Euskaldunen odola, frantses bihurtzeko
Euskaldunen odola, frantses bihurtzeko
…
Eneko Bidegain
Hiru lagun hil ziren gaurko egunez, Verdungo gudu zelaian, duela ehun urte, 1916ko martxoaren 4an: Cadet Elizalde 22 urteko iholdiarra, Laurent Galkadet 34 urteko ainhoarra eta Jean Sabarots 36 urteko heletarra. Ordurako beste 38 euskaldunek galdu zuten bizia Verdungo gudu zelaietan, 1916ko otsailaren 21ean gudua hasi zenetik. Lehen Mundu Gerra zen, 1914an hasia eta 1918ko azaro arte bukatuko ez zena. Milioika lagun hil ziren, eta horien artean ia 6.000 euskaldun. Haietatik %10 bat Verdungo guduan hil zen; 1916ko apirilean eta maiatzean bakarrik, 300 bat euskaldun hil ziren.
XX. mendeko tragedia handienetarikoak zauri larriak utzi zituen Europan, eta baita Euskal Herrian ere. Lehen Mundu Gerra (1914-1918) edo “Gerla Handia” izan zen ordu arteko gerra guztien artean handiena eta lazgarriena. Hasieran Europa sartu zen gerran, eta mundu osora zabaldu zen gero. Gerra handi hartan, azken hamarkadetan egosi ziren beste gerra anitz nahasi ziren. Sua alde guztietatik piztu zen, eta azkenean, bolborategia lehertu zen.
Frantzian izoztu egin ziren ordu arteko kalapita politiko guztiak. Ipar Euskal Herrian ere Frantziaren alde egin zuten, Frantziako Errepublikaren kontra eta monarkiaren alde zegoen Eliza barne: Eskualduna Elizaren hurbileko euskarazko astekariak ahoan bilorik gabe defendatu zituen, bai gerra, bai Frantzia, bai batasun hori.
Gudua airez aire irabaziko zutelakoan abiatu ziren milaka euskaldun Baionako geltokitik. Mosela eskualdean zeuden euskaldunak, Touleko gazteluaren inguruak zaintzen. Eskualde berean, baina 50 bat kilometro urrunago hil zen lehen euskal herritarra, gerrako zaurien ondorioz: Joseph Andrieu bidaxundarra Luneville herriko guduan hil zen, 21 urtetan, 1914ko agorrilaren 14an. Hasiera baizik ez zen. Agorrilaren 20an, 47 euskaldun hil ziren, alemanen bonben eta tiroen azpian, Belgikako mugan, Faxe, Fonteny eta Viviers herrietan. Bi egun geroago beste 69 euskaldun hil ziren, eta hurrengo egunean beste 62. Hasiera txarra zen Frantziako armadarentzat eta haren aliatuentzat…
(Gudu hari buruzko testu osoa, bideo, argazki, mapa eta denbora lerro interaktiboz osatuta)
Hey Eneko, aldez aurretik, ederra egin duzu lana.
Atzo dokumental dotorea bota zuten ARTEn Michelin enpresari buruz, inondik ere I. Mundu Gerra bultzatzeko eta Frantzia zentralizatzeko ahalegin itzela egindakoa…