Euskal Herria ez da saldu digutena

Euskal Herria ez da saldu digutena –

Roser Espelt Alba, ARGIAn.


Duela bi urte heldu nintzen Euskal Herrira. Noan lekura noala, bisitan bada ere, tokian tokiko oinarri materiala ulertzen saiatzen naiz: zeintzuk diren sektore nagusiak, langabezia tasa, KPIa edota bertako gutxieneko soldata. Konbentzituta nengoen baserritarren herri batera helduko nintzela, garapen nazionalaren beharretara lerratutako burgesia industrial indartsu batekin eta, turistifikatutako Herrialde Katalanen aldean, lan baldintza ez hain prekarioduna. Hala ere, topatu dudan errealitatea ideia hartatik oso urrun dago: merkatu libreari esker, Euskal Herria ere tertziarizatzen ari da eta inbertsio funtsak ez dira soilik etxebizitzez jabetzen ari.

Euskal Herria ez da saldu digutena
Arg: Reynaldo #brigworkz Brigantty

Badira urte batzuk arrisku-kapitaleko eta bestelako funtsen presentzia hazi dela euskal enpresetako akziodun nagusien artean. Funts horiek enpresen kontrola hartzen dute, Euskal Herriaren garapen interesekin kontraesanean dagoen agenda bat inposatuz. Esaterako, BM eta Amara supermerkatuen jabe den Uvesco enpresa, Angulas Aguinagaren jabe ere baden PAI Partners funts frantsesak erosi du aurten. Cinven, KKR eta Providence funtsen jabetza da Euskaltel, Masmovil enpresari lau xoxen truke saldu ostetik. ITP, Bain Capital-ena da, Aernnovan Towerbrook funtsa da partaide nagusi, Solapark Danimarkako EQT inbertsio funtsak erosi du, eta abar luze bat.

Lehen bertan ekoizten zena, orain kanpotik erosi behar dugu. Hortaz, ezin dugu erabaki zer eta nola ekoizten dugun, ezta nola banatzen dugun ere

Enpresa itxierak, deslokalizazio partzialak zein erabatekoak, horietatik eratorritako kaleratzeak… Euskal Herrian industria-enplegua eta horri lotutako zerbitzuak suntsitzeko joera argia da. Arabako industria-enplegua %4,5 murriztu da 2009tik 2022ko hirugarren hiruhilekorako tartean, Bizkaian %10,49, Gipuzkoan %16,67 eta %5 Nafarroan. Hala ere, jaitsiera askoz nabarmenagoa izan da lehen sektorean: %38,46 Araban, %66,67 Bizkaian, %35,29 Gipuzkoan eta 31,16 Nafarroan. Aitzitik, zerbitzuen sektorean, non soldatak askozaz baxuagoak diren, %8,23 igo da Araban, %11,03 Bizkaian, %8,18 Gipuzkoan eta %15,73 Nafarroan.

Ekoizpen-mailako aldaketa horrek Euskal Herriko langile ororen soldatetan eragin zuzena izateaz gain, kanpo-mendekotasun handiagoa ere sortzen du: lehen bertan ekoizten zena, orain kanpotik erosi behar dugu. Hortaz, ezin dugu erabaki zer eta nola ekoizten dugun, ezta nola banatzen dugun ere. Eredu honek prekarizaziora garamatza eta zuzenean egiten du euskal herritarren aurka, ez garelako uste bezain baserritar, ez industrial, eta beraz, ezta burujabe ere.

Euskal Herria ez da saldu digutena

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Euskal Herria ez da saldu digutena”-ri buruz

  • juan inazio hartsuaga 2023-01-10 12:21

    Gure gizarte gogoetaren erdi-erdian jarri beharko genukeen gaia, bikain azaldua. Hau bai dela garrantzitsua eta larria. Hau bai dela herri-estrategia adostuaz ahalik eta lasterren erantzutea behar duena. Ba ote da horrelakorik abian?

  • Benat Castorene 2023-01-10 17:33

    Ekonomiaren eraldaketa hori, Frantzian hasi zen Euskal nerrian baino goizago.
    Eromenaren gailurra agertu zen 2001ean Serge Txuruk-ek, Alkateleko lehendakariak(adepte du « fabless ») lotsarik gabe aldarrikatu zuelarik :
    « Alcatel doit devenir une entreprise sans usines. »
    Egia da mezu hori oso erraz onartua izan zela kontsumoko zibilazioari konbertitutako populazioaren aldetik. Ordutik gehienek funtzionari izan nahi dute.
    Eta nik klientei erran ohi nien, piskabat kitzikatu nahian, euskaldunak beharrik frantsesak baino zintzoagoak zirela ekonomiari eta industriari buruz.
    Untsalarik orai zuzenketa bat egin behar nieke.
    Detale bat, ez baniz oker, General Electric-ek (GE) Alkatel erosi zuen duela zenbait urte.

  • Inork ez du serioski uste izan baserritar, industrial eta burujabe garenik. Herri prekario eta menpekoa gara.