Euskalgintzak babesa agertu dio Euskaraz Bizi Egunari

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Apirilaren 13an Agoitzen egingo den Euskaraz Bizi Egunak euskalgintzaren babesa jaso du gaur. Alta, Iruñean egindako agerraldiak utzi du bestelako albisterik. Izan ere, oraindik ezagutzera eman gabe zegoen jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoaren egitaraua. Auzolanetik sortutako Euskaraz Bizi Egunaren nondik norakoak agertu ostean, euskaltzaleak Agoitzera eramateko EHEk prestatu duen spot “berezi eta ezberdina” aurkeztu dute euskaltzaleek.

Agerraldi honen bitartez, Euskal Herri euskaldunaren aldeko lanean bidelagun ditugun euskalgintzako kide eta eragileekin batera, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatu nahi diegu berriz ere euskaraz bizi nahi duten guztiei.
Izan ere, Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.
Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egin eta jendartean eragitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin baititzakegu euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan dadin Euskal Herri osoan. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea, espaloitik ez jaistea, ezinbestekoa da horretarako. Hauxe da apirilaren 13ko egitasmoaren leloa “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” izatearen arrazoia.
Auzolanetik sortua
Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten laugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Iaz,  Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto EBEak. Etxarri-Aranatz, Gernika-Lumo eta Donostia izan dira, beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

Aurtengoa bezala, aurreko Euskaraz Bizi Egun guztiak sortu ditugu auzolanetik, tokian tokiko euskalgintzarekin eta eragile sozial zein kulturalekin batera. Aurtengoa bide beretik joango da. Eguneko egitarauari dagokionez ere, lan handia egin dugu Agoizko eta Nafarroa Garaiko ekialdeko eragileekin hauen parte-hartzea bilatzeko. Gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu hemendik, Agoizko udala barne, egitaraua osatzen eta eguna aurrera ateratzen laguntzen ari zaizkigunei.
Horrekin batera, Euskal Herriko herri eta auzoetako euskalgintzarekin eta bestelako eragileekin harremanak abiatu ditugu egitasmo honen berri eman eta “espaloitik ez jaistearen” aldeko ekimenari atxikimenduak gehitzeko asmoarekin. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu gaurkoan gurekin diren Sortzen-Ikasbatuazeko Garikoitz Torregrosa, Topaguneko Oskar Zapata, AEK-ko Helios del Santo, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Pello Marinelarena eta Kontseiluko Maite Indari deialdi honi babesa agertzeagatik.

 

Egitarau oparoa
Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen.Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.

Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.
Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak.

Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.
21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

Spot “berezi eta ezberdina”

Euskaraz Bizi Egunera dei egiteko sortu dugun spot berezia aurkezteko baliatu nahi dugu gaurko agerraldia. Spot berezia da, ezohikoa, deigarria. Egun dezente ezezagun izaten jarraitzen duen hondarrarekin egindako artean oinarritzen da.Txema Esteban marrazkilariaren eskutik, euskaldun izatearen  harrotasunez, espaloitik jaitsi gabe euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako bidea egin dezakegula irudikatu nahi izan dugu. Horrat emaitza.

 

agoitz, Euskal Herrian euskaraz, euskara, euskaraz, euskarazbizi
Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Zer duzu buruan “Euskalgintzak babesa agertu dio Euskaraz Bizi Egunari”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude