Euskal Herria apokaliptikoa ?

Euskal Herria apokaliptikoa ?

Euskal Herria apokaliptikoa

Langabeziak aspertuta zeuden Gasteizko Del Val anaiak. Diseinu grafikoaren zale izanik, egun batean hiri post-apokaliptikoa sortzea otu zitzaien.

XXI. mendeko izurrite tematikoa zombiena eta apokalipsiarena dela esan beharrik ez da. ‘I am Legend’, ‘Wall-E’, ‘World War Z’, ‘Life after people‘… ezagutzen dugun lur planetan amaierak txundituta gauzka. Bide batez, onartu beharra dago apokalipsirako autobidean bizkor gabiltzala. Planetarenak egiteko atarian gaude, mende bat gora mende bat behera.

Egoera horretan burua jarriz Del Val anaiek Gasteizen errekreazio apokaliptiko-distopikoa kaleratu zuten iazko udan. Sumendi, dragoi, izozte eta mota guztietako hondamendi natural eta zientzia fikziozkoak irudikatu dituzte. Ez dute ba Urkulluren etxea estralurtarrek suntsitu! (norbaitek esango du EAEko lehendakariak ez duela horrelako pribilejiorik merezi, eta egia da).

Internet bidez bakarrik ez, erakusketa eta guzti jarri zuten Zombitoria hizjokoaren izenpean. Xehe xehe azaldu dute irudi bakoitza egiteko ibilitako prozesua. Jarraian daukazun irudia Gasteizen inspiratuta egindako bat da (nonbait Uribarriko urtegia lehertu eta hiria urpean utzi du) baina askoz ere gehiago dauzkate sarean eskegita.

Euskal Herria apokaliptikoa

(zombitoria.es)

Arrakasta ikusita -hedabideek oihartzun zabala eman zieten- proiektua beste hiri batzuetara zabaltzea erabaki dute. Bilbok baditu jada bere lehenbiziko errekreazioak, Facebook-en igota. Behean daukazun Erriberako merkatuarena esate baterako. (Askoren ametsa bete dute Iberdrola dorrea txikituz).

Euskal Herria apokaliptikoa

Crowdfunding bidez Donostia kiskali, dardaratu eta lehertu nahi izan dute… baina ez dituzte beharrezko 1.100 euroak eskuratu. Dena ez da arrosa kolorekoa XXI. mendeko mezenasgoan. Dena den, Facebook orria martxan daukate, eta bultzadatxo batekin animatuko dira Donostia apokalipsiaren erdigune bihurtzera. Udal oposizioko taldeek esango dute photoshop ukitu gabe ere Donostia nahikoa suntsituta dagoela, ala? (Azpian ZuZeun aurkitutako ideia bat)

Euskal Herria apokaliptikoa

Euskal Herria apokaliptikoa –Euskal Herria apokaliptikoa > XXI. mendeko izurrite tematikoa zombiena eta apokalipsiarena dela esan beharrik ez da. ‘I am Legend’, ‘Wall-E’, ‘World War Z’, ‘Life after people’… ezagutzen dugun lur planetan amaierak txundituta gauzka. Bide batez, onartu beharra dago apokalipsirako autobidean bizkor gabiltzala.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra