Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua

Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua –

Joan den abuztuaren 12an, Iparragirre jaio zeneko 200. urtemugan, musikari talde batek eskaria egin zuen, “Gernikako arbola” Euskal Herriko ereserkitzat har genezan. Hemen duzu bertan irakurritako komunikatua, ekimenaren webgunearekin batera, non sinadura bilketa abiatu duten.

Manifestu honen sinatzaileok, euskal musikari, kantari eta kantautoreak, euskal herritarrak guztiak, jabetzen gara sinboloek, tartean direla musika eta abestiak, garrantzi handia dutela herrien talde iruditerian, eta euskal gizarteari hauxe azaldu nahi diogu:

Herri orok du berau identifikatzen duten hizkuntza, sinbolo eta ohiturak, baita gure herriak ere, hiru unitate politiko-administratibotan banaturik bada ere (Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa), Nabarra/Nafarroan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan elkartua.

Mendetan lortu dugu gure hizkuntzari, gure doinuen sorta, dantza, kirol eta beste hainbat ezaugarriri eustea, eta atxikimendu politikoa eta pentsaera edozein dugula ere, horiek herri gisa identifikatzen gaituzte. Zorionez, lortu dugu administrazio zatikapen guztien gainetik elkartzen gaituen jatorrizko izenari eustea: Euskal Herria euskaraz, antzinako Baskonia. Onartu dugu ere goiburu bat, Zazpiak Bat, Axularrek 1643an jada nabarmendua.

Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eta ereserkia? Zein da Euskal Herriaren ereserkia? Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek 1983an aukeratu zuten ofizialki berea: Eusko Abendaren Ereserkia. Era berean, 1986tik, Foru Legearen bitartez, Nafarroako Foru Erkidegoak bere ereserkia du, Gorteen Ereserkia deitua. Ipar Euskal Herriak ez du euskal ereserki ofizialik. Beraz, lurraldeon osotasunak ez du batuko gaituen ereserkirik eta, beraz, inbidia sanoz ikusten ditugu ideologia guztietako gure auzoko frantsesak, galiziarrak edo katalanak elkarrekin Marseillesa, Os Pinos edo Els Segadors kantatzen.

Egia da euskarazko abesti batzuk etengabe erabili direla gure gizarte liturgietan, baina haietako batek ere ez du pisu, historia eta hedadura nahikorik herrialde osoa ordezkatzeko. Baskoniak, kantatzen duen herriak, ez du kantatuko dion ereserkirik.

Aldiz, nahikoa dugu oroimenean pixka bat lardaskatu deskubritzeko badugula ereserki eder bat, 1853tik gaurdaino elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua: Jose Mari Iparragirreren Gernikako Arbola; aurten ospatzen dugu, hain zuzen, euskal abeslariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena.

Esan dezagun argi eta garbi: lehen aldiz jo zenetik, Gernikako Arbola izan da euskal herritarren ereserkia, eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan, mende batetik gora. Izaera ofiziala izan zuen eta, batez ere, herriaren babesa; herri gutxik eskaini diote beren sorterriari ereserki adierazgarriagorik.

Inork ez du azalpen argirik zortziko hori zergatik hedatu zen horren laster, eta ez bakarrik zazpi lurraldeetan, baizik eta euskal herritarrik zegoen mundu zabaleko bazter guztietan; nola bertso hunkigarri batzuek, sinpletasun ederrekoek, harrotu zuten Euskal Herriaren sentimendu abertzalea, hainbeste non gogotsu kantatu baitzituzten karlista eta liberalek, errepublikazale eta sozialistek, kontserbadore eta iraultzaileek, euskal nazionalista eta nabarristek, euskal abertzale eta espainolistek. Sinestunek erlijio balioak ikusten zituzten bezala, laikoek Askatasunaren ikurrari egiten zioten erreberentzia, frantses iraultzaileen gisa berean. Zer da, bestela, ereserki nazional bat, ez bada herritar guztiak kantatzera zirikatzen dituen hori?

Ikertzaileen iritziz, gure herrialde zaurituak bere askatasunak galdu izanak eta euskal musika peto-petoa izateak (zortzikoa) eman zioten berehalako arrakasta eta iraupena denboran, baina arrazoia da ereserkiak batez ere Foruak eta Baskoniaren, Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituela, isolamendurako edozein tentaziotik urrun zegoen batasuna, guztiz bateragarria euskaltasunaren ideia unibertsal eta humanistarekin.

Ez dago ereserki politikorik hain oparo erregistratuta Euskal Herriko eskualde guztietan, Tuteratik hasi eta Baionaraino. Erriberako paloteado makil dantzetan eta Zuberoako pastoraletan kantatzen zen, erregeen harreretan eta Sanferminetako zezenketetan, antzoki txikietan eta opera handietan. Gure musikari handi guztiek birsortu zuten, eta bertsioak sortu, eta ez dago artxibategi historikorik haren partitura bat ez duenik.

Merezimendu osoko edozein ereserkik bezala, Gernikako Arbolak bere epika ere badu. Sortu eta bi urtera bakarrik, Iparragirre, gure historiako lehen kantautorea, atxilotu egin zuten, gure lurraldetik kanporatu zuten hura kantatzearren. Ereserkia, ordea, bertan gelditu zen: debekatzen tematzeak hedatu egin zuen, haize askatzaile bihurturik. Donostian, Sanrokadan, kantatzea bizitzarekin ordaindu zuten hiru pertsonak. Nafarroan, foruen aldeko aldarri bihurtu zen Gamazadan. Bere doinuek foruak berrezartzearen aldeko mugimendua hauspotu zuten 1918an; ongi etorria eman zioten Errepublikari; estatutuaren aldeko biltzarren lekuko izan ziren; Galeuzkaren sorrera jantzi zuten; eta lau probintzietako alkateak elkartu zituzten 1934ko mugimendu autonomistan.

Are garrantzitsuago; 1936an, Gernika suntsitu zutenean, foruen herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia (“eman ta zabal zazu / munduan frutua”) demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur izatera pasa zen, totalitarismoen aurrez aurre. 1949an, Ipar Euskal Herrian III. Reicharen gaineko garaipena ospatu zutenean, Gernikako Arbola izan zen ereserki ofiziala Marseillesarekin batera.

Laburbilduz, euskal eta nazioarteko ereserki bat da, munduko sinbolo, lurralde guztietan dokumentatua, denboran iraun duen historia eta epikaren jabe eta, ohikoaz oso bestela, oso askotariko ideologietako pertsonak hunkitzeko gai. Ezin zaio biografia hoberik eskatu ereserki bati.

Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, artean gure Herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu gehienean: Gernikako Arbolaren lehendabiziko bertso lerroak.

Deia zabaldu nahi diogu Euskal Herri osoari, kantatu eta zabal dezan.

.

Gernikako Arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.

Eman da zabal zazu
munduan frutua
adoratzen zaitugu
Arbola Santua.

.

Orain arteko Musikari kantarien atxikimendua

Nafarroa

  • Igor Ijurra | Iruñako Orfeoiaren Zuzendaria
  • Fermin Balentzia | Kantuegilea
  • Koldo Pastor Arriazu | Musikaegilea
  • Teresa Zabalza | Musika irakaslea
  • Enrike Zelaia | Akordeiolaria
  • Endika Iriso | “Rotten13” Punk-rock kantaria
  • Fermín Iriarte | Koroen zuzendaria
  • Isabel y Silvia Zabalegui | Nafar joteroak
  • Serafín Zubiri | Kantaria
  • Julia Itoiz “La Chula Potra” | Rap kantaria
  • Arturo Goldarazena | Musikalaria, Klarinetejolea
  • Joseba Tobes | Euskal Herriko Txistularien Elkartea
  • Iñigo Agerri | “Mielotxin” Folk taldearen abeslaria
  • David Johnstone | Compositor, Violonchelista de la Orquesta Sinfónica de Navarra
  • Joseba Irazoki | Kitarrajolea

Baxenafarroa, Lapurdi, Zuberoa

  • Erramun Martikorena | Kantaria
  • Jean Mixel Bedaxagar | Kantaria
  • Eñaut Etxamendi | Kantaegilea
  • Anje Duhalde | Kantaegilea
  • Peio Ospital | “Pantxo eta Peio”, kantaria
  • Pantxoa Carrere | “Pantxo eta Peio” kantaria
  • Pier Pol Berzaitz | Musikalaria, kantaria
  • Irkus, Iker, Ugutz eta Nahia Robles-Arangiz | Kantariak
  • Soroak musika taldea
  • Haritza musika taldea
  • Niko Etxart | Kantaegilea
  • Philippe Ezkurra | Musikaria, akordeoilaria
  • Mixel Ducau | Musikaria
  • Baigorriko Gaiteroak
  • Jose Mari Ostolaza | “Eltzegor” taldeko kantaria
  • Philippe Ezkurra | Musikaria, akordeoilaria
  • Joanes Borda | “Guk” taldeko kantaria
  • Eneko Labegerie | Kantaria
  • Xendarineko Aizpak | Kantariak

Bizkaia

  • Gontzal Mendibil | Kantaegilea
  • Eñaut Elorrieta | “Ken Zazpi”ko kantaria
  • Tontxu Ipiña | Kantuegilea, abeslaria
  • Paula Pérez Bueno | Abesbatzen eta Orkestren zuzendaria
  • Joe Gonzalez | “Doctor Deseo”ko musikaria
  • Ana Bejerano | “Mocedades”ko kantari ohia
  • Javier Ituarte Aulestia | Portugaleteko Udal Bandako Zuzendaria
  • Mila Milikua | Abesbatzen zuzendaria
  • Joseba Gotzon | Kantaria
  • Amaia Uranga | “Mocedades”; “El Consorcio”, kantaria
  • Ruper Lekue | Musikaegilea, Orkestra zuzendaria
  • Xanti Salvador | Sonidista de “La trinchera Infinita”
  • Blas Fernández | Musikalaria
  • Xeberri | Kantuegileakantaria
  • “Urdaibai”, “Arrano” eta “Gure Arbola Zaharra” | Gernikako koralak
  • Mario Clavell | Musikaria
  • Jesus M. Bilbao, Yerri | Musikaria
  • Julen Ezkurra, Compositor, fundador y exdirector Coro EHU/UPV
  • Gernika Audience | Rock Taldea
  • Jesús Mari Bilbao Jerri | Musikaria
  • Mario Clavell | Musikaria

Gipuzkoa

  • Nuria Loron “La Furia” | Rap kantaria
  • Mikel Markez | Kantaegilea
  • Txomin Artola | kantuegilea kantaria
  • Jose Ignazio, Piter, Ansorena | Donostiko Udal Txistulari bandaren zuzendaria
  • Amaia Zubiria | Kantaria
  • Juanjo Ocon | Euskadiko gazteorkestako zuzendaria
  • Joxean Larrañaga Urko | Kantegilea, kantaria
  • Gorka Hermosa | Musikalaria
  • Iñaki Diéguez | Akordeoilaria Circo del Soleilen 4 urtez
  • José Antonio Villar | Kantaria
  • Juan Luis Aranburu | Euskal Kantuzaleen Elkartea
  • Ainara Ortega | Jazz abeslaria, musika sortzailea
  • Angel Unzu |  Musikalaria, gitarrajolea
  • Xabier Saldias | “Egan” taldeko kantaria
  • Javier Alberdi | Abeslaria, abesbatzen zuzendaria
  • Jose Angel Irigaray | «Ez dok hamairu» taldekoa
  • Xabier Barriola | Arrasate Abesbatzeko zuzendaria
  • Haritz Artola | Unidad Alavesako kantaria
  • Alain Ayerdi | Koruban koroko zuzendaria
  • Jon Maia | Bertsolaria

Araba

  • Josu Zabala | “Hertzainak” taldeko musikalaria
  • Evaristo Páramos | Punk kantaria
  • Jesus Maria Alegria, Pinttu | “Músicos sin fronteras”ko lehendakaria
  • Gorka Knör | Kantuegilea
  • Iñaki Urkizu Kerejeta | Subdirector Banda Municipal de Bilbao
  • Patxi Villamor | Kantaegilea
  • Joselu Anaiak | Folkrock taldea
  • Luis Orduña, Director Banda Municipal Vitoria/Gasteiz
Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua

Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua

Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua