Euskal Herriko partaidetza zabala elkartasun astean

www.askapena.org

Askapena erakunde internazionalista eta Euskal Herriaren Lagunak nazioarteko elkartasun dinamikaren izenean Euskal Herriarekin 5. Nazioarteko Elkartasun Astea aurkezten dugu. Atzo hasita eta otsailaren 20a bitartean Europako eta Latinoamerikako  20 herrialdetan eta ehun bat ekitalditan burutuko dira elkartasun ekimen politiko, sozial eta kulturalak “Eskubide Zibil eta Politikoak Euskal Herriarentzat. Autodeterminazioa orain!” lelopean.

Hala ere, astea bera berotze aldera, Euskal Herriaren Lagunek egin duten ‘Euskal Presoen argazkiak kalera’ ekimena goraipatu nahi dugu. Presoekiko elkartasunaren kriminalizazioa batetik eta euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketek bestetik eraman dituzte EHLak (Euskal Herriaren Lagunak) euskal preso politikoen argazkiak 30 lekutan kalera ateratzera. Hego Euskal Herriko kaleetan jazarria den hori munduko hainbat leku ezagun eta publikoetan denen begi bistan eginez.

Orain Euskal Herriko eragileen txanda da, aurrera dabilen herri honen hainbat alderdi mundura zabaltzekoa: herri baten eraikuntza eta gazteek, presoekiko solidarioek edo internazionalistek pairatzen dugun kriminalizazioa erakustekoa. Hartara birak burutuko ditugu Europan barrena: Ezker Abertzalea, Etxerat, Udalbiltzaren elkartasun sarea, Gazte Independentista auziperatuak, Askapenaren auziperatuak, Elkartzen, Ikasle Abertzaleak, Torturaren Aurkako Taldea, 8H euskal diaspora elkartea eta ‘Sagarren denbora’ filmaren ekoizle den Gite-IPES.

Jakina martxan jartzen ari den prozesuari ere bere ekarpena egingo dio nazioarteko elkartasun asteak, nazioartean Gernikako Akordioa sozializatuz eta ezker abertzalearen legalizazioa aldarrikatuz. Urterik urte erakutsi dugu Euskal Herria ez dabilela bakarrik askatasunerako bidean, are gehiago, gero eta elkartasun zabalagoa jasotzen ari da.

Bada horren adibide izango da nazioarteko elkartasun astearen ondoren hilaren 26an Milanon egingo den manifestazioa. Iaz 3000 lagun bildu ziren bertara, aurten gehiago biltzea espero dugu. Beraz, dei egiten diogu nazioarteko euskal herriaren lagun orori eta euskal herri langileari ere bai bertan parte hartzera.

elkartasuna lagunak EHL

Zer duzu buruan “Euskal Herriko partaidetza zabala elkartasun astean”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude