Euskal Herriko historia eta etorkizuna, gaur inprimaturik

Euskal Herriko historia eta etorkizuna, gaur inprimaturik –

Euskal Herriko historia eta etorkizuna, gaur inprimaturik

.

SAIAKERA

EUSKAL GOGOA BIZIRIK

Gertaera, istorio eta pasadizoak

Joseba Aurkenerena

Dakit 2021

299 or

.

.

EUSKAL HERRIKO HISTORIA ETA ETORKIZUNA, GAUR INPRIMATURIK

Bere burua maite ez duenak nekez maitatuko du mundua. Hori dio Joseba Aurkenerena idazleak hitzaurrean, eta horregatik ere nik uste dut liburu hau etxe, liburutegi, eskola eta ikastoletan egon beharko lukeela.

Mundua maite duelako idatzi du bere herritik liburu hau, eta bere nortasun ukatuaren bila ibili izan delako beti, eskolan erakutsitako gezurrek bere baitan sortutako nahasmen inkontzientea ezabatu nahian, gure kontakizunak, gure gertaerak, gure pertsonaiak… ezagutzeko beharra zuen, horiek baitira onerako eta txarrerako gure nortasuna jorratu dutenak.

Gure euskal historian ITSASOA letra larritan idatzi beharko genuke, historian zehar onerako eta txarrerako ekarri baitizkigute aberastasunak eta miseriak. Itsasoa eta euskaldunak batera joan dira mende luzeetan zehar, eta euskaldunon mundu-ikuskera zaharra osatzen du itsasoak, bai arrantzarekin loturiko istorio eta pertsonaiak baita merkataritzarekin loturikoak ere.

Jadanik balearen arrantza egiten zen 670. urtean. Baionatik Baionara euskaldunon itsasoa deitua izan zen XIX.eta XX. mendera arte. 1412.an euskaldunek Islandian ehizatzen zuten balea, eta badago 1637.eko glosario bat lapurterazko euskal hitzak dituena. Balearen arrantza Ternuako eta Kanadako itsasoan egiten zen 1375.ean, eta Ameriketako euskal pidgin-a edo komunikatzeko hizkera erabiltzen zen.

Euskal itsasgizonak, kortsarioak eta piratak asko izan ziren, besteak beste Martin Zopite, Pellot, Elkano edo Zuhigaraitxipi. Euskaldunon historian onak izan dira, baina gaiztoak ere bai, eta denak onartu behar ditugu, denak direlako geure baitakoak.

Itsasoa ere izan da tragediaren eragile, 1912.urteko galerna ikaragarria izan zen. Itsasoari begira idatzi dugu gure historia. Baina, liburuan bestelako istorioak ere badira gure historia osatzen dutenak eta jakin beharrekoak: gerra-kontuak, eresietako emakumeak eta historiako euskal emazte idazleak, euskal sinesmen zaharrak, historiako euskal emakume borrokalariak, gizon heroikoak eta esperientzia pertsonalak ere munduko beste nazionetan.

Hasieran, bide bazterreko atsotitz eta esamoldeak, eta bukaeran ez ohiko hiztegi ttipia. Tartean ere bertsoak eta poemak, baita duela urtebete mundua geldiarazi zuen pandemia-garaiko egoera adierazten duten blogak eta olerkiak, nireak ere bai. Liburu-iruzkinen bat ere bai, nik neronek iaz atera nuen eleberriarena, protagonista neska gazte bat duena: “Oroiminezko igandeak”.

Liburu honetan Euskal Herriaren historia eta bizitza ageri da, eta etorkizuna ere bai: Alexander Deulofeu historiaren matematikoaren berri ematen digu liburu honek, eta Nostradamus baten antzera, iragartzen dizkigu berak egindako igarkizunak; haren arabera, laster heldu da Espainiar eta Frantziar inperioen erorketa eta menpeko herrien askapena. Pentsa! Zortzi urte barru, 2029an errepublikatan banatuko da espainiar inperioa… geroak erranen.

Eskerrik hanitx, Joseba, Euskal Herriko historiaz hain modu dibulgatiboan erakusteagatik, bihotz zauritu honi hegalak emateagatik amesten segitzeko.

Euskal Herriko historia eta etorkizuna, gaur inprimaturik

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.