1,5X-eko abiaduran irakurtzeko

1,5X-eko abiaduran irakurtzeko –

Maite Berriozabalek Bizkaiko Hitzan.


Azkar idazten ahaleginduko naiz. Ez, barkatu. Ahaleginduko naiz azkar irakurtzeko moduan idazten. Lerro honetara iritsiko zinen ziur asko; bada, jakin ez duzula zertan lerroz lerro irakurtzen jarraitu. Lerro bikoitiak edo bakoitiak irakur ditzakezu bakarrik, edota esaldi erdiak. Gainera, paragrafo bakoitzaren amaieran duzu idatzi dudanaren laburpena. Esaten ari naizena eta irakurriko duzula uste duzuna antzekoak dira; beraz, lasai, ez duzu zertan artikulu hau oso-osorik irakurri.

1,5X-eko abiaduran irakurtzeko

Laburpena: sarrera moduko bat azkar irakurtzeko artikulu bat dela esanez.

Whatsappeko audioak grabatutako abiaduran entzun daitezke (1x). Baina badago 1,5x edo 2x-eko abiaduran entzuterik. Bidaltzailearen hitz egiteko abiaduraren arabera, entzuterakoan audioaren abiadura bikoiztuz gero, ez da erraza esaten duen oro entzutea. 1,5x-eko abiaduran, berriz, ia dena argi samar uler daiteke. Orain, Netflixek ere edozein eduki 1,25x edo 1,5x-eko abiaduran ikusteko aukera eskaintzen du. Bada mantsoago ikusteko aukerarik ere; baina ez gara horretan sartuko.

Laburpena: Whatsappeko audioak eta Netflixeko ikus-entzunezkoak azkarrago entzun eta ikusteko modua dago.

Bizitzako gauza guztiek ez dute abiadura erregulatzeko modurik, baina imajina dezagun baietz. Adibidez, bihar Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa bat jokatuko da Mungian. Demagun 20 minutu lehenago sartzen zarela Olalde aretoan. Luze egiten zaizu 17:00ak arteko itxaronaldia eta 2x-eko abiaduran 10 minutura laburtzen duzu saioa hasi arteko tartea. Hasierako agurrek ez dute puntuatzen: 2x. Hasten dira zortziko handian eta laugarren bertsotik aurrera: 1,5x. Zortziko txikiari badagokio abiadura; beraz, hasieratik 1,5x. Puntu-erantzunak: 2x. Hamarreko txikia: 1,5x. Kartzela: 1,5x. Amaierako protokoloa: 2x. Agurrak: 2x. Meriendatzeko ordurako, 18:15 bueltarako, kanpoan geundeke.

Laburpena: bizitza errealeko ekintzei abiadura handitzerik bagenu, nolakoak liratekeen azaltzen da. Adibidetzat Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saio bat hartzen da.

Aurreztutako denboran Gatikan dagoen Butroeko gazteluarekin selfie pare bat atera, Meñakako herriko tabernan kafe bat hartu eta Laukarizko La Bilbaina urbanizazioko etxeei begira aberastasunaz eta aberaskeriaz hausnartzeko tartea izango zenuke. Eta hori guztia egin ostean, Mungiako bertso saio osteko tertuliarako denboraz helduko zinateke. Gauza asko eta azkar. Norvegia lau egunetan bisitatu eta ikusi beharrekoen zerrendatik ezabatzen duenak bezalaxe. Denbora galtzea hautazkoa da orain. Aspaldiko esaerak dio: egon hadi lo, eta jango duk mehe.

Laburpena: aurreztutako denbora beste gauza batzuk egiten pasatu dezakezu. Norbere aukera da denbora galdu ala ez.

Abiaduraz ari natzaizue, abiaduraz hitz egiteko patxada hartuta. Azkartasuna eraginkortasunarekin nahasten den garaiotan, nik neuk ere ikusi dut neure burua 2 minutuko bideoan 30 segundo aurrera eginez. Ez daukagu presarik, baina presaka bizi gara.

Laburpena: aurreko berdina.

1,5X-eko abiaduran irakurtzeko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude