Euskal Hedabideen Urtekaria 2016
Euskal Hedabideen Urtekaria 2016
Euskal Hedabideen Behategiak, iaz egin bezala, Urtekaria aurkeztuko du Durangoko Azokan: abenduaren 5ean, astelehena, eguerdiko 14:00etan, Areto Nagusian. Bertan, Behategiko kide diren ikertzaileen arteko mahai-inguru labur bat egingo dugu aurtengo uzta aurkezteko.
…
2016ko Urtekariaren ardatzak
2016ko Urtekari honetan etxe barrura begira jarri gara, baina, begirada aberaste aldera, lehen-lehenik beste ispilu bat arakatzeko hautua egin dugu. Horregatik, Aberystwyth Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile den Elin Haf Jones-ek sinatutako “Gales eta hedabideak” artikulua da lanaren abiapuntua. Bertan, Euskal Herriko eta Galeseko egoeren alderaketa xehea dakarkigu, bai hizkuntza-politikak, bai hedabideen zabalpena zein kontsumoa hartuta hizpide. Aldarri baten eskakizuna azken buruan: hedabideek hizkuntza-normalkuntzarako tresna bezala duten estrategikotasuna aintzat hartzea.
Hurrengo atalean, Euskal Herrira bideratzen gaitu Hekimen Euskal Hedabideen elkarteko zuzendariak. Alberto Barandiaran Amillanoren eskutik ezagutuko du irakurleak euskal hedabideen datu-basea, hau da, datutegia (datutegia.behategia.eus). Sektoreak eta akademiak behar zuten lanerako oinarri horren erradiografia dakarkigu, inoiz egin den datu bilketa handienak erakusten dituen zabalpen handia, borondate publikoa eta elkarlanerako asmoa mahaigaineratzeko.
Jarraian, “Euskal hedabideen etorkizuneko orube sozial eta geografikoa” artikulua dator. Gaindegiak idatzitako testuak hiru erpin ditu aztergai: errealitate soziodemografikoa, kulturala eta geografikoa. Euskarazko hedabideon jarduera eta erabiltzaileekiko hartu-emana baldintzatzen dituzten ezaugarri horien nolakotasuna zein etorkizuneko garapena dituzte aipagai. Izan ere, azken hamarkadan gure geografia demografikoak zein sozialak aldaketa sakona bizi izan baitu, hortaz, hedabideen esparruan ere komenigarria zaigu joera horien kontzientzia hartzea.
Sektorearen testuingurua eta protagonistak nortzuk diren jakin ondoren, komunikabideen hedaduraren inguruko eztabaida helduko dugu UPV/EHUko Josu Amezaga Albizuren eta Errota Digitala elkarteko Gorka Salces Alcaderen eskutik. Gaur egun euskarazko komunikabideek lortzen duten hedaduraren argazkia dakarte, baita azken urteetan izan diren bilakaera eta aldaketa nagusi batzuen azterketa ere.
Azken bi artikuluetan, berriz, tokiko komunikabideak dakartzagu azterketaren lehen lerrora.
Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko Ane Urkola Agirrezabalak eta Eneko Bidegain Airek sinatutako “Euskarazko tokiko komunikabideen egoerari begirada bat” lana. Azken urteetan sortutako komunikabide berriak zein bateratzeak aztergai, hain zuzen, gaurko egoeraren argazki eguneratua aurkezteko.
Bestetik, “Tokian tokiko aldizkarien kalitate-indizeen neurketa” artikulua; UPV/EHUko Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza Ikerketa Taldeko Txema Ramirez de la Piscina Martinez, Beatriz Zabalondo Loidi, Alazne Aiestaran Yarza eta Antxoka Agirre Maioraren lana. Bertan, euskarazko tokiko aldizkariei lotutako kalitate-indizeen inguruan egindako lehen hurbilketa bat landu dute…
Aurtengo Euskal Hedabideen Urtekaria ixteko, Behategiko kide diren ikertzaileek egindako artikulu-bilduma osatu dugu, hots, nazioartean argitaratu diren eta guretzat interesgarriak diren artikuluen hautaketa.
Aurkezpenera gonbitea eginda, Durangoko Azokan abenduaren 5ean, astelehena, 14:00etan, Areto Nagusian.
Euskal Hedabideen Urtekaria 2016