Euskal Eskola Publikoa erasoen jomugan

Euskal Eskola Publikoa erasoen jomugan –

Hezkuntza Saila, sare pribatua babestu nahian, sare publikoa ahultzen saiatzen ari da etengabe. Oraingo honetan bi eraso berri salatzera gatoz: Planifikazio Dekretua, eta Europako Fondoak 0-3 urteko plaza publiko berrietan inbertitzeari uko egitea.

Euskal Eskola Publikoa erasoen jomuganPlanifikazio Dekretua umeen aurtengo matrikula egiteko prozesuaren ondoren argitaratu da, eskola-plazen eskaintza aurkeztu ondoren (ikastetxe kontzertatuen gain eskaintza bermatu ondoren, alegia). Dena aurrez planifikatua zegoenean atera dute planifikazio dekretua, eta hainbat arau atera ondoren, osatuko dute legea. Atzekoz aurrera doaz.

Martxoaren 14ko Planifikazio dekretuan berriro ere adierazten da hezkuntza eskubidea bermatzeko Administrazioak bi motatako ikastetxeak dituela: publikoak eta pribatu-itunduak. Biak ala biak maila berean jartzen ditu plazak eskaintzeko orduan, eta biei buruz hitz egiten du parekoak balira bezala, sare publikoa babesteko/indartzeko inolako asmorik adierazi gabe. Horrek dakar sare publikoa pribatuaren osagarri bihurtzea eta funts publikoak barra-barra esku pribatuetara bideratzea, alegia, hezkuntza pribatizatzea, gehienen kalterako eta pribatuko patronalen onerako.

Planifikazio Dekretuan, Euskal Eskola Publikoaren Legea baztertuz, estatuko LOE aipatzen dute horren oinarri gisa, baita EAEko lau alderdi politikok sinatutako akordioa. Dekretu horren zilegitasun faltari gehituko diogu Hezkuntza Sailaren zerbitzu juridikoek propio egindako txostenak esaten duena:

  • Iazko apirilean sinatutako akordioa ez da legea (are gutxiago baldin eta sinatzaile bakoitzari edukia bere erara irakurtzeko aukera ematen badio).
  • Ez da existitzen “funts publikoaz sostengatzen den ikastetxeen” sarerik, baizik eta bi sare: publikoa eta pribatua.
  • Hezkuntza saila behartuta dago plaza publiko nahikoak eskaintzen, eta hori ez du bermatzen eskola publikorik ez dagoen herrietan. Bi motako eskaintza parekatzeko saiakera proposatu zuten aspaldian ikastetxe pribatu batzuk, eta sententzia batek (118/2011, EAEko Auzitegi Nagusia) argi utzi zien ezetz. 
  • Plazak eskaintzeko orduan, ikastetxe pribatuak ezin dira kudeatu publikoak balira bezala, ez dago administrazioaren esku haien eskaintza mugatzea, bazik eta baimenak ematea edo ukatu, eta itunak ematea edo ukatu, besterik ez.

Beraz, dekretua sare publikoari eraso egiten dio, legez kanpo kokatzen da, eta bere garapenean sare pribatuari mugak jarri nahi izanez gero, oztopoak izan ditzake. Astakerien sorta borobiltzeko, hizkuntza ereduak “familien” esku uzten du, hau da, murgiltze ereduari bultzadarik ez. 

Eta hona hemen Hezkuntza Sailaren bigarren erasoa: Europako Errekuperazio eta Erresilientziarako fondoak banatzean, 7.698€ esleitu zitzaizkion EAEri, 0-2 urteko umeentzako plaza publiko berriak sortzeko. Baina gure ordezkariek adierazi zuten irizpide horrekiko ezadostasuna, zeren eta “hemen plaza publiko nahikoa badago” eta beste zereginetan inbertitu nahi zuten dirua; ondorioz, Madrilen erabaki dute diru hori ez ematea. Eusko Jaurlaritza kexu da.

Planifikazio dekretu berria, matrikula aldian egin den eskola-plazen gain eskaintza, itunen luzapena, bi urteko gelen kontzertazioa, Europako diruari muzin egitea eta, oro har, hezkuntza planifikazio osoa sare pribatuaren mesederako da.

Euskal Eskola Publikoa erasoen jomugan

13 pentsamendu “Euskal Eskola Publikoa erasoen jomugan”-ri buruz

  • Zuen eskola ereduaz hain harro baldin bazaudete, ez dut ulertzen zergatik beste ereduen aurka ematen duzuen denbora dena. Horren harro bazaudete, zeunean zentratu eta utzi gainontzekoei nahi dutena egiten.

  • Tximino, “utzi gainontzekoei nahi dutena egiten”. Bai baina gainontzekoak nortzuk dira? Kristau Eskola? Ikastola pribatuak? Opuseko ikastetxeak? Orduan nahi dutena egiten utziko diegu diru publikoarekin, guztion diruarekin funtzionatzeari utziko diotenean.

  • Nire semeak eta herriko etorkinak segregatuak ez daudela ikusten dudanean, hau da eskola pribatuak, nire kasuan ikastolak, segregazioa ikusi eta beste aldera begiratzen ez duenean, utziko diot kexatzeari.

  • Mikel Haranburu 2023-04-02 00:30

    Zure semeak “segregatuta” daude beste eskola publikoetatik, ikastoletatik bezainbeste. Edo ondoko herriko edo auzoko eskoletatik. Baita zureek ez beste kirolen bat praktikatzen dutenengandik. Ez dut ulertzen zertara datorren ikastolekiko herra hori, beste hamaika tokitatik “segregazio” maila eta molde berbera “jasan” behar duzuelarik…

  • Mikel Haranburu 2023-04-02 00:35

    Nik ezagutzen ditudan ikastolak kooperatibak dira; ez dira eskola pribatuak, titulartasuna ez da enpresa batena, gurasoena baizik. Kooperatibak irekiak dira, zeregin publikoa egiten dute (heziketa) eta merezi dute besteek bezainbeste (bai, bezainbeste, ez gehiago) diru publikoa, lan publikoa egiten baitute.

  • Segregazioa? Baliteke. Nik ezagutzen eta ikusten dudanetik, seme-alabak dagoeneko lanean Hasiak baitira, evangelista, hegoamerikar eta musulman gehienek eskola pribatua nahiago, kristaua, musulmana izanda ere. Azken batean, dohakoa da eta. Eta gerok, anitzetan bezala, geronen buruaren kontra babukeria bat bestearen atzean errepikatzen, eta sinisten.

  • Eta zein da segregazioaren arazoa? Ez ote dute gure seme alabek eskubiderik ahal bezain ingurune euskaldunenean hezituak izateko, beren gisako euskaldunekin batera, ingurune soziokultural propio eta osasuntsu batean ? Bizitza oso bat izango dute gero euskera eta euskaltasuna ahazteko, erdaraz barra barra egiteko, regetoia dantzatzeko, Rosalia abesteko, hijaba janzteko eta telecinco ikusteko. Eman diezaiegun bederen haurtzaro zinez euskaldun baten oroimena, ez ditzagun lehen urtetatik arroztu.

  • Mikel Haranburu 2023-04-03 12:45

    “Ez ote dute gure seme alabek eskubiderik ahal bezain ingurune euskaldunenean hezituak izateko, beren gisako euskaldunekin batera, ingurune soziokultural propio eta osasuntsu batean ?”
    Ez bakarrik eskubidea, helburu ere bada, eginkizuna eta beharra. Edozein erdal familiak eta bere seme-alabek aurkitzen dutena nonahi, Salamancan zein Ablitasen edo Biarritzen. Horixe bera, Euskal Herrian. Baina batzurentzat lehentasunak beti bestelako kontuak dira, eta Euskal Herria eta bere kultura, beti beti azkena.

  • Xabierrek dio “Orduan nahi dutena egiten utziko diegu diru publikoarekin, guztion diruarekin funtzionatzeari utziko diotenean”.
    Bada, zergatik erabili behar da guztion dirua, erakunde espainiar eta araudi espainiarpeko eskoletan?
    Publiko/pribatu terminoen erabilera maltzurra egiten duzue, publikoa ez dena diru etekin pribatuak lortzeko tresna bailiran eta ez hezkuntza aniztasunerako tresna.
    Zuen eskema hedabideetan ere aplikatu beharko litzateke? Zerga guztiak hedabide publikoetara bideratu behar dira “pribatuak” alde batera utzita?
    ************* DEMOKRAZIA ORGANIKOrik EZ ****************

  • Eta utziko diotenean ez da euskara. Espainol garbia eta aratza. Bo, espainol narratsa.

  • Nik publikoan ditut semeak eta ez nago harro. Batez ere, ez nago harro ikastolako aita-amak dituztelako irakasle, hau da, euren seme-alabentzat nahi ez duten eskolako irakasle direlako nire semeen heziketaz arduratzen diren ustezko profesionalak. Hori errotik aldatu ezik nik neuk ere datorren urtean pribatura. Han askoz eskuzabalagoak dira, orduak sartzeko arazorik ez, umeei arreta primeran…. ni ez noa nire mililantziarekin publikako irakasle klase hori mantentzen.

  • Ustezkoak? Zergatik ustezkoak? Ez zoaz mantentzen? Ostia hi! Ba al duzu alabarik? Publikako irakasle hori mantentzen: Arren, itzul zenezake esaldi hori euskarara?

  • Ikastola pribatu elitista-segregatzailea versus euskal eskola publiko demokratikoa, igualitarista, feminista, antiarrazista, multikulturala, inklusiboa… Hori da benetako kontua.