Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria –

Gaur, apirilaren 17a, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dugu. Urtero lez, gure besarkada beroena bidali nahi diegu zapalkuntzari aurre egiteagatik eta askatasunaren alde borroka egiteagatik munduan zehar gatibu diren militante iraultzaile guztiei, kasu ia denetan oso baldintza gogorretan.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Gutxi batzuen interes ekonomikoen eta nagusitasunaren mesedetan, boteredun makurren zikoizkeriak milioika pertsona gerrara eta miseriara kondenatzen dituzten garai ilun hauetan, nabarmentzekoak dira militante horiek injustiziari aurre egiteko eta herri zein herritar zapalduen askatasuna lortzeko hamarkadotan izan duten adorea eta eskuzabaltasuna.

Gaurko agiri hau gure egoeraz ere aritzeko profitatu nahi dugu. Ezinbestean, espainiar Estatuan euskal preso politikoen urruntze eta sakabanaketa politikaren amaierari buruz izan berri dugun iragarpena aipatu behar dugu. Luzaz itxarondako albistea izan da.

«Sabanaketa politikak sufrikarioa baizik ez du ekarri (…) Gu bakarrik ez uzteagatik bidean bizia galdu dutenak beti izango ditugu bihotzean»

Politika horrek sufrikarioa baizik ez du ekarri, eskubideak urratzeko presoon babesgabetasuna indartu duelako eta gure senideak gupidarik gabe zigortu dituelako. Jakin bazekiten, ondo jakin ere, zerk sortzen zigun ezinegona gu isolatzen saiatzen ziren bitartean. Ezin ditugu, beraz, aipatu gabe utzi gu bakarrik ez uzteagatik bidean bizia galdu duten hurkoak. Beti izango zaituztegu bihotzean.

Euskal Herrian sufrikarioarekin amaitzeak beharko luke izan helburu, aurreko zikloaren ondorioak gaindituz. Sufritu duen orori begirunea zor diogu eta mina  ahal bezainbeste arindu behar da. Horrekin gure konpromisoa adierazi nahi dugu.

«Sufritu duen orori begirunea zor diogu eta mina ahal bezainbeste arindu behar da. Horrekin gure konpromisoa adierazi nahi dugu»

Guztion eskubide guztiak errespetatzeak gure herriarentzat erabat onuragarria litzatekeen egoera bat sortuko luke, baita etorkizunari begira dituen erronka politiko eta sozialei aurre egiteko ere: nazio gisa aitortza zein garapena lortzeko, euskal lurraldeek beren arteko harremana estutzeko, euskal herritarrek etorkizuna libreki erabaki ahal izateko eta hurbilen diren erakundeen eskumen nahiz botere gaitasuna handitzeko.

«Beste batzuek badute ere gure ziegen giltzarrapoen giltza, gure borondateak ez du hutsik egingo»

Sufrimenduarekin amaitzeko herri gogo horren islatzat hartu dugu joan zen urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazio jendetsua. Gu etxeratzeko aldarria kaleratu eta zabaldu izana eskertu nahi diegu bertaratutako guztiei eta, mendekuan eta salbuespen legerian oinarritutako kartzela politikak indargabetu gabe segitzen duen arren, herri aldarri hori errealitate bilakatzeko EPPK-k abiarazitako bidean barrena, baita lege bitartekoen bidez ere, behar diren urratsak egiteko gure engaiamendua berretsi nahi dugu. Beste batzuek badute ere gure ziegen giltzarrapoen giltza, gure borondateak ez du hutsik egingo.

Horixe da oraintxe gure herriarekiko dugun betekizunik handiena, presorik gabeko Euskal Herriaren bidean.

Euskal Herrian, 2023ko apirilaren 17an

 

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Gora Euskal Herri independente, sozialista, feminista, batu eta euskalduna

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria