Amaia Egidazuren “Dorotea” argitaratu du Pamielak, 2021eko Etxepare saria

Pamielak argitaratu du Amaia Egidazuren “Dorotea”, 2021eko Etxepare saria –

Ekainean iragarri zen 2021eko Etxepare Sariaren irabazlea Amaia Egidazu Arrube zela, “Dorotea” obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 30 lanen artean gailenduta. Orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du albuma.

Amaia Egidazuren "Dorotea" argitaratu du Pamielak, 2021eko Etxepare sariaNatura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu Dorotea albumak: hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila. Testuaren aldetik, paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen. Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz.

Amaia Egidazu Arrube berriztarrak umetatik izan du naturarekiko begirunea, eta zaletasun horrek EHUn Biologia ikasketak aukeratzera eraman zuen. Ingurumena eta energia berriztagarrien sektorean lan jarduera desberdinetan aritu ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen. Egun, amatasuna eta haur txikien bidelagun lana uztartzen ditu eskola aktibo batean.

Tamara Chubarovsky-ren errima-sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu. Txikienentzako ipuin kontaketan ere dihard aukera duenetan. Gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Dorotea da idazten eta ilustratzen duen lehen liburua.

Amaia Egidazuren "Dorotea" argitaratu du Pamielak, 2021eko Etxepare saria

.

Etxepare Saria 2022

Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izango dira sari honetara, testua eta irudia elkarren osagarri dituztenak. Maiatza aldera arteko epemuga izango dute egileek lanak aurkezteko, eta ekainean hartuko du epaimahaiak erabakia. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak plazaratuko du euskaraz. Urtea hasi bezain laster argitaratuko ditu Etxeparek sarira aurkezteko baldintzak.

Amaia Egidazuren “Dorotea” argitaratu du Pamielak, 2021eko Etxepare saria