du legez kanpokoa dela erabaki hori.”
.
http://www.berria.eus/albisteak/93422/uztaritzesalatukodusuprefetakeuskaraofizializendatzeagatik.htm