Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena (1/2)

Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena –

Borroka armatuaren desagerpenak egoera berri bat sortu du, nahitaez, Euskal Herriko bizitza politikoa baldintzatzen duena. Testuinguru horretan, Euskal Herri osoko estrategia bakar bat eraiki daiteke? Prozesu horretan Iparraldea bere ekarpena egiten ari da, gure lurraldeak hemengo jendartearen pentsamoldeak eraldatzeko balio duten bitartekoak asmatu baititu.

Azken hamarkadetan, lan metodo oso berezi bat garatu da Iparraldean eta pixkanaka pixkanaka errealitatea, kontzientziak eta perspektibak eraldatzea ahalbidetu du. Ipar Euskal Herriko egoera bereziak segurrenik metodo hori finkatu du: 315.000 biztanle bakarrik dituen lurralde ttipi bat, frantses Estatuaren punta batean dena, oso zentralizatua eta 67 milioi biztanle dituen Estatu horren Paris hiriburutik oso urrun kokatua. Horri gehitzen badiogu 2017a arte instituzio propiorik ez zuela eta abertzaleak oso minoritarioak direla, hautesleen %15a besterik ez baitira, argi ikusten da Pariserenganik entzuna izaiteko, edo, bultzatzen eta proposatzen ditugun aldarrikapen eta neurriak Parisi onararazteko edo martxan ezararazteko posibilitateak, minimoak zirela. Horrek segurki bultzatzen zuen ez sobera itxoitea gauzak gainetik etor zitezen, eta gomitatzen gintuen guhaurek beheretik aterabideen eraikitzera. Aldarrikapen horiei oihartzun gehiago emaiteko bortizkeriaren erabilpenari uko eginez (1998-1999ko Lizarra- Garaziko garaia momentu erabakigarri bat izan da Iparraldeko metodo berezi horren garatzeko eta Iparraldeko azken erakunde armatuak 2000 urteen hasieran bere jarduerari bukaera eman dio), argi da egoera orokor horrek, indar harreman gutieneko baten sortzeko eta Iparraldeko jendartearen eraldaketarako potentzial erreal baten sortzeko parada, arras beste era batera, pentsatzea behartzen zuela.

Praktikak kontzientzia sortzen du

Metodo hori ez da eskuliburu edo testu teoriko batean idatzia izan, pixkanaka pixkanaka garatu da lurraldean, eta kolektiboki irudikatua eta eramana izan da, batzuetan ebidentzia bat bezala, beste batzuetan eztabaida bizi batzutarik landa non beste aukera estrategiko batzu kontra jarriak izan zaizkion, baina proposamen ezberdin horiek gutiengoan gelditu dira, edo beraien kabuz agortu dira etekinik gabeko esperimentazio garai baten ondotik. Metodo hori eskematikoki deskribatzeko erran nezake bi parte handiren arteko antolaketaren ondorioa izan dela:

  1. Gehiengoa batzen zuten eta norabide onean joaten ziren helburu batzuen inguruan formulatutako frantses Estatuari zuzendutako eskakizunak, nahiz eta haien maila eta haien edukia ez ziren abertzaleek beren kabuz aldarrikatzen zituzten galdeen heinekoak
  2. Estatuak baikorki erantzutea itxoin gabe eskaera horien edukia praktikan jartzen laguntzeko iniziatibak, egiturak, proiektuak eraikitzea.

Osagai horietako lehenak, zeinen adibide adierazgarriena, euskal departamendu baten aldeko borroka den, hainbat gauza ahalbidetzen zituen: jende eta sektore anitz mugiarazten zituen, abertzaleek soilik bultzatu aldarrikapenek (sentsibilitateen arabera autonomia edo independentzia) baino sare zabalago bat. Hori dela eta, Iparraldean harreman, zubi eta aliantza berriak sortzea pixkanaka permititzen zuen (baita, askotan, Frantziar Estatuko buru edo indar ezberdinekin ere). Frantziar Estatuaren ezezko gogorrei eta mespretxuari aurre egiteko beharra dela eta, konplizitate berri horiek indartzen zituen, bere izaera zehatzari buruz kontzientzia-hartze bat pizten zuen, aitorpenerako egarria zorrozten zuen, instituzionalki existitzeko eta bertan erabakitzeko ahala lortzeko gosea handitzen zuen. Praktikak sortzen zuen kontzientzia eta herritarrak, aldatzera eta urrunago ibiltzera eramaiten zituen, batzuetan arreta, duda eta kezka ainitzekin hartu zuten bidean.

Euskal departamendu baten aldeko borrokak
Iparraldean harreman, zubi eta aliantza berriak sortzea
pixkanaka permititzen zuen, baita, askotan,
Frantziar Estatuko buru edo indar ezberdinekin ere.

Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena
Arg: Argia

Estatuak aldarrikapen hura onartuz geroz egin zezakeena gauzatzen hasten ziren ekimen edo entitateen eraikuntza paraleloa hasi zen, eta horrek aldarrikapenari zilegitasun handiagoa ematen zion, sustengu eta parte hartzaile gehiago erakartzen zizkion, frogatuz eskala ttipi batean, zenbat irabazi zitekeen dimentsio handiago bat ematen bazitzaion eta desmartxa hori oinarritzat, instituziotzat hartua balitz. Aldarrikapena molde performatibo batean hots ia gauzatuz eramaten zuen, Estatua bortxatuz bere axolagabekeriatik ateratzea, erantzutea eta ihardestea, hainbat ekimenen bitartez, “programa konstruktibo” horren garapena mugatzeko edo programa horrek Estatuari sortzen ahal zituen kostu politikoak ttipitzeko. Bi osagai horiek elkar elikatzen zuten, elkar indartzen, eta horien artikulazioak frantziar zentralismoaren aitzinean eragitea lortzen zuen, errealitatea egiazki eraldatuz eta Iparraldearen kontzientzia maila handituz.

Estrategia irabazlea

Kasu adierazgarriena, antolaketa estrategiko horren eraginkortasuna hobekien irudikatzen duena, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortzearena da, Euskal Herriko laborantza ganbara berezi baten aldeko hamar urteko mobilizazio baten ondotik eta Iparraldearentzat Instituzio baten aldeko Batera kanpainaren testuinguruan. Denbora berean, euskal departamenduaren aldeko kanpaina eta Udalbiltzaren sortzearen antolaketa gertatu ziren, honek lehen unetik erakusten zuelarik bazela gaitasuna Frantses Estatuan gauzak mugiarazteko. Zoritxarrez, ez du astirik ukan garatzeko, 1999ko bukaeran su-etenaren amaitzeak geldiarazi baitzuen Lizarra-Garaziko prozesua. Ez zuen orduan garatu ahal izan bere potentzial estrategikoa, ene iduriko alimalekoa edo itzela zena. Laborantza Ganbarari dagokionez, benetako erakunde horren sortzea, 2005ean bihurgune garrantzitsua izan da Iparraldean, izan dadin laborantza munduan edo Iparraldearen izate instituzionalaren alde. Iparraldeko 158 herri batzen dituen hiri elkargo baten sorrera, lurraldearen historiako lehen erakundearen sorrera, Laborantza Ganbarari zor zaio parte handiz.

Laborantza Ganbarak egindako oinarrizko lanak, tresna horren egokitasuna eta ondorioz aldarrikapen horren bidezkotasuna erakutsiz, bazuen mobilizatze guziek eta manifestazio guziek bezainbat edo gehiago balio.

Txetx Etxeberri

Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena
Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena
Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena

Manu Robles-Arangiz Fundazioaren animatzailea Iparraldean. Tokiko alternatiba sozial eta ekologikoetan parte hartuz, bai eta euskal eraikuntza nazionalean.

2 pentsamendu “Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena (1/2)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2018-08-18 20:18

    “Testuinguru horretan, Euskal Herri osoko estrategia bakar bat eraiki daiteke? Prozesu horretan Iparraldea bere ekarpena egiten ari da, gure lurraldeak hemengo jendartearen pentsamoldeak eraldatzeko balio duten bitartekoak asmatu baititu”
    Hasierako galdera honi egin nahi diozun arrapostua ez da argia, bederen enetako.
    Ala ondotik erabiltzen ditutzun erran-moldeek , « bakar bat », « gure lurraldeak », « hemengo jendartea » erran nahi ote dute Euskal Herriko osoko estrategiarik ez daitekeela eraiki ?
    Ez naiz aditu bat politikan bainan ez dut uste estrategia serio batek inposatzen duela bitarteko eta ekimen berdin berdinak denbora berean Euskal Herri guzian.
    Ez ote zara iradokitzen ari aldendu behar garela nazio batasunaren ideiatik eta ta gure bizitza propioa ereman gure aldetik ?
    Hau da Iparraldearen ekarpena ? Nori buruz ekarpena da?
    Barkatu bainan, Jakin behar nuke irakurtzen segitzeko.

  • Benat Castorene 2018-08-19 17:53

    Testua da autosatisfakzio ariketa bat. Bururaino irakakurri eta, dena argitzen da:
    Iparraldean, praktikan, ez liburuetan, asmatu dugun “metodo oso berezi”a da estatuarekiko kolaborazioa.
    Doidoi behar da estatua akuilatu “bere axolagabekeriatik” ateratzeko.
    Deus ez da testu honetan abertzale izena merezi duenik.
    Hastetik bururaino politika erregionalistaren alderako aldarrikapen sutsu bat da.
    Horrela pentsatzen dutenak nausitu dira iparraldean.
    Haientzat, nabarmen da ez daitekeela “Euskal Herri osoko estrategia bakar bat eraiki “, ez luke zentzurik ere.