Euskaldunen erresuma

Euskaldunen erresuma –

824an sortzen da Iruñeko erresuma, Ebro aldeko baskoi musulmanen laguntzarekin. Bi aitzindariak, Eneko Arista eta Musa ibn Musa, elkarren askazi dira. Baina horien ondokoek kartak nahasiko dituzte. Beraz nafar kristauek usu buru eman beharko dute mahomatar armaden erasoei. Guduka handirik galduko dute, hala nola Junkera Ibarrekoa 920an. Almanzor edo Al-Mansurrek euskaldunak sei aldiz erasanen ditu, bi aldiz Iruñen sartuz. Baina 1002an hiltzen da, eta ber denboran agertzen zaigu Antso Handia (1004-1035). Antso III. horrek Euskal Herriari aire puska bat emanen dio, gerlaz baino gehiago musulmanekiko tratuz eta kristau handikien arteko ezkontzaz.

Euskaldunen erresuma

Konpostelarako bidea Europari segurtatuko dio, arte erromanikoa zabalduko du, beneditar erreforma bere lurretan hedatuko. Hor euskaldunen indar nagusia Iparraldetik Hegoaldera pasatuko da, mila bat urtez hemen Garonaraino egonik, lehenik Akitania zaharrean, gero Novempopulanian, ondotik Baskoniako dukerrian, azkenean Gaskoniako printzerri subiranoan.

Ondoko erregealdietan Gaztelako erreinua beti barrandan egonen da Iruñekoari begira, hea zein lur, hiri edo gaztelu hartzen ahalko dion, eta zergatik ez, noiz bera osorik irentsiko duen. Emeki bada emeki, euskaldunen erresuma min bizi batek bezala janen du hegoaldetik eta mendebaldetik. Jarraian Gaztelak kenduko dio Gaztela zaharreko izkin euskalduna: Burgosko ekialdean, Atapuerkatik Ebrorako zatia; 1173an eskuin aldeko Errioxa; 1200 inguruan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Durangaldea; 1512an Fernando Katolikoak geldituko den hondarra hartuko du, eta 1515ean Gaztelari lotuko. Karlos enperadoreak 1530 irian Nafarroa Beherea ezin zainduz bazter utziko du, eta hau legezko errege-erreginen esku egonen da, Bearnoko jaurerri subiranoarekin batera… Baina goazen urraska!

Antso Azkarra (1194-1234) azken errege baskoia izan zen, hots euskalduna, zorigaiztokoa gainera. Gaztelako erregeak mendebaldeko hiru lurralde hartu zizkion: Araba, Gipuzkoa, Bizkaiko Durangaldea, eta hona nola: 1199an, nafar erregeak txango bat egin zuen Marokora, eta Gaztelakoa aukeraz baliatu zen Vitoria / Gasteiz hiriaren setiatzeko. Zazpi hilabeteren buruan, goseak tinkaturik, gasteiztarrek amore eman zuten 1200 urtean, Antsoren baimena erdietsi ondoren. Araba harturik, ber urtean Gaztelakoak Gipuzkoa beretu zuen baldintza ilunetan, eta Durangaldea. Bizkaiko Diego Lopez de Haro jaunak Gaztelako errege harraparia lagundu zuen. Gipuzkoarekin batera itsasorako bidea galdurik, Antso Iparraldetik beste aterabide baten aurkitzera lehiatuko da, eta laster lortuko du. Bere arreba Berengera esposatu duen Richard Coeur de Lion / Rikardo Lehoibihotzak eman dio Lapurdi lurraldeko ekialdea, berantago Nafarroa Beherea edo Baxenabarre deituko dena, eta horko ibaiak Aturrira jalgitzen dira. Laster Baiona Nafarroaren itsas portua izanen da gure erregeen eta Akitaniako duke ingelesen arteko tratuz. Haurrik ez ukanez, koroa Blanca arrebaren semeari utzi beharko dio, hots Champagneko jaun konde gaztea den Thibaud / Teobaldo 1.ari. Hori bezala, ondoko subiranoak franko-nafarrak izanen dira, baina populua euskalduna da, «lingua navarrorum» mintzo du 1167ko dokumentu ofizial baten arabera, eta XVII. mendean oraino euskara Nafarroako «lengua nacional» bezala ikusten du Jose Maria Jimeno Juriok bere «Navarra, Historia del euskera» liburuan.

Hortik ene titulua, «Euskaldunen erresuma». Badakit mendebaldeko hirur lurraldeetan, bereziki Bizkaian, herritar batzuk ez daudela ikuspegi horrekin bat, eta ulertzekoa da: horien arbasoak Gaztelako erregeen azpiko zeuden Erdi Arotik, eta behin baino gehiagotan Gaztela zerbitzatu zuten Nafarroaren aurkako gerletan, bereziki 1512ko konkistan eta horren ondoko guduetan: etsenplutzat hor dugu Iñigo Loiolakoa. Iparraldean ordea nafarrak gara: baxenabartarrak zuzenka eta «de jure», lapurtar eta zuberotarrak zeharka eta «de facto»: beraz hemendik ezin dugu historia mendebaldetik bezala ikusi. Euskal Herria ez da Bidasoan gelditzen, eta euskaldunak omen gara gu ere. Erran gabe doa?

Euskaldunen erresuma Euskaldunen erresuma

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

12 pentsamendu “Euskaldunen erresuma”-ri buruz

  • Jean Louis,

    Ceinen bicain açaldu duçun guztia!
    Euscaldun guztioc naffarrac gara.
    Euscal Herria Naffarroa da!
    Euscará naffarrerá da!
    Millioin bat esquer, bihotz bihotzetic.

  • Benat Castorene 2023-01-18 12:12

    Ni ez naiz nor artikulu hunen gorputza kritikatu edo berresteko eta badakitt datu fidagarriak daudela bertan, ezagutzen ez nituenak edo ahantziak.
    Aldiz bukaerako konklusioan “[…] naffarrak gara[…] lapurtar eta zuberotarrak zeharka eta « de facto” idazten duelarik , hori, zuberotarrei dagokienez ezdakit, Lapurtarrei dagokienez ordea iduritzen zait aldarrikapen biziki subjektiboa dela. Izan ere, nahiz Lapurdik luzaz onura ekonomikoa atera duen Nafarroatik eta betidanik Baxenafar asko jin diren Lapurdira, Lapurdiren Nafarroaren erreinuarekiko lotura politikoa biziki motza izan da eta Gipuzkoarekiko harremanak ere intentsoak ziren iraultza artio. Alta, ezbaniz makur, ezin da erran Lapurtarrek gerla egin dutenik Nafarroaren kontra Frantziako erregearen kondu edo gutiago euskaldun agertu zirenik. Ez ordean iraultza garaiko gertakarietan.
    Bueno, pentsatzen dut Davant Jaunak ez zuela baitezpada Enbatan kurtso erabat akademikoa egin nahi eta geitu dituela konbikzio pertsonal batzu.

  • Beñat,

    Solutionea da naffar bilhacatzea ala frances edo espainol modura jarraitu.
    Nafarrac ere naFFartu behar dirade, ecen orain espainol huts baitira.

    Berce irtenbide bat da hirurgarren mailan jolasten jarraitzea, euskara batua delacoaren spiritu suicidaz. Tiroac, çorigaitzez, bide malkar honetaric doaz.

    Adeitsuqui

  • Gehiago izan liteke, baina kontutxo bat baino ez, hagitz inportantea hala ere. Antso Nagusia, ez handia.

  • Beñat Castorene 2023-01-19 16:34

    Arratsalde on Josu,
    Gure herrian, aspaldi danik, euskaldun familia guzietan baxenafartarrekin oso nahasiak gira. Baigorriarrak edo urepeldarrak, baita baztandarrak ere guretzat ez dira mendiko kusiak baizik.
    Alta seguru naiz Iraultza baino lehen orduko euskaldunentzat goxoagoa zela bizitzea Lapurdiko foruenpean Nafarroako erreinupean baino.
    “Solutionea da naffar bilhacatzea” baldinbada, definitu behar zinuke zehazki, berriro bada ere, zer den zuzen Naffar bilakatzea guretzat.
    Adeitasunez

  • Beñat,

    Davant jaunac ederqui describatzen duena post honetan. Hori da naffar içaitea, hori defendatzea, aleguia.

    Euscaldun guehienec, badirudi frances edo espainol seguitzea nahiago dutela. Ez da nire problema.

    Adeitsuqui

  • Beñat Castorene 2023-01-19 22:55

    Berrirakurri dut artikulua.
    Eta ez Josu, sentitzen dut baina Davant Jaunak ez du batere deskribatzen zer den gaur naffar izaitea edo bilakatzea.
    Ez du iraganeko Nafarroako erreinuaren historia deskribatzen baizik.
    Bestetik, egia duzu badirudiela gaur hemengo probintzietako euskaldun gehienek nahiago dutela frantses segitzea.
    Horregatik esplikatu behar zaie absolutuki zer litzatekeen gaur naffar izaitea bestenaz pentsatzen ahalko lukete borrokan ararazi nahi ditutzula ertarako noble franko nafar baten jopu bilakatzeko.
    Adeitasunez.

  • Euskarak ez du, ez du behar, espainolezko ……Nafarroako Erresuma sortzen da, EZ. Sortu zen, eta hortik aurrerako guziak berdin. Hori ez da euskara.

  • Otoi! Ez erran euskaldunak euskaldunekin nahastu zaretela. Non ikusi da halakorik!

  • Nafar erresuma baino lehen euskaldunak ginen,nafar erresuman euskaldunak ginen,nafar erresuma eta gero,euskaldunak ginen. Bizkaia nafar erresuman sartu baino lehen, bere biztanleena zen. Nafar erresumaren gehiengoa euskalduna izanik,agintariek hizkuntza erromantzeen alde egin zuten. Konkista eta gero, Gaztelarekin erregea partekatzen genuen,baina estaduak bezala funtzionatzen ginen. Karlistadetan,7 urtez,estadu bezala funtzionatu ginen. Gipuzkoak ,nahiz eta egun batzuk iraun, independentzia deklaratu zuen. 36an Hego EHren zati bat estadu bezala funtzionatu zuen hainbat hilabetez,moneta eta guzti jaulkitzeko boterearekin. Ezin da historiaren zatiak soilik hartu nahi dugun emaitza atera dadin. Gure nazioa Euskal nazioa da. Nafar askean ere idatzita agertzen delarik. Heuscaldunak berze natione guztien artea ez garela hain basa” . Nafarrak, beste euskal lurraldeekin batzea bozkatu zuten. Lehenengoan Espainak,erlijioa aitzaki, galarazi zuen, bestean, bozketa faltsutu zuen. Ez dakit inoiz independentzia lortuko dugun edo desagertuko garen, estatuaren izenarengatik eztabaidatzea ez dago gaizki, hori ez bada aitzaki bezala erabiltzen gure batuketa galarazteko.

  • Garbi eta Aratz. Vasco batek nafar erresuma idazten du, hau da, bakarrik nafarrez osatutako erresuma, eta hizki xehez. Gaztela ordea hizki larriz izkribatu du. Nafar Estatua eta Nafarroako Estatua ezbaitira bergauza. Bizkai eta Bizkaia akastuna ez diren neurri berean.

  • Ez legoke gaizki gogoraztea, horretarako ongi datorkigu Argiaren egutegia, Barakaldoko juntakide bat, ez daukat gogoan mendea, kanporatu zutela Gernikako Juntaetxetik gaztelania, gaztelera ez baita euskara, ez jakiteagatik