Euskaltzaindia lider? Seriotan, arren!

Zinezko enpatia sorrarazten duen ekimen euskaltzale baten korolario gisara, Euskaltzaindia proposatu izan zaigu euskararen esparruan (eremuan?) eskas omen dugun lidergoari heltzeko eta aurrerantzean euskaldun guztion gidari, sustatzaile eta animatzaile sutsu izan dezagun normalkuntzarako bidean.

Baietz erantzun dio Euskaltzaindiak erronkari eta, beste ezer hoberik ezean, “Euskara biziberritzeko erronkak aztertzeko mintegia” antolatu du otsailerako, Parisen burutu berria den klimaren inguruko batzarrean ez bezala, gure hizkuntzaren egoeraz eta etorkizunaz berandu baino lehen hausnartzen hasteko.

Euskaltzaindia lider? Seriotan, arren!Esan gabe doa gaizki legokeela pentsatzea Hizkuntza Gutxituei buruz, Donostian, heldu den urtean, burutuko den bilkurari itzala egiteko baliatu nahi izan dezakeela sektore batek baino gehiagok Euskaltzaindiaren mintegia, eta, jakina, ez dugu horrela pentsatuko.

Soil-soilik elkarren osagarri izan litezkeela imaginatuko dugu, hemen, gurean, ez baitaude sobran hausnarketak eta errealitatea aldaraztera eraman dezaketen ekimen teorikoak.

Ongi etorriak, bada, guzti-guztiak!

Baina hori aitortu bezain azkar, bihoaz segidan hiruzpalau ohar litezkeen hausnarketetan laguntzeko, argi emateko eta, azken finean, Euskaltzaindiari horrelako erantzukizunak egotzi dakizkiokeen baloratzeko.

HIZKUNTZ EGOERA

Honako hau baino foro egokiagoetan plazaratu dira jadanik gure hizkuntzaren egoeraz hausnartzeko zioak eta irizpideak.

Baina gehiegi orokortzeko arriskuaz oharturik bada ere, argi dago Euskara –horixe baita hainbat euskaldunentzat GURE HIZKUNTZA– desagertzeko parametro latzenetan murgildurik dagoela. UNESCOk berak dio hori, ez guk.

Eta egoeraren larria hiruzpalau zertzeladatan erakutsi daiteke (honetatik at utziko ditugu faktore demolinguistikoei dagokien arazo larria, euskaldunok oraindik ez baitakigu zer den larrua eta haren garrantzia…).

Hona horietako zenbait.

1.- Indartsu sentitzeko eta agertzeko moduko hizkuntza bat eta bakarra izan beharrean –honetan, bederen, eredugarri izan behar genituzke estatu hegemonikoak–, gurean elkarren artean borroka doilorrean dauden bi moldetan banatua dugu euskaldungoa: noranahiko hizkuntza bateratu, gaitu eta aberats baten aldeko apustua egiten dutenak, batetik, eta identitate-emaile pueblerinoa eskaintzen duten hamaika azpikode txiro iraunarazi nahi dituztenak, bestetik. Edo beste modu batean adierazita, kultur eragile moderno, landu eta iraunkor izan nahi dutenak eta, pare-parean, nostalgiaz beteriko zabar analfabetoen multzoa. Hizkuntza estandarraren garrantzi linguistikoaz eta soziopolitikoaz ohartuak direnak eta, beste aldean, inolako etorkizunik gabeko hizkuntz akrazia sustatzen saiatzen direnak.

2.- Euskaldungoaren barnean bi komunitate antolatzen ari gara horrela.

EuskaltzaindiaBi jarrera nagusi atzematen ari baitira gurean, maiz asko elkarren artean talka bortitza egiteaz aparte mugak sortzeko ere erabiltzen direnak: alde batean, euskaldunberriak eta euskaldun berriztatuak (kode artifizialekoak eta piperrik gabekoak, beste aldekoek diotenez), eta aurrean, berrehun hitzeko kode lokala, urria, zehazgabea, ikusmira laburrekoa duten euskaldunzabarrak. Euskaraz idazten saiatzen direnak, prentsa euskaraz irakurtzen dutenak, zuzentasunez aritzen direnak… eta, beste aldean, gaztelaniaz idatzi eta correo bezalako prentsa glotofagoak irakurtzen dituztenak, betiere zabarkeriari hizkuntzaren “naturaltasuna”ren estatusa ematen dioten bitartean. Azken finean, kode estandarrean ezin hobeto ibiltzen ikasi dutenak eta, aurrez aurre, herriko kode “natural” horren eskasiaren aurrean gaztelaniara jotzea nahiago dutenak. Bi jarrera-multzo, bi mundu, bi kontzepzio hizkuntzari eta haren etorkizunari dagokienez.

3.- Euskara irakatsi egiten da, haur-gazteei irakatsi, ez gehiengo zabala osatzen duten gainerakoei. Eta aski garbi erakusten ari gara horrekin noraino sartua dugun itxaropen kristaua gure odolean: iritsiko da eguna zeinean denok jakingo dugun euskaraz…

4.- Eta hala edo hola –gehiago hala, ezen ez hola–, ikasi ere egiten omen da euskara gazteen artean (bego beste baterako A bezalako ereduez aritzearena). Baina ikasita ere, gero eta gutxiago erabiltzen da.

5.- Eta, ondorioz, ez da erabilera-esparrurik finko sustatzen, ez eta berririk ere konkistatzen.

6.- Eta ohiko esparruetan erabiltzen denean ere, gainerako hizkuntzen (batik bat, gaztelaniaren) interferentziez josita uzten dute BEREN hizkuntza hiztunek. Berdin “euskaraz bizi gara” udalerrietan zein Ebro aldekoetan, berdin zaharren artean zein gazteenetan, berdin emakume zein gizonetan.

7.- Antzerki total batean bizi gara euskaldunok, simulakro huts batean, eta, antza denez, gustura bizi gainera, itxaropen idiotiko batean, inoiz euskara normaltzea esperoko bagenu bezala, berez normalizatuko balitzaigu bezala.

Esan bezala, irakaskuntzarako hizkuntza huts bilakatzen ari gara euskara. Haurrentzat baino ez da derrigorrezkoa; beste inon ez da ezinbestekoa, ezta beharrezkoa ere; ezta arnasgune bide diren gune euskaldunenetan ere.

Gehienik ere, “puntuatu” egiten da oposaketa zenbaitetan. Beste kontu bat da euskara “puntuatua” izan duten horiek gero eramango duten praktika, gizartearen inoizkako presio lausoa kenduta, inongo agintarik ez baitie ezer eskatuko.

Eta dugun hizkuntza politika euskaltzaleak –momentuz EAEkoa besterik ez baitugu– balio duena baino ez du balio: hogeita hamabost urte arian eta gero… euskara normalizaziora eramateko lidergo baten premia aldarrikatzen!

Heu, heu, ubi est auxilium meum, ubi est Salvator noster?

LIDERGOAREN BEHARRA

Zalantza izpirik gabe, EAEn Eusko Jaurlaritzak du hizkuntza lidergoaren erantzukizuna. Eta Nafarroan, bertako gobernuak (bestelakoa da Iparraldeko egoera, eta bestelako tratamendua behar litzate horretan ere).

Besterik ezarri bitartean, horrela dugu antolatuta mendebaldeko demokrazia direlakoetan: gobernuek dute gizartea arautzeko eta bizitza ziurtatzeko erantzukizuna, eta gobernuek dute, besteak beste, hizkuntzen gaineko ardura nagusia.

Egia da Gizarteari berari dagokiola azken erantzukizuna, baina ezaguna da, orobat, Gizartea izaki abstraktua baino ez dela ardura zehatzak hartzeko orduan. Eta benetako eragileak, eragile zehatzak behar dira horrelako dinamik sozialetarako. Haiengan delegatu ohi da erantzukizun soziala. Eta horrela dugu guk ere laurogeiko hamarkadaren hasieratik ezarria.

Beraz, Euskararen indarberritzeko prozesuan ardura, hala edo hola onetsia litekeen bakarra, instituzio politikoena da, EAEn Eusko Jaurlaritzarena. Eta ez, inolaz ere, Eusko Ikaskuntzarena edo Euskaltzaindiarena.

INSTITUZIOEK KONTROLATZEN EZ DITUZTEN LIDERGOAK

Gobernu politikoen ahuleziak eta gabeziak direla eta, Herri honek mila modu interesgarritan artikulatu nahi izan du orain erreguka bezain era desbideratuan eskatzen ari garen lidergo hori.

KONTSEILUArena izan da premia horren azken gorpuzte esanguratsua, erdi zapuzturik geratu dena, egia aitortzeko.

UEMA bera ere (erakunde publikoetatik hainbeste eta hainbeste laudatzen diren “arnasgurne” horietatik beretatik sortutako lidergo-ekimena) eginkizun osagarri horretan lebilke torpedeatze politiko zuzenik izan eta izango ez balu.

Zeren eta gogoratu beharrekoa da ekimen horiek guztiak jaiotzezko eragozpen batekin gizarteratzen direla Herri honetan. Ia salbuespenik gabe, gainera.

Alegia, instituzioetatik kontrolatzen ez diren pisuzko mugimendu autonomoak inoiz ez dira izan orain arteko gobernarien (ez da toki guztietan hala gertatzen, baina gurean bai) gogoko. Batetik, gobernariek kontrolatzen ez dituztelako, eta, bestetik, protagonismoa eta are, ekimena bera ken diezazkieketelako. Eta hori ez da onargarria haientzat.

Egunotan oroitarazi digute, esate baterako, Egunkariaren sorreraren kontua, eta alfabetatze-erakundeena, eta beste zenbaitena.

Hori dela eta, hemengo politika instituzionaletan ohiko bilakatu da mugimendu autonomo oro printzipioz susmagarritzat hartzea eta, ondoren, haien aurka jokatzea, faktore eragileak hizkuntzaren normalkuntzaren atalekoak badira ere.

Odol kutsatu gabearen proba gainditu behar izaten da nahitaez hemen, eta betiere DNAren baitako kromosoma zenbait alde batera okertuak daudela erakutsi. Hori frogatu bitartean, hobe urkamendia begi-bistatik ez galtzea.

Gurean, bai EAEn eta bai Nafarroan, odol mota horretako bizpahiru erakunde baizik ez lirateke susmagarri –eta, gero, urkamendira eramanak– gertatuko.

Zein diren horiek, euskararen inguruan dihardutenak, hizkuntzaz interesatuak, transkomunitarioak eta nolabaiteko suzi sinbolikoa bederen har lezaketenak?

Europako hizkuntza gutxituen kongresuaren antolamendua zela eta, egungo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak Donostiako 2016 Fundazioari jarri zioten helegitearen inguruan eta inguru-abarretan aurki daiteke erantzuna: Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza (EHU ere aipatua izan zen, baina, gure kasu honetarako, ez du betetzen hedapen geografikoaren baldintza), haiek izan baitziren zinezko erakunde aseptiko, desideologizatu, neutro, garbi, inpoluto gisara proposatuak.

Ordurako hartan buru-belarri ziharduen Kontseiluari, berriz, pedigree nahasi-susmagarria antzematen zitzaion.

ZER DA EUSKALTZAINDIA?

Demokratikoki aukeratua ez den erakunde teknikoa, hizkuntzaren corpusaren problematika bideratzeko sortua. Hori guztia, baina ez besterik.

EuskaltzaindiaEz da, beraz, hartan sofokraziarik edo nookraziarik ikusi behar. Haren eginkizuna, filologikoa, gramatikala, literarioa, arauemailea da. Eta kitto. Eta asko da hori guztia betetzen badu.

Eta ez da gizarte baten lidergo politiko-linguistikoaren lekukoa aitzinatzeko jaioa.

Eta ez dugu horretarako nahi.

Arrazoi askorengatik.

Esana dugu lehena: gizarte moderno batek ezin ditu demokratikoki hautatua ez den jendearekin zeharo politikoak diren ekimenak onetsi. Bizitza guztirako hautatuak diren euskaltzainek ez dute zertan ontasunaren, garbitasunaren eta zuzentasunaren presuntzioa izan. Eta, geroago ikusiko dugun moduan, bada mendea betetzera iritsi daitekeenik.

Gainontzeko jendea bezalakoa da politika-hautuetan. Badira gaztelaniazko kazetak gogokoago dituztenak beren artikuluetarako, eta badira euskal herri-mugimenduetan txertatuago daudenak; badira egungo gobernuan dagoen alderdiarekin lotura ezin estuagoak dituztenak, eta badira bestelakoak ere; bada gizarte eta kultur lobbyetatik ezin hurbilago dagoenik eta ia ez dago –adibide bat besterik ez da– Kontseilura hurbilduko ere egingo litzatekeenik; badira Euskara lanbide aseptiko bilakatu dutenak, beren esparru espezializatura mugatzen direnak, hizkuntzaren estatusaren arazoa beren eraginetik urrunegi ikusten dutenak, eta baita, nola ez, hizkuntza gutxitu honen errealitatea aldarazten urteak eman dituztenak ere.

Nahasiegia egoera, inork hautatu gabe, gizarte-lidergoa har dezaten

Baina ez da horretan bukatzen eragozpena. Bada besterik.

Eta ez dugu hona ekarriko erakunde publikoetatik jasotzen dituen laguntzek sorraraz liezaioketen herstura larriaren arazoa.

Askoz ere grafikoagoa den beste batekin bukatuko dugu atal hau.

2015eko amaieran, euskaltzain gazteenak 53 urte ditu eta zaharrenak 94 urte.

Une honetan dauden hogeita zortzi euskaltzainetatik erdiak 65 urte baino gehiago ditu, eta hurrengo hilabeteetan beste hiruzpalau gehiago iritsiko zaizkie adin probekto horretakoei.

Datu esanguratsua: euskaltzainen batez besteko adina 66,68 urtekoa da.

Gerontokraziak, jakina, beti izan dira interesgarriak, baina lidergo sozialetarako odol gorriagoa behar izaten da oro har. Zer esanik ez, hizkuntza bat berpizteko lidergo sendo eta irmoa proposatzen denean.

Gauzak horrela, noren gainean gera liteke, bada, Euskaltzaindiari urrezko azpiltxoan eskaini nahi zaion lidergo horren zama?

Zalantza gutxi horretan: ia ofizioz bezala, bizitza guztia lanbide hori izan duen euskaltzainari egokituko litzaioke hizkuntz estatusaren estrategia eta planifikazio teorikoaren prestakuntza. Alegia, orain artean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Plangintzetan aritu izan dena. Serioa eta eraginkorra, zalantzarik ez, baina dagoeneko ezagunegia dugun plangintza markets eta narriodun baten artifizeetako bat izan dena eta, areago, Jaurlaritzak egiten duena errepikatzetik urruti ibiliko ez litzatekeena. Irizpideak ezagunak bezain aldagaitzak ziurrenik: diglosiaren premia aldarrikatzen dutenak, kanpoko zein bertako hizkuntzen bizikidetza derrigortutik harago sinesten ez dutenak, hizkuntza politikaren gakoa etxeko trasmisioa ziurtatzera eta familia eta auzo euskaldunetarako sistema defentsiboa baino proposatzen ez dutenak… Eta, okerrago dena, ustez –nahiz presuntzio hutsa baino gehiago den–, egungo Politika gubernamentala berbideratzeko, azeleratzeko, aldarazteko –ez diogu, noski, haren aurka altxatzeko– nekez balio lezaketenak.

Amets txiki eta kamustuegiak eta duplizitatez beteak, nonbait, proposatzen den hizkuntz lidergoa Euskaltzaindiari oparitzeko.

Ez, beraz, gaineratu Euskaltzaindiari hizkuntz corpusaren arazoak bideratzeko eginkizunetik aparte dagoen beste ezer.

Aski luke horrekin guztiarekin eta dagoeneko Jagon sailari ezarriak dizkion helburuez gehixeago arduratuko balitz (euskara sustatzea, erabilera zabaltzea eta hiztunen eskubideak zaintzea), horiek betetzeko ezintasuna erakutsi duelako sortu baita, azken batean, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Kontseilua eta beste.

Eta eskertzekoa litzateke, halaber, hizkuntzaren estatusari buruzko etengabeko hausnarketa-lerro bat ireki eta, hartan, litezkeen hizkuntza politika guztiekin irmo eta kritikoki jokatuko balu.

Euskaltzaindiari ezin zaio konpromiso gehiago eskatu.

Edo bai?

NOLA JOKA LEZAKE EUSKALTZAINDIAK?

Bestelako lidergorik hartu gabe ere, Euskaltzaindiak baluke bere partida hizkuntzaren beste hainbat esparruetan jokatzeko aukera.

Lehenik eta behin, Euskara estandarrari une honetan ematen ez zaion garrantzia ematen eta bere baitan lan pedagogikoa egiten.

Erakunde gisa akaso bai, baina banaka harturik, asko dira oraindik horretaz jabetu ez diren euskaltzainak.

“Nik nerea egiten det; euskara batua euskaldunberrientzat”, “literatur bizkaiera behar dugu zubitzat” eta “ene deitura Haspicoetcheberryaguerre da” –aipuak ez dira literalak, jakina– bezalakoak ohiko dira oraindik euskaltzain zenbaiten ahoan.

Horrelakoekin ez da amankomunean (barka bekigu, baina ez gara ausartzen Euskaltzaindiak preskribatutako “komunean” esaten, zenbaitetan horrela bada ere), hots, horrelakoekin ez da amankomunean omen dugun hizkuntza bultzatzen, ez indartzen, ez sustatzen.

Inork besterik uste badu ere, sasieuskalkiak potentziatzen dira horrela, inora ez garamatzan akrazia linguistiko baten barnean kokatzen gaitu horrek. Baina ez dugu hemen, bidenabar bada ere, euskalkiei eta azpieuskalkiei eta euskalki osatuei eta beste euskalkikiei buruz mintzatzeko betarik. Jokamolde batzuek ahalbidetzen dituzten joerak nabarmentzea baino ez dugu nahi hemen. Zeren eta, inor gutxi ohartu bada ere, joera horiekin pribilegiatu egiten dira ezer ikasi nahi izan ez duten hiztun zaharrak, berdin zabarrak zein bostehun hitzeko mintzalari analfabetoak. Zuritu egiten da hiztun kezkagabe horien narraskeria txokofonikoa (luzaroan derrigortutako hizkuntza hegemonikoa erabiltzean inolaz ere agertuko ez luketena, bide batez esateko).

Eta betiere, euskara lantzen eta ikasten milaka eta milaka ordu sartu dituzten euskaldunberri estigmatizatu bezain ezinbestekoen kaltetan.

Horixe da egiten ari garena, egiten ari direna.

Bestelako lidergorik hartu gabe ere, Euskaltzaindia bezalako erakunde batek ezin du inolaz ere ahantzi bizirauteko formulatzat onetsi zuela Herri honek hizkuntzaren estandarizazioa. Eta Herri honek euskararen batasunaren aldeko apustua egin bazuen, hartara bideratu beharko lituzkete urrats guztiak erakunde orok, horixe baita, inguruko Estatuek aspaldi ikasi zuten bezala, hizkuntza baten arrakastaren lehen gako nagusia.

NORI DAGOKIO LIDERGOA?

Erkidegoetako gobernuei dagokie lidergo hori hartzea.

Demokratikoki aukeratuak izan dira gauza publikoa kudeatzeko eta, tartean, bertako hizkuntza gutxituaren normalkuntza prozesua bideratzeko.

Ez Euskaltzaindiari, baizik eta EAEko eta Nafarroako gobernuei dagokie euskararen estasusaren ardura. Haiena da planifikatzeko erantzukizuna.

Hori bai, ahalik eta demokratikoen jokatuz eta, Euskararen Aholku Batzorde politikoki ezin interesatuagoak gorabehera, euskararen normalkuntzan diharduten erakundeei parte hartzeko aukera errealak eskainiz.

Utz dezagun, beraz, Euskaltzaindia estatutuen arabera dagozkion eginkizunak betetzeko.

Jar ditzagun abian Hizkuntza Politika eta Plangintza ororen kontrola, ebaluazioa eta kritika egiteko erakundeak.

Guztiok irabaziko genuke horrela, besteak beste posiblea litekeelako Hizkuntza Politika ilusionagarriagoa eta Hizkuntza Plangintza eraginkorragoak burutzen hastea. Eta agian, bidenabar, Euskal Herrian euskaraz aritzea normaltzen has litekeelako.

(K. S.)

http://klig.blogariak.net

Euskaltzaindia lider? Seriotan, arren!

4 pentsamendu “Euskaltzaindia lider? Seriotan, arren!”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2015-12-18 10:18

    1. Niri ere ez zait Euskaltzaindia egokiena iruditzen halako prozesu bat gidatzeko. Baina zinez eskertzen diot zezenari adarretatik heldu izana, eta 500 lagun inguruk eskatu ildoan, eztabaida gunea eskaintzea datorren otsailerako.

    Nolanahi, esan nahi nuke, bere -eta gure- arazo guztiekin, eta bere -eta gure- muga guztiekin, Euskaltzaindiak nahikoa ongi erantzun diola 1918an hartutako konpromisoei, eta aitorpen hori merezi duela, bera bakarrik ibili ez bada ere, noski, saiakera horretan.

    Eta euskaldun euskaltzaleon aurrerabideko proposamenen bila hasteko, ez zait biderik zuzenena iruditzen orain arte euskaldunon ikur bateragarrienetakoa izan den Euskaltzaindia jipoitzea artikuluan egiten den bezala.

    2. Proposatzea artikuluan egiten den bezala ‘gobernuei dagokie[la] lidergo hori hartzea’, iruditzen zait gizartea ez ulertzearen ondorioa baino ezin dela izan. Gobernu batek ez dituelako, edo behintzat ez lituzkeelako soilik komunitate baten interesak defenditu behar, nahiz eta kasuan bezala, euskaldun euskaltzaleon komunitatearen interesak izan.

    Eta gaur egun euskaldun euskaltzaleon komunitatea gutxiengo murritza garen neurrian, ez da batere zaila, gobernuek, bere esku utziz gero gure interesen defentsa, hauek defendatzea Nafarroa Garaiko eremu ‘misto’ eta ‘ez-euskaldunetan’ defendatu diren gisa azken 30 urteotan, edota Frantziako gobernuak egiten duen bezala gure Iparraldean, edo frankismoak Hegoaldean egin moduan 40 urte luzez eta geroztik ere oraindik Espainiatik etengabe jasaten ditugun erasoetan.

    3. Euskaldun euskaltzaleok, euskaldun bihotzekook, geuk antolatu behar dugu geure interesen defentsa, eta egun Euskal Herrian bizi garen komunitate linguistiko desberdinen arteko elkarbizitza demokratikorako finkatu beharreko arauak proposatu -esan beharrik ez, nire ustez ere, gaur egun Euskal Herrian bizi garen komunitate linguistiko desberdinen arteko elkarbizitza arauak ez direla demokratikoak, ez Iparraldean, ez Nafarroa Garaian eta ezta EAEn ere, eta horiek aldatu beharrean gaudela, kontsentsu sozial ‘demokratiko’, edo behintzat orain baino ‘demokratikoagoa’ eskuratzeko-.

    Esan ere bestetik, orain artean halako izenez jaio diren erakunde hainbatek -eta baten bat aipatzeko, artikuluan aipaturiko Kontseilua edo UEMA- ez dutela lortu euskaldun euskaltzaleon erakunde bihurtzea, eta sektore politiko jakin baten ispilu bihurtu direla. Eta seguru asko bilakabide horren ‘kulpak’ askoren artean banatu beharko liratekeela, baina abiatu gaitezke, denok ere, iragana zuritzetik, edota etorkizuna elkarrekin eraiki nahitik. Nik, nahiago azkena.

    4. Gure norabideak jorratu behar ditugu orain ere euskaldun euskaltzaleok, orain 40 urte bezala, eta hemendik 40 urtera ere jorratu beharko ditugun bezala. Eta besteen deskalifikazioak baino, goazen pixkanaka proposamen positibo egingarriak prestatzen. Galdera hori da: Nola sendotu, nola iraunarazi komunitate euskaldun bere buruaz harro dagokeen bat gaur eguneko gizartean eta gaur eguneko baldintzetatik abiatuta, Iparraldean (Kostan, Barnealdean…), Nafarroa Garaian (Iparraldean, Erdialdean, Hegoaldean…), EAEn (Iparraldean, Mendebaldean, Hegoaldean…).

    Euskaltzaindiak otsailerako egin deialdia izan liteke bide horren beste etapa bat, euskaldunon artean onarpen handiena duen erakundearen eskutik seguru asko. Goazen denok ere hara gure proposamenekin. Ez inor irabaztera, zapaltzera. Nahikoa lan daukagu, inor jipoitzen ibili beharrik gabe, aurrerako irtenbideak bilatzen. Ze, ziur, erraza eta erregalatua behintzat ez daukagu.

    • Asmo zintzo bat balego deialdiaren atzean arrazoi emango nikek. Premisa ordea ez zeukeat batere garbi. Ez zuke aurreneko aldia, honelako deialdi bat egiten dena, aurrez petit komitean prestatutakoari zilegitasun barniza emateko. Eta deialdi honen aitzingibelak ikusirik ez zioat batere usain onik hartzen.

      • Bittor Hidalgo 2015-12-21 15:37

        Nik dakidantxoan Euskaltzaindiak ohi duenerako zalu eta modu positiboan erantzun ziok Patxi Saezek abiatutako galdeketa eta emaitzari. Eta dakidala, ateak zabaldu dizkik nornahik bere ekarpena eskaini dezan jardunaldirako. Ezagutu dizkiat deialdi ilunagoak. Baina hamaika ikusteko jaiotzekoak garenez…, agian izango duk arrazoi.

        Ordea arrazoiren bat ematea ere, zalantzan jarri ahal izateko zer dela eta ez dagokeen -hire ustez- “asmo zintzo bat […] deialdiaren atzean”, ez huke gaizki egongo. Bestela, mezua, hasteko, itsusi samarra begitatzen zaidak egia esan.

        Eta azaldu beharko huke ere zergatik izan litekeen hain zuzen deialdi hau asmo ez zintzokoa, hire ustez beti noski , antzeko hausnarketak bideratzen ari direnean euskalgintzaren beste hainbat abiapuntutatik ere…

        Ondo izan!

  • Beti euskararen kontra (ERRAMUN OSA, Argia, 1989-II-28)

    30 bat urte barru eta Frantses estatuaren hizkuntz politika aldatzen ez bada euskara desagertuko da Iparraldean. Hego Euskal Herrian, berriz, badirudi euskararen etorkizuna ez dela oparoagoa izango.

    Administrazioek, halako batean argi eta garbi utzi dute zein den beraien euskararekiko jarrera, Euskal Herrian bizi garenon hizkuntza nazionala akabatu, helburu hori lortzeko duten oztopo bakarra herri honen nahia eta nahi horren isladapena diren herri iniziatibaz sortutako herri-erakundeak direlarik.

    Euskararen berreskurapenean sutsuen eta indar gehien sartuz aritu izan den AEK, administrazioek akabatu nahi dute. Baskongadetan HABEren bidez eta Nafarroan HABEren antzeko lege baten bitartez. Lotsagarria da, benetan herri honen nahia kontutan hartu gabe eta are gehiago herri honen dirua erabiliz AEK ordezkatu eta apurtu nahi izana.

    Bukatuak dira, 79an Valenciako kongresuan Txabarri (oraintsu arte HABEren zuzendaria eta egun PNVren buruetako bat) eta Amatiñoren hitzak. Orduan esaten bait zuten euskararen berreskurapenari ekiteko instituzioen eta herri iniziatiba uztartzea nahitaezkoa zela, edota beste bat non esaten zen Administrazioek ez dutela herri iniziatibaz sortutakoa ordezkatu behar.

    Errealitateak, ordea, bestelako iharduna erakutsi digu. AEK-k erein duen lekuetan administrazioak AEK indartu eta bere lana aurrera eramateko medioak eskeini beharrean, AEK baztertu eta diskriminatu du. Administrazioak demanda osoari erantzun beharrean, demandaren parte bati soilik erantzun izan dio, gainerakoek beren poltsikotik ordaindu behar izan dutelarik beren euskalduntze edo alfabetatzea.

    Administrazioak dohaintasuna aldarrikatu beharrean, Eibarraldeko AEKri uda parteko ikastaroetan 4.500 pzta ‘soilik’ kobratu zuelako ez dio inolako dirulaguntzarik emango (Udal-Euskaltegiak, ordea, nahi duen beste diru izango du bai udala zein HABEren partetik nahiz eta 3500 pzta kobratu).

    Aspaldian euskara galdua den zonaldeetan, hirietako auzoetan, zonalde euskaldunetan… 48 ikasletik beherako gau-eskolek ez dute subentziorik jaso eta jasoko. Bizkaian 26 gau-eskolek aurten ez dute, beraz, subentziorik. 8 ikasletik beherako taldeek ez dute inolako dirulaguntzarik izango. Euskalduntze-alfabetatze lana suspertu beharrean berau oztopatu eta ahalik eta traba gehien ezarri nahi du administrazioak.

    HABEren ekinbidea, hasera haseratik, euskalduntze-alfabetatzea kontrolatzea, burokratizatzea, eragoztea izan da. Helburua, agerian dago euskararen berreskurapena eta normalizazioa moteltzea eta geldi araztea.

    Zergatik akabatu nahi dute AEKrekin: Iparraldetik hasita Ebro ibairaino hedaturik dagoen erakunde bakarra delako? euskaren egoera normalizatzeko herri gisa zor zaigun errekonozimendua nahitaezkoa dugula aldarrikatzen duelako? AEK-k gestio demokratikoa bultzatuz bere izaera publikoa aldarrikatzen duelako? euskara irakasten ez eze euskara erabilia izan dadin saiatzen delako? gure hizkuntza nazionala ikasteagatik ogerleko bat bera ere ordaintzearen kontra dagoelako eta beraz, dohaintasuna momentuoro exigitzen duelako? Herri hau, bere hizkuntza nazionalaren berreskurapenaren subjetua dela esaten duelako? Euskararen alde egoteko modu bakarra euskara ikastea, euskara erabiltzea eta euskararen alde eragitea dela esaten duelako?

    Baina, oker ibiliko ginateke AEKren kontrako erasoak soilik aipatuko bagenitu, UEU ere hortxe dago itotze ekonomikoaren bidean, ARGIA aldizkariari aplikatzen dioten subentzio politika, betiere ARGIAren lana oztopatu asmoz, hortxe dugu Euskal Eskola Publikoaren auzia, euskaraz bizi nahi duten udalerrien kontrako errekurtsoak… Azken finean, frankismoaren geroztik gauzatutako euskararen aldeko herri mugimenduaren kontrako erasorik bortitzena gauzatzen ari dira, betiere, noski, demokrazia santuaren izenean.

    Baina guzti honen atzetik ez daude instituzioak soilik. Abertzaletasuna aspaldian ahazturik duten partiduen hizkuntz politika dugu ere. Hortxe dugu PNV, eskuineko eskuaz AEKrekin, paktua sinatu eta ezkerrekoaz (HABE) AEKri erasoka, lotsagabeki AEKri iruzur egin gero sinatutakoa ahazteko. BATEGINIK kanpainan mehatxuka, boikoteoan eta gezurretan eta azkenean herriak burututako kanpaina horretako emaitzak Estrasburgen entregatzerakoan figuratu nahian. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, Gasteizko gobernuaren jestoreak oraintsu arte izanda, nahiz eta orain bestelako izena erabiltzen duten aipatutako eraso politakaren gauzapenean eragin eta inplikazio zuzena izan dutenak, beraz, erantzule direnak ere. Euskara itotzen ari den marko juriko-politikoaren defendatzailerik sutsuenak dira euskararekin eta herri mugimenduarekin akabatu nahi dutenak, ez ziur aski herri honen interesak kontutan hartuta alajaina!

    Aurrekoek asmatutako tresnak oinarritzat harturik, Nafarroan, nafarren hizkuntza ito nahi dute, badakite jakin, Euskal Herria Nafarroa gabe ez dagoela egiterik.

    Baina, argi euki dezagun guztiok eraso guztien gainetik euskararen aldeko herri mugimendua aurrera joango dela. Argi euki dezagun, AEK-k bizirik iraungo duela, iraun behar duela, azken finean AEKrekin soilik ez dago Euskal Herria berreuskalduntzerik baina agerian dago AEKrik gabe euskara berreskuratzea ezinezkoa dela.

    Frankismo garaian herriak euskara aurrera atera zuen bezalaxe, egun, herriak hartu behar izango du (instituzioen laguntzarik gabe zoritxarrez) euskara berreskuratzearen zama, eta bere barrenetik sortutako herri-erakundeen defentsa. Herkideok duzue hitza.