Euskal itunpeko publikoa 2022-04-04 07:30 Salabardoa Euskal Herria Euskal itunpeko publikoa – Mikel Elorzak Berria egunkarian. Izenburua originala dela pentsatu dut, jaso zezakeela hezkuntza alorreko itunaren espiritua, baina herrenak ditu. Izenburuak. Eta herrenak ditu, handiak, itunak berak. Argazkia: Berria. Euskal dei diezaiokegu, baina esan ere letra etzanez esan behar. Euskara izango den benetan irakas-hizkuntza ez dago itxia, zirrikitu gehiegi zabaldu dira. Eta ereduek eta murgiltzeak inguru batzuetan ez dute balio izan, ados, baina gaztelania eta euskara indar egoera pareko batetik abiatzen direla dirudi orain, eta hori ez da horrela. Ikasleek lortu beharko luketen maila eta horrelako deklarazioak ondo daude, ederki ematen dute, baina normalean maila ez dute ematen. Ez deklarazioek, ezta ikasle askok ere. Izan ere, murgiltze ereduen ezarpenak ere pareta jotzen badu bizitzaren eremu gehienetan nagusi eta erreferentzial den gaztelaniaren aurrean, pentsa bestela. Eta ez da hezkuntzaren kontua soilik, jakina: ikastetxeak ez dira burbuila bat, pandemiak gora-behera. Eta izenburuaren beste muturrera goaz: publikoa. Itunean jaso denak euskal-etik askorik ote duen dudak baldin badauzkat, duda gutxi dut publiko-tik ba ote duen deklaratzeko: ez. Publikoa dirua izango da, pribatua finantzatzeko baliatuko dena. Eta beraz, itunpekoa, horrexek eusten dio ondoen izenburuan. Eta erakusle haiek, matizak matiz, ondo hartu dutela ituna. Publikoaren aldekoek ez. Galtzaile sentitzen dira publikozaleak, itunaren apustua ez delako eskola publikoaren aldekoa. Baldintza gutxieneko batzuk beteta —eta hori ere ikusi egin beharko—, itunpekoek erabateko finantziazioa lortu dute. Eta hori da eskola publikoaren aldeko apustuaren justu kontrakoa. Ez da lehenesten, ez da sare bakar baten alde egiten, eta bi sareak mantenduta, baldintza hauetan, publikoa subsidiario izango da. Nahiago nuke erratuta egotea, baina uste dut finkatuko dela oraingo joera: ikusi segregazioaz Gasteizen edo hurrengo ikasturteko 3 urtekoen ikaspostuen eskaintzaz Gipuzkoan emandako datuak. Segregazioarena konpontzeko neurriek amildegia sendatu nahiko dute —hori ere ikusteko gaude, ezarriko diren!—, baina abiapuntua da eskola publikoa ez dela lehenesten. Eta subsidiario izate horretan, nik aurreikusten dudan ondorioa da ghettoak mantendu egingo direla, baita euskal ghettoak ere, eta hortik nekez etorriko direla sarea eta integrazioa. Itunpekoen aldeko apustua egin da, hau da, eskola pribatuaren aldekoa. Gaia, gainera, eramanezina egiten zait eskola erlijiosoez ari garela kontuan hartuta. Berriki ikusi ahal izan dut Hego Euskal Herriko zentroak norenak diren (escolapios, mercedarios, sagrado corazón, esclavas… esclavas!!! Eskola-sarrerako atean ‘Sumisioak libre egingo zaitu’ goiburua baino ez zaio falta!). XXI. mendeko estatu legez akonfesional batean erlijio-erakundeek, berdin zait zein sektatakoak, debekatuta behar lukete hezkuntzan jardutea. Erakuts dezatela dotrina haien zentroetan, zentro faltan ez baitira, Jabetza Erregistroan hain maisuki itunpetu dituzten eraikinetan. Han izango dute betarik haien fedea zabaldu eta ikasleekin medikutara jolasteko. Debekatuta beharko lukete, eta utzi behar bazaie, liberalismoaren aro latz hauetan, bada haiek paga dezatela, osorik Eta galdu dugu aukera, ostera ere, eskola publikoaren aldeko apustuan ikastolek bat egitekoa. Ezin dut zentro pribatuekiko dudan pertzepzio bera eduki ikastolekiko, ez dira gauza bera, baina bikoiztasuna ere ez zait mantentzekoa iruditzen, eta eurak oraingoz horretan daude. Sare publiko bakarrarena da nire ustetan bide egokiena, hezkuntza guztiengana iritsiko dela ziurta dezakeena, segregazioak eta pribilegioak (linguistikoak, klase alorrekoak…) leundu eta urtzeko gehien egin dezakeena. Publikoa galtzen atera da. Euskalduntzea ere ez irabazten. Eta kristau-eskolak pozarren. Nik ezin dut lorpen gisa hartu itun hau, hala aurkezten bazait ere. Euskal itunpeko publikoa hezkuntza, ituna, itunpekoak, publikoa Salabardoa Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan. [Euskal Gaizkileak] Santxikorrota: Bardeetan libre Zientzialarien erreboltaren agiria (2022-04-09)