Euskal eskola publiko komunitarioranzko trantsizioa aldarrikatu genuen atzo Gasteizen
Euskal eskola publiko komunitarioranzko trantsizioa –
EAEko Hezkuntza Legearen harira mobilizazioa egin du LAB sindikatuak Gasteizen, zeinean azpisektore desberdinetako ordezkariek parte hartu duten: eskola publikoko irakasleak, heziketa bereziko langileak, sukaldari eta garbitzaileak, haurreskolak, ikastolak, gizarte ekimena, jangelak eta eskola garraioa.
LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok oso kritiko azaldu da Hezkuntza Legearen zirriborroarekin (Irailean egindako prentsaurrekoan xedapen gehigarriak proposatu genituen, EAEko Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan): “Eskuin eskuarekin idatzita dago, PNVk hezkuntzaren gainean duen ikuspegi neoliberala antzematen zaio. Eta PSEri eta Elizari mesede egitearren, atzerapausoak egon dira udaberritik hona euskarari edota laikotasunari dagokionean”.
LABek salatu duenez, zirriborroan Eusko Jaurlaritzak uko egin dio hezkuntza eskumen osoak eta, besteak beste, Euskal Curriculuma, eskuratzeko asmo historikoari; euskarari dagokionez erabat lausoa da; Estatuak ezarritako hezkuntza-sistemaren antolaketa duala mantendu eta betikotu egiten du; eta diru publikoz finantzatutako ikastetxeek bete beharreko baldintzak zehazteari uko egiten dio.
Hezkuntza Lege zirriborroak eskola publikoaren beharrak ez dituela aintzat hartzen salatu du Arroyok: “Hamarkadetan zehar utzikeria handiz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia eskola publikoari zor zaiona emateko. Ekintza sindikalari esker, hezkuntza langile gehiago kontratatzea lortu du LABek, irakasleen plantilla esleitzeko irizpideak berrituz. Orain premiazkoa da azpiegituretan inbertsio handi bat egitea, ikastetxeei euren hezkuntza egitasmoa garatzeko baliabide eta eskumen gehiago ematea, langileen egonkortze prozesua bururaino eramatea, 0-3 eskaintza publiko, doakoa eta unibertsala bermatzea”. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin, urtea amaitu aurretik eskola publikoaren garapenerako plan estrategikoa garatzea exijitu du LABek, eta datorren urterako aurrekontu proiektuan bertan inbertsio handiagoa jasotzea.
Itundutako eremuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak “kafea denontzat” eman nahi duela salatu du LABek: “Badira bokazio edo izaera publikoa duten ikastola eta ikastetxeak, euskal sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berria eraikitzeko ekarpena egin dezaketenak. Baina badira helburu ebanjelizatzailea edota ekonomikoa dutenak eta helburu horri eutsi nahi diotenak”.
LABen iritziz, EAEko hezkuntza esparruan trantsizioa egiteko tresna izan beharko luke Hezkuntza Legeak: hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabe batera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik, euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze sistema batera; bi saretan oinarritutako hezkuntza eredu dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, hau da, LABek ortzimugan duen Euskal Eskola Publiko Komunitariora.
Lan baldintzei dagokionez, berriz, Legeak oinarri bat finkatu beharko luke, gerora negoziazio kolektiboaren bidez garatuko dena. Ildo honetan, LABek bost xedapen jasotzea proposatu du: eskola publikoetan dagoen lanpostu zerrenda blindatzea; itundutako langileen lan baldintzen homologazio prozedura irekitzea; sarbide gardenerako araubidea garatzea; soldata arrakalarekin bukatzeko neurriak ezartzea; eta eskola publiko nahiz itunduetan pribatizatutako zerbitzuetako langileen errebertsiorako plangintza egitea.
Neurri hauek guztiak indarrean jartzeko, hezkuntzaren aldeko apustu estrategikoa aldarrikatu du LABek, Barne Produktu Gordinaren %6 hezkuntzan inbertituz.
Euskal eskola publiko komunitarioranzko trantsizioa aldarrikatu genuen atzo Gasteizen