Barkamenaren auzia: damutuak eta iraultzaileak.

Barkamenari buruzko eztabaida puri-purian dago. Baina batailaren barrunbean zaila da ikustea non dagoen frontea. Auzia barkamena eskatzea edo ez eskatzea al da, bi aldeetako batzuek sinestarazi nahi diguten bezala? Ez. Barkamena eskatzea (baita eskaintzea ere) ezinbestekoa da edozein gatazkari bukaera emateko. Auzia ez da barkamena bai edo ez, baizik eta zein barkamen mota eskatu (baita eskaini ere) behar den. Barkamen mota asko egon arren, gure helbururako bi baino ez ditugu bereizi behar: damutuen barkamena eta iraultzaileena , hain zuzen. Bereizketa horren arabera barkamenaren auzia honela azaldu beharko genuke: zein barkamen mota eskatu (baita eskaini ere) behar dugu, damutuena ala iraultzaileena?

Barkamena eskatzea “baretze errituala” da. Animalien artean ere agertzen da halako errituala. Ezinbestekoa da taldeko kideen artean sortzen diren tirabirak bideratzeko. Animalien artean, orohar, taldearen hierarkiari eusteko balio du. Haiengan, bada, “barkamena” eta mendekotasuna loturik daude. Menekotasun sentimendu hori, gizon-emakumeen erara adierazita, “damua” litzateke. Animaliei dagokien barkamena, beraz, damutuen edo menekoen barkamena da.

Gizakien artean beste barkamen mota agertu da, ordea, damutuenez guztiz bestelakoa. Animalien barkamena menekotasun eta hierarkiari atxikirik dago, gizon-emakumeengan agertzen den barkamen berria, ordea, askatasun eta elkartasunari. Barkamen horri “barkamen iraultzailea” deituko diogu, ezarritako botere erlazioak iraultzen dituelako. Barkamen iraultzailea sortzailea eta berritzailea da, harreman sozial eta politiko berriak ekartzen ditu eta.

Bi barkamen mota horiek era ezberdinetan agertu dira historian zehar. Dakigunez, damutuen barkamena, gizarte menpekotasuna bezala, nagusitu da historian zehar. Barkamen iraultzailea, nolabait esateko, historiaren korrontearen kontra doa.

Ez da erraza, halere, bi barkamen horiek bereiztea. Izan ere, biok askatasunaren eta “elkarbizitzaren” izenean egiten dira. Gaur ere, euskaldunoi damutuen barkamena inposatu nahian dabiltza. Inposaketa horri aurre egiteko, bi barkamen mota horiek bereizten ikasi behar dugu, bestela nahitaez damutuen barkamenaren lakioetan eroriko gara. Biok, damutuena eta iraultzaileena, bortxa politikoaren arbuioaz hasten dira. Hortik aurrera haien bideak bereizten eta kontrajartzen dira.

Damutuen barkamenak, gaur egun, Estatuaren terrorismoa onartu, onetsi eta bultzatzera darama. Damutuen bidea, eta hori da harrigarriena, lasterbidea da. Konbertitzea da, nolabait ere. Iraultzaren zalditik erori eta Estatu demokratikoaren dirdaiak itsuturik haren aurrean ahuspez belaunikatzen dira. Pabloren konbertsioa adibidetzat hartzea ez da, kasu honetan, errekurtso erretorikoa. Izan ere, damutuen konbertsioa kristautzea da funtsean, demokrazia neoliberalaren oinarria eta euskarria kristautasuna baita.

Fede demokratikoaren dogma nagusiaren arabera mundua bi aldetan banatzen da: alde batean demokratak eta biktimak; bestean, terroristak eta borreroak. Hauek gaitz absolutua eta erradikala adierazten dute. Terroristen kontra, bada, dena zilegi da. Damutuak, sinestun berrien karraz, terroristen aurkako borrokan gailentzen dira. Zer dira sionistak judu kristautuak baino? Ez da harritzekoa, bada, kristau berrien herraz, kristau zaharren estrategia muturreraino eramatea. Baina terroristen aurkako gorrotoan gailentzen denari guztia – krimenak, sarraskiak, lapurretak, torturak…- onartuko eta barkatuko zaio. Ez al daude egun hauetan munduko ordezkari demokratak Ariel Sharoni azken agurra ematen? Ez ote da hori terrorismoaren apologia? Non geratzen da Sabra eta Chatilako biktimekiko errespetua? Geuk ere, palestinarrek bezala, demokraten azpikeria eta zinismoa ezagutzen ditugu.

Gure artean damutuen adibide paradigmatikoa E.E. litzateke,. Demokrata berrien karraz, haiek ere jazarpen antiterroristan gailendu dira, Nondik ez dugun joan behar erakutsi digute.

Nolakoa da barkamen iraultzailea? Hasteko, gure erruak eta akatsak onartzea eskatzen digu. Inolako baldintzarik edo ordainik gabe.Eta onartze horrek bi ondorio ekartzen ditu: lehenengoa, biktimei baita herriari ere barkamena eskatzea. Zintzotasun osoz, inolako azpildurarik gabe, baina biktima mendekatzaileen aurrean makurtu gabe. Nork ez daki zer dagoen biktima horien atzetik! Bigarrena, gure okerrak zuzendu eta gure herriaren aldeko borrokaren bidean jarraitzeko konpromisoa. Barkamen iraultzaileak, bada, borrokatzeko konpromisoa kemen eta erradikaltasun gehiagoz berresten du. Izan ere, gure akatsak ez dira etorri erradikalegiak izatetik; aitzitik, okertu bagara, kontserbadoreegiak izanagatik izan da; hau da, sen kritikorik gabe behialako teoria iraultzaile zaharkituei temati eutsi diegulako.

Damutuen barkamenak mendekotasuna eta morrontza areagotzen du; barkamen iraultzaileak, ordea, herri baten askatzeko ahalmena sendotzen du. Horregatik ez diogu inolako beldurrik izan behar biktimei eta herriari gure barkamena eskatu eta eskaintzeari. Gure barkamena ezin da izan demokrazia neoliberal eta neofrankistan sartzeko atea; ustezko demokrazia horren aurkako borroka jarraitzeko bidea baizik. Ez dugu barkamena eskatzen eta eskaintzen , damutuek bezala, iraultza bertan behera uzteko; aitzitik, totalitarismo berriaren kontrako borroka berpiztu eta bultzatzeko. Horretarako, ezinbestean, gure teoria eta estrategia iraultzaileak zaharberritu eta eraldatu beharra dugu.

bertsolariak
Galo

FILOSOFO OHIA