Euskal fotokazetaritzaz (Ba al da euskal argazkilaritzarik IV)

Arestian aipaturiko bi sariketa horien bultzatzaileek planteatu ote dute noizbait kazetaritza grafikoa saritzea?

Esango nuke fotokazetaritza saritua izateko arazoen atzean,  ‘euskal’ den ala ez erabakitzeko zailtasunak baino, fotokazetaritza bere horretan kazetaritza direnik ez sinesten dagoela. Ez diot arazoa Argian edo Andoaingo Udalean dagoenik, edo ez hor bakarrik behintzat. Susmoa dut orokorki, kazetaritzara dedikatzen direnen artean ere, fotokazetaritza ez dagoela kazetaritza bezala onartua. Agian, galdetuz gero, ehuneko handi batek baietz, kazetaritza dela esango dute, baina eguneroko martxan ikusten da hori ez dela egia; Barrendik ez zaiela horrelakorik ateratzen.

Eta ez naiz eguneroko argazki solteez ari, horri ere heldu niezaiokeen, erreportai sakonez nabil hizketan, aldizkari edo egunkari batean, paperean edo sarean argitaratzen den kontutan eduki gabe, atzetik lan sakona duela badakigun erreportaiez ari naiz; Hitza baino, oinarritzat irudia hartuta eraikitako kazetaritza lanetaz .

Gure inguruko hedabide gehienek kontzeptu bera erabiltzen dute erreportaiak argitaratzeko orduan. Oinarria idatzizko testu bat izaten da, kontatu nahi dena hitzez kontatzen duena, eta argazkiak ilustratzeko erabiltzen dira (kasurik hoberenean) edo testuari arnasa eman eta orrialdeak itxuraz pisotsuak gerta ez daitezen (sarriegi). Egile edo agentzi ezberdinetako argazkiak erabiltzen dira askotan, batak bestearekin koerentzia bisual edo narratiborik izan ez arren, edo artxiboan zeudenak aukeratzen dira, gaiarekiko nolabaiteko lotura izan zezaketeenak… Baina badago beste erreportai mota bat, irudia oinarritzat hartu, egoeraren, istorioaren edo gertakarien ezterketa narratibo-bisual bat egin eta guzti hori testuinguruan jartzeko testu (labur edo luze) bat darabiltenak.

 

Azken molde honek, egia da, badituela bere gabeziak. Protagonista diren horien hitzak, izenak, zenbakiak (noiz, noiztik, zenbat…) edo beste datu batzuek falta izan ditzake batzuetan, baina ez dugu ahantzi behar idatzizko testuak ere badituela bere gabeziak, irakurleari iritsteko zail egiten diran sentsazioen kontaketa, ingurukoen begiradak, ambienteak…

Lortuko al dugu fotokazetaritza edo kazetaritza grafikoa euskal kazetaritzaren klubeko kide izatea? Beste kideen eskubide eta betebehar berak onartuko dizkiogu?

Hasieran aipaturiko 2 sariketa horietako batean, erreportai grafikoren bat (edo argazkia oinarritzat hartuta eraikitako erreportairen bat) irabazle izatera iristen ez bada ere, aztertua izan dela jakiten dudan egunean, sinistuko dut, bitartean…

 

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.