Bost krabelinek A-8 moztu zutenekoa

Bost krabelinek A-8 moztu zutenekoa

Gaur gure inguruko sare sozialak oroimenaz eta justizia eskakizunez beteta daude. Kartelak, bideoak, iritzi artikuluak, baita argazkiak ere. Azken hauetako batean bost krabelin gorri ikusi ditut, Gasteizen hildako langileen omenez. Beste bi lagun ere hil zituzten Gasteizen gertatutakoaren aurkako protestetan.

Bost krabelinek A-8 moztu zutenekoaBaina nik gaur beste bost krabelin gorriren bueltan hitz egin nahi nuke. Saioa, Asier, Ainara, Aritz eta Naroa.

2007an A-8 errepidea moztu zuten. Hori ere ez dezagun ahaztu. Herri honetan gazte antolakunde jakin bateko kide izateagatik, norberaren herrian ekimenak antolatu eta gazte problematikekin lotutako dinamikak martxan jartzeagatik (etxebizitza, lana, hezkuntza, gaztetxeak…) jendea atxilotu, torturatu eta espetxeratu dute. Bost krabelinek bidea moztu zuten salatzeko errepresioa ez dela bidea, eskubide zibil eta politikoen defentsan herritar batzuen egunerokotasuna pixka bat aldatu zuten. Herritarrei oroitarazteko bidegabekeria harrek bere horretan jarraituz gero, jendartearen egunerokotasuna oraindik eta gehiago aldatuko zela, okerrera.

«Desordena publikoengatik», bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak bakoitzarentzat. Ainara, Aritz eta Saioa ez ziren auzitegian agertu, eta horregatik eman du epaileak haiek atxilotzeko agindua. Salatu dute beren bizitzekin jolasten ari direla, kartzelaren mehatxua jada bederatzi urtez daramatelako euren bizkar. Epaiketara ez azaldu arren, egunerokotasunarekin normaltasun osoz jarraitzeko asmoa daukatela azpimarratu dute hirurek. Iluntzean, elkarretaratze eta manifestazioak egin zituzten hainbat herritan, eta auzipetuek ere hartu zuten parte.

Primeran oroitzen naiz autobidea moztu zen garaian martxoak 3ko urteurrena gogoratzen egon nintzela Gasteizen; baita grisen eskolako beltzek egurra banatu zutela ezker eskuin. Atzo jende gehiagok, kolore anitz eta pentsamolde ezberdinetakoak agertu zioten babesa ekimenari, eta hori objektiboki ona dela uste dut. Baina, hori esaten dudan moduan, oso garbi utzi nahi nuke gaur egungo bost krabelin hauek bizi duten egoera salatzen ez duenak, bere buruari engainu egiten diola. Gazte hauekin orain oroitu behar behar gara, ez hemendik urte batzuetara espetxetik ateratzen dituztenean. Langile borroka eta eskubide zibil eta politikoen aldekoa eskutik helduta doaz.

Amaitzeko, Topatuk gazte hauei duela hiru urte egindako erreportajea uzten dizuet.

P.D.- Naroa Ariznabarreta atxilotu dute Eibarren.

Bost krabelinek A-8 moztu zutenekoa DESOBEDIENTZIA

A-8, desobedientzia, gazteak, krabelinak, martxoak-3, ordoki

Zer duzu buruan “Bost krabelinek A-8 moztu zutenekoa”-ri buruz

  • Ez dut nik esango 2,5 urteko kartzela-zigorraldia neurrira datorrela. Kartzela-zigorraldirik ez litzateke ezarri behar honegatik. Baina, gazte horiek jakin beharko lukete A8a, trenbidea edo beste edozein bide etenda lortzen duten bakarra dela haiek bezalako herritar arruntak izorratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude