Suizidioaren inguruko uste okerrak

Suizidioaren inguruko uste okerrak –

Mikel Garcia Idiakezek Argia aldizkarian.

Zer egin norbaitek pentsamendu suizida adierazten duenean? galderari erantzun diote “Suizidioa: XXI. mendeko beste pandemia” jardunaldietan, eta horretarako, suizidioaz dauden hainbat mito gezurtatu dituzte lehenengo, suizidioaren inguruan galdetzeaz, arreta deitzeaz, joera genetikoaz, inpultsibitateaz, osasun mentalaz…

Suizidioaren inguruko uste okerrak
Ez da beldurrik izan behar suizidioaz hitz egiteko, galdetzea prebentzio lana egitea izan daitekeelako.

Itsaso Rodriguez Domínguez eta Lorea Zulet Ruiz psikologoak aritu dira suizidioaren mitoez, EHUren Psikologia fakultatean.

– “Suizidioari buruz galdetzeak eta hitz egiteak horretara bultzatzen du”. Beldur eta kezka hori dagoen arren, pentsamendu suizida duenarekin suizidioaz hitz egiteak horretara bultzatu baino, lasaitzen lagundu diezaioke. Ez du esan nahi pentsamendua desagerraraziko denik, baina pertsona horri hitz egiten uzteak eta entzuteak emozionalki baretu dezake. Ez da beldurrik izan behar gaia mahaigaineratu eta galdetzeko, galdetzea prebentzio lana egitea izan daitekeelako, sufrimenduaz hitz egiteari ateak ireki eta beste erreminta batzuk garatzeko.

– “Suizidatu nahi duen pertsonak ez du esaten”. Batzuetan bai eta batzuetan ez, ezin da orokortu. Esaten bada, serio hartu behar da. Esaten ez bada, seinaleak egon daitezke.

– “Bere buruaz beste egiteko asmoa adierazten duen pertsonak benetan ez du burutuko”. Egia da batzuk ez direla ekintzara pasatzen, baina beste asko bai. Kontuak kontu, inportantea da entzutea eta ez epaitzea edo konfrontatzea, horrek ekar dezakeelako beste pertsona ixtea eta gugana gehiago ez jotzea.

– “Suizidio saiakerak dituen pertsonak arreta jaso besterik ez du nahi”. Jakina, suizidio saiakerarekin arreta eskatzen ari gara, baina hori ez da epaitzeko ezer edota ez zaio horregatik garrantzia kendu behar gertatzen ari denari: alderantziz, pertsona hori adierazten ari da laguntza behar duela, etsipen garrasi bat da.

Jakina, suizidio saiakerarekin arreta eskatzen ari gara, baina hori ez da epaitzeko ezer edota ez zaio horregatik garrantzia kendu behar gertatzen ari denari: alderantziz

– “Arazo larriak dituztenak baino ez dira suizidatzen; haurrak eta nerabeak ez dira suizidatzen”. Ez da egia, eta datuak hor daude: 15-29 urte arteko gazteen bigarren heriotza arrazoia da, eta autolesioak adibidez gero eta gehiago ari dira ugaritzen adin horietan. Suizidioa multifaktoriala da, ez du gauza bakar batek eragiten, eta larritasun mailaren arabera epaitzeak edota ikuspegi bakar horretatik begiratzeak bestearen sufrimendua gutxiestera eraman dezake. Gure gizartean ohikoa da besteak sentitzen duen mina gutxiestea, hainbesterako ez dela iriztea, eta kontu handiz ibili behar da halakoekin.

– “Suizidioak herentziazko osagaiak ditu”. Ez dago ebidentzia zientifikorik geneetan eramaten den zerbait denik. Inguruko baten suizidioaren aurrean dolu konplikatu bat eramateak bai eragin dezake sufrimendua, edota familian suizidioren bat gertatu bada, “ikasi” dezakegu hori dela arazoei aurre egiteko modu bat, errepikatu egin dezakegu, baina horrek ez du esan nahi joera genetiko bat denik.

– “Ekintza koldarkeriarekin edo ausardiarekin lotzea”. Kontuz heriotzei adjektiboak jartzearekin, berriro ere pertsona epaitzea dakarrelako. Jokabidea ezaugarri negatibo batekin lotzeak, gainera, pertsona isilaraztea baino ez du ekartzen.

– “Gizonek ez dute hainbeste sufritzen”. Ez da egia, eta gehiago dira beren buruaz beste egiten duten gizonak, emakumeak baino –nahiz eta emakumeen artean suizidio saiakera gehiago dagoen–. Emozionalki gehiago ixteko joera dute gizonek, kulturalki, eta esaten dutenerako sufrimendua handia izan ohi da.

– “Suizidioari ezin zaio aurre hartu, inpultsibitatetik egiten delako”. Kasu ugaritan ingurukoek diote ez zutela espero, bat-bateko zerbait izan dela, eta egia da beti ezin dela aurreikusi, beti ezin dela norbait “salbatu”, baina psikologo bezala zenbat eta testigantza gehiago ezagutu, ikusten dena da ekintza inpultsiboa baino gehiago sarri pentsamendua egon hor dagoela aurrez, adierazi ez arren.

– “Suizidatzen den orok gaixotasun mentala du”. Erlazioa egon badago suizidioaren eta buruko gaitzen artean, eta egia da buruko gaitza duenak maizago izan ditzakeela pentsamendu suizidak, baina ezin da orokortu. Dakiguna da pentsamendu suizida dela sufrimenduaren sintoma eta hortik irakurri dezakegu gertatzen ari dena, etiketak jartzen aritu beharrean, gaixotasun mentalen mundua oraindik oso desitxuratuta eta estigmatizatuta dagoelako.

Gure gizartean ohikoa da besteak sentitzen duen mina gutxiestea, hainbesterako ez dela iriztea, eta kontu handiz ibili behar da halakoekin

.

Zer egin eta zer ez egin

Pertsona baten akonpainamenduan funtsezkoak diren hiru oinarri nabarmendu dituzte bi psikologoek: sintonia eta enpatia, inplikazioa, eta indagazioa –pertsona horri erantzunak bilatzen laguntzea–. Umiltasunaren eta autozainketaren garrantzia ere azpimarratu dute: beti ez ditugu seinaleak ikusiko, beti ez gara hor egongo, izan ere lagundu nahi dugu “baina ez gara heroiak, ez gara salbatzaileak”. Laguntza eta aholkua eskatzea inportantea da –hor daude, esaterako, Itxaropen telefonoa, Bidegin Donostian, Besarkada Iruñean, Biziraun EAE mailan, Prevensuic aplikazioa, Papageno.es webgunea…–.

Zer ez egin? Ez desafiatu –“ez duzu egingo” esatea adibidez–, egoera horretan jaustera bultzatu dezakeelako; ez izan beldurrik gaia jorratzeko –horrek eraman dezakeelako pertsona hori gurekin ez irekitzea–; ez epaitu eta aurpegiratu ezer; ez murriztu edo erlatibizatu horrela sentitzera bultzatzen duten arazoak, ez behartu iritziz aldatzera –denbora ematea da gakoa, “gaur ez egin”–; eta ez hartu konfidentzialtasuna gordetzeko konpromisorik, pertsonarekin adostuta laguntza eskatzea eta inguru hurbilarekin partekatzea gako izan ohi baita.

.

Kontratu terapeutikoa

Suizidioaren prebentziorako baliabide bat ere aurkeztu dute hizlariek, pertsona hori terapian denerako: pazientearen eta terapeutaren arteko kontratu terapeutikoa. Bien arteko konfiantza dagoenean, konpromiso batzuk adostea da helburua, pertsona horrek pentsamendu, planteamendu edo ekintza suizida bat buruan duenean adibidez terapeutari deitzeko edo konfiantzazko norbaitengana jotzeko konpromisoa, gustuko duen zerbait egitekoa… Kontratuak ez du ziurtatzen bere buruaz beste egingo ez duenik, baina halako pentsamenduak datozkionean horretaz hitz egiteko konpromisoa hartzen badu, lasaitzeko balio dezake. Kontratuak berak, azken finean, ideia ematen dio pazienteari krisi une batean zer egin dezakeen, laguntza nola eska dezakeen, ideiak garbi ez dituen une horretan.

Psikologia ikasleei zuzendutako jardunaldien bideoa lotura honetan aurkituko duzue.

Suizidioaren inguruko uste okerrak Suizidioaren inguruko uste okerrak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.