Euskaldunak itsasoan

Euskaldunak itsasoan –

Euskaldunen historia ezin da osoki Euskal Herriko mugen artean hetsi, askoz ere zabalagoa da: parte handi bat egin da gure aberri edo amerritik bazter, euskaldunak hein bat saldoan ibili diren toki anitzetan. Bereziki gure mariñel eta itsasturiek mundu zabaleko itsaso askotan alimaleko epopeia idatzi dute beren ekintzez, euskal izkirio gutirekin ordea maluruski; halaber lurralde urrunetan hemendik joaniko hainbat esploratzaile, misiolari, soldadu, artzain, emigrantek…

Euskaldunak itsasoan
“Red Bay National Historic Site” museoan ikusgai dagoen balea-txalupa. (albaola.org)

 

Zenbat argentinar eta Ipar amerikar adibidez, hemengo haur edo arrahaur, haatik Saint Pierre eta Miquelon uharteetan bizi diren euskal jatorriko frantziarrak ahantzi gabe: batzuk ala besteak nolaz baztertzen ahal genituzke?

Euskal Herriak eremuaren arabera leihor franko luzea du, portu naturalez aberatsa, eta gibeletik lur menditsua, laborantzarako pobrea, bereziki Bizkai eta Gipuzkoan, baina basoz aberatsa: bere haritz, izei eta pago luzeei esker, itsaso handira joan daitezkeen ontzi gorak eraiki ditzake.

Beraz mende andana batez euskaldunek, lurralde berdeetakoek bereziki, bizipidea itsasoan bilatu dute nagusiki.

Duela bi mila urte Strabon greziar geografoak idazten zuen kantabriar leihorreko biztanleek larruzko itsasontziak baliatzen zituztela, eta zurezkoen egiten hasiak zirela. Laster nabigazio handira iritsi ziren erromatarrekin, eta ondoren iduri luke bulta batez ahantzirik bezala utzi zutela. Baina nola jakin?

Gai horrez eta orokorkiago gure historiaz, dokumentu guti dugu XI. menderaino. XII. mendean balearen ehiza indartsu agertzen da Bizkaiko edo Gaskoniako golko guztian, bereziki Biarritz, Bidarte, Lapurdiko Getaria, Hendaia, Hondarribia, Zarautz, Gipuzkoako Getaria, Ondarroa, Lekeitio eta Bermeoko portuetarik. Balearen irudia beren armarrietan edo monumentuetan daukate.

Lehenik leihorretik ari ziren. Baina denborarekin, ehizaren ondorioz, hurbilean balea gutituz joan zen, eta euskaldunek urrunera bila mugitu behar ukan zuten, azkenean Kanadarantz ere. Bakailaoaren ehiza XVI. mendean garatzen hasi zen. Balearen ehizarekin batera, euskal portuak beren gorenera bultzatuko ditu XVII.ean, 4500 gizon Terranuarantz bidaliz Baiona eta Donibane-Ziburutik. Bestalde asko zoatzin Bizkai eta Gipuzkoatik. Lapurdiko baserrian udako lanetara jaisten omen zen zuberotar mutil gazte asko. Bakailaoaren erreinuari XVIII. mendetik segida emanen dio sardinak, gero atunak, berrikiago antxoak.

Pizkunde aroan, Europari lur eta itsaso berrien bideak ireki zituen nabigazioan gaitzeko partea hartu zuten euskaldun itsasturiek. Famatuenak ditugu Elkano eta Urdaneta.

Joan Sebastian Elkanok Magellan amiral/almirantearen espedizio luze batean partaide zen, eta nagusia urrunean zendurik, lurraren itzulia bukatu zuen, lan horretan historiako lehena izanez. Andres Urdaneta ez da hain ezaguna, haatik itsasoko bide berri garrantzitsurik aurkitu zuen Pazifikoan, bereziki Filipinen eta Mexikoaren artean. Itsasoko gerletan ere nabarmendu ziren euskaldun mariñelak, baina printze arrotzen zerbitzuko. Aipatzekoak dira bereziki Erdi Aroan Baionako itsas armadak, Akitaniako duke ingelesen urgazle trebeak, baita gero Baiona eta Donibane-Ziburuko euskaldun kortsarioak ere, Frantziako erreinuaren, 1. errepublikaren eta 1. inperioaren soldadu baliosak 1809 urteraino. Itsasoko merkataritzan Euskal Herriak portu garrantzitsuak ukan ditu historian barna, bereziki Baiona, Pasaia, Bermeo eta Bilbo. Ontzigintzak Erdi Arotik indar handia hartu zuen Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin, bereziki Pasaian eta Baionan. Ontzi egingiak baziren ere Urketan (Aturrin), Uztaritzeko Arruntza auzoan (Errobin), Donibane Lohizunen, Ziburun, Azkainen (Urdazurin) eta pixka bat Hendaian. Hegoaldeko mariñel eta soldaduek Ameriken konkistan parte serioa harturik, hango jendetzan sartu ziren. Berantean Iparraldetik Rio de la Platarantz emigrazio ekonomiko garrantzitsua garatu zen XIX. mende erditik munduko 1. gerlara arte, eta hein batean 2.aren ondotik Garazi, Baigorri, Baztandik eta Gernika ingurutik Estatu Batuetako sartalderantz artzain gazteen desterrua. Euskal diasporak politikari sonaturik eman dio Hego Amerikari: errepublikako lehendakari andana bat, haietan diktadore gaitzak, hala nola Bordaberri Uruguain eta Pinochet-Ugarte Txilen, baita simetrian beste puntako iraultzaileak ere: Bolivar eta Soubelet Venezuelan, Ernesto «Che» Guevara argentinar eta kubatarra, Perun eraila, eta Raoul Sendic tupamaroa Uruguain. Euskal etxeak biderkatu dira diasporan. Estatu Batuetako euskaldunek harreman tinkoak atxiki dituzte beti gurekin.

Hego Amerikakoek, bulta batez urrunxko egonik, hemen erdi ahantziak, gurekiko loturak zinez azkartzen dituzte azken hamarkadetan, ber denboran euskararen berpiztera lehiatuz.

Estatu Batuetan diaspora berriago batean euskara bizirik egon da, eta bere lekua badu bereziki Renoko unibertsitatean. Euskal artzainen oroitzapena ere ohoratzen da horren itzulian, bereziki monumentu famatu batez, baita liburutan ere.

Kebek berriaren sorreran parte segurua hartu zuten euskal arrantzariek, harreman sendoak lotuz hango amerindiarrekin, hizkuntzaz ere, bien arteko “lingua franca” delako bat antolatzeraino: gure arbasoek han gaindi eginiko txangoen lekuko dago San Juan itsasontzi hondatua, salbatu berri diren aztarna batzuetarik Pasaian berpizten ari dutena.

Hori ere gure historian sartzen da Matalaz afera bezain barna eta sakonki.

 

Euskaldunak itsasoan

Euskaldunak itsasoan  Euskaldunak itsasoan

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude