Angel Oiarbide: “Has gaitezen gauza txikiak egiten denon artean zerbait handia osatzeko”

Ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen 50.000 laguneko Giza Katea osatzea du helburu Gure Esku Dago dinamikak. Angel Oiarbide egitasmoaren bozeramalearekin izan gara.

Testua: Maialen Goñi (@maialeng)

Gure EAngel Oiarbide: "Has gaitezen gauza txikiak egiten denon artean zerbait handia osatzeko"sku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea du helburu.
Bai, baina aldarrikapen hutsean geratu ez dadin, bertatik abiatuta sentsibilizazio, kontzientziazio eta gauzatze lana ere egin nahi du, trantsizio osoa burutzeko. Dinamika honen kimua Nazioen Mundua egitasmoa eta bertatik eratorritako Gazta Zati Bat / A Peace of Cheese (Jon Maia, 2012) dokumentala izan ziren; azken hau herriz herri proiektatu eta hausnarketa fase bat abiatu genuen Euskal Herriko eragile ezberdinekin, pausoak elkarrekin emanda, nazio mailan lortzeko gai izango ginatekeenaz jabetuta. Emanaldietatik abiatuta ia 1.500 laguneko sarea sortu zen, eta iazko ekainean Gure Esku Dago dinamika Ficoban, Irunen, aurkeztu genuen. Azken hilabeteetan herriz herri joan gara agerraldi txikiak egiten, eta horietan beste 1.000 lagun inguruk eman dute izena. Pixkanaka sarea osatzen ari gara.

Egidazu uneotan egitasmoak Euskal Herrian duen zabalkundearen mapa.
Bizkaiko 21 eta Gipuzkoako 20 eskualdetan taldeak sortu dira, eta sarea egonkortzen ari da. Nafarroari dagokionez, abenduan Iruñean egin genuen aurkezpen ekitaldia, eta bertako taldeaz gain, Etxarri-Aranatz eta beste herri batzuetan ere hasi da jendea elkartzen. Gasteizen ere 200 lagun inguru bildu ziren aurkezpen ekitaldian, 50 baino gehiago espero ez genituen arren, eta Iparraldean hainbat eragilerekin elkartu gara; erritmoa mantsoagoa da han.

Jasotako erantzunarekin pozik, beraz?
Bai, jendea horrelako dinamikak martxan jarri eta parte hartzeko gogotsu dagoela ikusi dugu, etorkizun hobeago baten protagonistak izan gaitezen.

‘Giza Katearen helburua euskaldunok egiteko gai garena ikusaraztea da’. Ez al gara egin dezakegunaz kontziente?
Gaitasun edo ideia bat barneratzeko probatu egin behar da, eta euskaldunak ez gara horretara iritsi. Baina begira zer lortu duten katalanek! Ez al gara ba gu ere gai izango? Haiek helburu jakin bat dute, eta pausoz pauso ikusten joan dira zer egiteko gai diren; sinetsi egiten dutelako, eragiteko gaitasuna dutelako, aurrera doaz. Hemen, aldiz, aurrekarietan gaude oraindik. Gure asmoa urte hasieran eskualdeko ariketak egitea da, segidan, ekainaren 8an, ekintza komun handia egiteko, Durangotik Iruñearako Giza Katea. Eta ondoren, udazkenean, deialdi zabal bat egin eta herritarren bilgune edo topagune delakoa osatu nahi dugu, nolabait esatearren, Kataluniako Asanblada Nazionalaren gisako zerbait. Gure Esku Dago urtebeteko entsegua izango da, zer egin dezakegun erakusteko beroketa ariketa. Aurrera begira, herritarrak aktibatu eta inoren kontra jarri gabe, alderdi politiko, instituzio eta herritarren arteko talde bat sortu nahi dugu. Gainera, ziklo baten hasieran gaude, eta Europa mendebaldeko beste hainbat nazioren ziklo hasierarekin bat egin dugu: Katalunia, Eskozia, flamenkoak… Han gertatzen denak gugan eragina izateko aukera dugu. Nola ez dugu ba aprobetxatuko?

Zergatik Giza Katea? Zein sinbolismo, zeresan du?

Ekintza parte hartzailea delako. Orain arte Nazioen Munduaren baitan egin ditugun ekintzek (mosaikoa, flashmoba) parte hartzea izan dute oinarri, norbanakoa ordezkaezina eta garrantzitsua delako, kolektibo baten partaide sentitzea beharrezko dugulako. Has gaitezen gauza txikiak egiten jendea protagonista sentitu eta denon artean zerbait handia osatzeko.

Erronka gisa planteatu zenutena txiki geratuko zaizuela uste duzu?

Noski baietz! Gai garela sinisten badugu, erabat txiki utziko dugu, ziur!

Erabakitzeko eskubidea da dinamikaren oinarria, eta hortik abiatuta autodeterminazioaren auzia duzue jomuga. Bihar bertan Euskal Herriaren autodeterminazioari buruzko erreferenduma egingo bagenu, zein uste duzu izango litzatekeela emaitza?

Angel Oiarbide: "Has gaitezen gauza txikiak egiten denon artean zerbait handia osatzeko"Gure asmoa gu geu gure etorkizunaren protagonistak bilakatzea da, eta horretarako lanketa prozesu bat egitea ezinbestekoa da. Noski, Nazioen Mundua egitasmoaren baitan, Goierrin, autodeterminazioarekiko ikuspegi bateratua genuen gehienok; baina auzi hau nazio mailakoa da, eta Goierritik Euskal Herri zabalera irteten garenean ikuspegi hori aldatu egiten dela ikusten dugu. Izan ere, zenbatek dugu Euskal Herrian nazio ikuspegi berbera? %50 izatera iritsiko ginateke? Hori da bizi dugun errealitatea, eta horrexegatik, hain zuzen, ez gara erreferendumaren xehetasunetan sartu. Lan asko dugu egiteko, eta bitartean norabide horretan pausoak ematen jarraituko dugu, pixkanaka, argitasuna ikusi ahala, data jartzen joan beharko ginatekeela ahaztu gabe.

Giza katean parte hartzeko

Metro bakoitzak 5 euro balio ditu, eta erosleak, metroaz gain, egunean bertan erabili beharko duen peto bat jasoko du. Lortutako dirua ekimenaren antolaketa gastuei aurre egiteko eta egitasmoa bera instituzioekiko era independentean finantzatzeko erabiliko dute.

Bi aukera dituzu zure metroa eskuratzeko:

Sarean: Helbide honetan sartu eta pausoak jarraitu.

Herriz herri: Eskualde bakoitzak Giza Katearen zati bat du atxikita, katea bera bertatik igaro ez arren. Kilometro bakoitzerako 400 pertsona beharko dira, beraz, zure herriko taldera jo dezakezu informazioa jaso eta metroa eskuratzeko.

Angel Oiarbide: “Has gaitezen gauza txikiak egiten denon artean zerbait handia osatzeko”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Zer duzu buruan “Angel Oiarbide: “Has gaitezen gauza txikiak egiten denon artean zerbait handia osatzeko””-ri buruz