I+G+b tresnak gehitu ditu UZEIk bere webgune berrituan

 I+G+b tresnak gehitu ditu UZEIk bere webgune berrituan

 

  • Itxura berritua du webgune berriak, plataforma anitzetarako egokitutakoa.
  • Baliabide berriak jarri dira erabiltzaileen eskura.
  • Lexikoaren egokitasuna egiaztatzeko tresnaren demoa doan erabil daiteke

 

Itxura berria, baliabide gehiago

UZEIk gaur plazaratu duen webguneak (www.uzei.com) itxura berritua izateaz gain, formatu argiagoa eta erabilgarriagoa du eta, plataforma anitzetara egokituta dagoenez, erabiltzaileari bidea errazten dio UZEIk bere eskura jartzen dituen edukiak kontsultatzeko eta erabiltzeko.

Hain zuzen ere, orain arteko webgunean eskaintzen ziren edukiez gain, I+G+b arloko baliabide berriak eskaintzen dira orain webgune honetan. Horrela, UZEIk azken urteotan garatu dituen Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduko hainbat tresnaren demo-bertsioak daude erabilgarri lehen aldiz: euLEMA euskarazko lematizatzailea, esLEMA gaztelaniazko lematizatzailea, eta, euskaraz zuzen idatzi nahi duen ororentzat laguntza-tresna izateko UZEIk sortu duen IDITE izeneko lexiko-egiaztatzailea.

Euskarazko lexikoa egiaztatzeko tresnaren demoa, doan

UZEIk bere teknologiaz garatutako IDITE tresna euskarazko lexikoaren egiaztatzaile automatikoa da, zuzentzaile ortografiko baten lana gaindituz hitzen egokitasun lexikoa analizatzen duena.

Edozein mailatako testutan erabilitako lexikoa aztertzen du, lexiko orokorraz gain terminologia ere kontuan hartzen baitu.

Horren erakusgarri, Euskaltzaindiak IDITE aukeratua du bere lanen arauekiko adostasuna egiaztatzeko.

Analisi ortografiko hutsa egiteaz gain, euskara estandarrean erabil edo hobe markak ezarrita dituzten hitzen agerpenak detektatzen ditu IDITEk, eta horrelakoetan, kasuan kasuko forma hobetsia proposatzen du.

Orain webgunean kontsultagai jarri den demo-bertsioak koloreen arabera adierazten du testuetan detektatzen dituen hitz ez-egokientzat egiten dituen proposamenak: berdez markatzen ditu erabili marka duten hitzak (adib.  abalatu erabili abala eman) eta urdinez bestelako forma hobetsiak (adib. letxuga hobe uraza).

Eta, jakina, aztertutako testuetan ezagutzen ez dituen hitzak gorriz zerrendatzen dituenez (adib. denpora idatzita, denbora eta tenpora proposatzen ditu), akats ortografikoak detektatzeko ere lagungarria izan daiteke.

Demo-bertsio honek, gehienez, paragrafo bat edo 50 hitz aztertzen ditu. Bestalde, IDITE zerbitzua kontratatua duten erakundeek eta erabiltzaileek egiaztatzailearen bertsio osorako sarbidea izango dute kontsulta-orritik bertatik.

Hiztegiak eta bestelako baliabideak

Euskalterm Banku Terminologiko Publikoan txertatutako UZEIren azken 33 hiztegiak deskargatzeko estekak ere bildu dira webgune berrian, baita UZEIk Eusko Jaurlaritzarentzat egin dituen software-lokalizazioetako lanak eskuratzeko estekak ere.

Gainera, Sinonimoen Hiztegirako eta Euskal Mundu Mapa Digitalerako sarbideak ere webgune berrian txertatu dira, UZEIk sarean jarritako baliabide guztiak bateratzeko asmoz.

Erabilgarritasuna helburu

Erabilgarritasuna izan da webgune berria sortzerakoan UZEIk gogoan izan duen helburu nagusia, eta horregatik diseinu erabilerrazago batean eduki gehiago jarri dira kontsultagai, UZEIk euskararen lexiko espezializatuaren nahiz lexiko orokorraren esparruan egiten duen lana ahalik eta erabiltzaile gehienen eskura jartzeko asmoz.

Babesleak

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Gipuzkoa Foru Aldundiaren babesari esker garatu da UZEIren webgune berria.

IDITE_adibidea

 IDITE_emaitzak