[Simone Weil] Erroztamedua XXXVII

[Simone Weil] Erroztamedua XXXVII – 

Erroztamendua (XXXVII bidalketa)

[Errogabetasuna] Arimaren Premiak VIIIHitlerrek berak erabiltzen dituen hitzetan beretan, nabaritzen dugu kontrako pentsamolde bat: «[…] planetek eta iguzkiek ibilbide zirkularrak jarraitzen dituzten, ilargiek planeten itzulian biratzen duten, indarrak denetan dominatzen duen, eta otzanki zerbitzatzera behartzen edo suntsitzen duen ahuleziaren nausi […]» Alta, nola bada, indar itsuak ibilbide zirkulurrak sortuko lituzke? Ez, ez du ahuleziak indarra otzanki zerbitzatzen. Indarrak du ordea betiereko Zuhurtzia zerbitzatzen.

Hitlerrek, eta bere gaztetasun fanatikoak ez dute sekula hau sentitu argizagiak gauan begiratuz. Baina nork  ote dio  sekula hau egiten? Eta hain harro garen gure zibilizazio honek dena egin du hori ezkutatzeko. Eta gure ariman zibilizazio honetaz harro izaiteko zerbait gai geratuko zaiguno, ez gara Hitlerren krimen bakar batez ere inozent izango.

Indietan, jatorriko zentzua «oreka» den hitz batek munduaren ordena eta justizia erran nahi du. Hona gai honi buruz testu sakratu bat, zeina, forma sinboliko batean, orobat munduaren sorkuntzari eta gizarteari dagokien.

«[…] hasieran, egiatan,  Jainkoa existitzen zen erabat bakarrik. Bakarrik izanki ez zuen bere burua agertzen. Orduan sortu zuen goieneko egoera-forma bat, soberanotasuna. Horregatik deus ez da  soberanotasuna baino altuagorik. Horregatik ospakizunetan, apaiza jarria da erregearen gainean […]».

«Jainkoak ez zuen oraindik bere burua agertzen. Sortu zituen laborarien, artisauen eta merkatarien klaseak».

«[…] ez zuen oraindik bere burua agertzen. Sortu zuen zerbitzarien klasea […]».

«Ez zen oraindik ere agertzen. Sortu zuen goi-mailako egoera forma bat, justizia alegia. Justizia da soberanotasunaren soberanotasuna. Horregatik deus ez da justizia baino goragorik. Justiziari esker, botererik ez daukana botere asko daukanaren berdina izan daiteke, errege autoritate bati esker bezala».

«Justizia dena, hori da egia dena. Horregatik norbaitek egia erraiten duelarik, erraiten da «Justua da» eta norbaitek justizia erraiten duelarik, erraiten da «Egia da». Arrazoia da justizia eta egia gauza bera direla».

Indiar kobla biziki zaharrak dio:

Iguzkia jeikitzen den toki hura
Etzaten den toki hura,
Haiek Jainkoek justizia egin dituzte
Berdina gaur, berdina bihar

Bere aldetik Anaximandrek zioen:

«Zehaztugabetik dira gauzak sortzen, eta hondamena da beharragatik egiten den zehaztugaberako itzulera. Zeren gauzek, elkarrengandik, pairatzen dute gaztigu eta hoben-ordainketa, haien injustizia gatik eta, denboraren ordenaren arabera».

Hau da egia ez eta zientzia modernoaren bulgarizazioan Hitlerrek harturiko kontzepzio higingarri hura. Indar ikusgarri eta aztagarri orok dauka sekula pasako ez duen mugarri ikusezin bat. Itsasoan, uhina igotzen da, igotzen, igotzen da; alta hutsa baizik ez den puntu batek geratzen du eta jautsarazten du. Halaber alemaniar uholdea geratu da Manche itsasoaren leihorrean, geratze horren zergatia inork ez dakiela.

Pitagorriziarrek zioten unibertsoa osatua zela mugatugabeaz, eta mugatzen eta geratzen duen printzipioaz. Baina printzipio honek du beti dominatzen.

Ortzadarrari dagokion tradizioak, Moisek Egiptarrei jesandakoak, modu hunkigarrienean adierazten du munduaren ordenak gizonei eman behar dien esperantza.

«Jainkoak dio: … Etorkizunean, hodeiak lurraren gainean metatuko ditudalarik eta ortzadarra zeruan agertuko denean zuekiko izaite-bizidun guziekiko ene hitzarmenaz oroituko naiz, eta urak geratuko dira delugio izaten».

Ortzadarraren zirkulu-erdi ederra, behere honetako fenomenoak oro, nahiz izigarriak izan, mugarri bati menderatuak direlako lekukotasuna da; Testu honen poesia miresgarriak nahi dio Jainkoari oroitarazi mugatzen duen printzipioaren funtzioa bete dezala.

«Urei mugarri pasaezinak eman dizkiezu haiei eragozteko lurra itotzetik. » (104. psalmoa).

Eta uhainen gora beherak bezala, –behere honetan, gertakari hurrenkera guziek elgar konpentsatzen duten oreka-hauste izanki– sortzeek eta hondamenek, garapenek eta endurpenek sentigarri egiten dute substantzia gabeko eta diamantea baino gogorragoko mugarri sare baten presentzia ikusezina. Horra zergaitik gauzen gora-beherek -ederrak diren arren- uzten duten agertzera halabehar errukigabea. Errukigabea, baina indarra ez dena, indar guzien nausi soberanoa dena.

Baina gure aurrekoak xoratu dituen pentsamendua hauxe da: materiaren indar itsua obediarazten duena ez da beste indar bat, are indartsuagoa; baina amodioa baizik ez da. Pentsatzen zuten materiak obeditzen ziola betiereko zuhurtziari amodioaren bertuteagatik zeinak materia obeditzera derrigortzen baitu.

[Simone Weil] Erroztamedua XXXVII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Erroztamedua XXXVII”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2022-10-08 15:43

    SWek hainbat aldiz errepikatzen du ideia bera baizik eta :
    “Indar ikusgarri eta aztagarri orok dauka sekula pasako ez duen mugarri ikusezin bat.”
    eta adibidetzat erraten du Alemanen abantzea arrazoi nabarmenik gabe Frantzian geratu zela Ingalaterra inbadiatu gabe Mancha itsasoa aurrean. Baina gaur suntsiketarako baliabide itzelak daude SWek irudikatzen ez zituenak. Jainkoaren nahikundeak Putinen indarra mugatzen duelako ideia gustatuko litzaidake baina nahikunde horrek eragotziko ote lioke piztea gerla nuklearra zeinaren kalteak mugagabeak liratekeen?