Bakeroak eta jaka gorria soinean eta zigarroa ezpainetan

Hilaren 8an 80 urte beteko lituzke. Clint Eastwoodek baino bat gutxiago, Sean Conneryk baino bat gehiago. Gazte lerden izateari utzi eta heldu galaia ezagutuko genuke, eta egun, ileurdin erakargarria litzateke. Edo ez.

Hiru film eta aktorerik onenaren Oscar sarirako izendapen bi. Cal Trask gazte barnerakoia, zakarra, malenkoniatsua, suharra gorpuzteagatik lehena (East of Eden, 1955). Jett Rink bakarti, edale, mendekati, hantustearena egiteagatik bigarrena (Giant, 1956). Sekula santako aktorerik goraipatuenetakoa litzateke. Edo ez.

24 urte zituen eta Porsche 550 Spyder bat. Arin bizitzeko nahia, azkar hiltzeko patua. Bakeroak eta jaka gorria soinean eta zigarroa ezpainetan. Kausarik gabeko errebeldea. Helduek ulertzen ez zuten gaztediaren egonezina mito bihurtuta. Alajaina.Hilaren 8an 80 urte beteko balitu, agian, gizonik desiratuena izango litzateke. Agian, zinearen historiako aktorerik handiena litzateke. Edo ez. Baina hilaren 8an ez ditu 80 urte beteko, eta horregatik, zinearen mitorik handiena da. James Dean.

Hari buruz esanak:

Humphrey Bogart: “Momentu justuan hil zen. Biziko balitz, ez luke bere publizitatearen mailan egoterik lortuko”.

Marlon Brando: “East of Eden filmean, iruditzen zait James Deanek nire iazko trajea daramala eta nik aurreko urteetan erakutsitako talentua baliatzen duela”.

Denis Hopper: “Ez dakit aktore ona ala txarra zen, baina James Dean ikusten zenuenean belaundaldi baten haserrearekin identifikatzen zinen”.

James Dean hobeto ezagutzeko aholku sorta otsaileko GAZTEZULOn, Aitor Abaroa gure zinema adituak emanda.

James Dean

Irudia | James Dean | Ezezaguna | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.