Euskal erroak maizter baserrian

Euskal erroak

Unibertsitateko karreran balore etiko eta ideologikoez mintzatzen ginen luze eta zabal, kamera bat edozeinek maneiatu baitezake, baina ez merezi duen jantzi moral eta etikoarekin; eta argi esanda, ideologikoarekin. Vietcongeko gerrillarien formakuntzaren 3/4-ak teorikoak zirela entzundakoa naiz, atera kontuak.

Arlo oso zabal eta ezberdinak garatu genituen bertan: erlijioak, euskal erroak, kooperatibismoa, gazte mugimendua, emakumeen borroka … Gizarteko hainbat gai lantzen genituen irakasleekin, eta batek adibide praktikoa eman nahi izan zigun klase batean. Irakasgaian lantzen ari ginen materiarekin oso erlazionatuta zeuden lagun batzuk gonbidatu zituen gurera: Garaion NaturArtea-ko hiru kide, Ozaetan (Araba) kokatuta dagoen egitasmo baten berri ematera. Karrera Amaierako Proiektua beraien inguruan egitea erabaki nuen.

Garaion hiru sagarrez osatutako proiektua da: natura, ondarea eta sorkuntza; eta euskal erroekin estu lotutako lan bat zegoela iruditu zitzaidan.

Euskal erroakNaturaz hitz egiterakoan, eta natura nola landu, haientzako garrantzitsua da berarekin bat egitea. Kalekumeontzako oso zaila da hori lortzea, prozesu luzea da; Garaionen egitasmoa pertsonekin bide hori lantzea litzateke. Horrekin lortu nahi dutena kontzientzia hartzea da, natura utzi digutena baino hobeto pasa behar diegula hurrengo belaunaldiei; eta horrek lotura zuzena eta sakona dauka gure erroekin, euskal erroekin. Hainbat ikerketa egin dira gai honen inguruan, baserria eta lur jabetza ideia erreferente bezala hartuta. Norbanako propietatea egon bazegoen, baina hein berean jabetza kolektiboak garrantzi handia zeukan. Izan ere, baserria inoiz ez zen banatzen jabeen artean, zaindu eta hobetu egiten zen hurrengo belaunaldietara igaro zedin. Jabetza baino, arduraren ideiak dauka pisu handiagoa: hurrengo belaunaldiari baserria egoera onean edo hobean emateko ardura.

Euskaldunok hiru erroen nahasketa dugu, indoeuroparrena, kristautasunarena eta azkenik gurea, “euskal erroa” gisa definitua, presente egon naizen filosofia klaseetan bederen. Euskara, Euskal Herria edo euskararen herria mantendu egin da, iraun egin du, eutsi egin dio ingurutik etorri zaizkion eraso, eragin eta korronte ezberdinei, eta horiekin nahastu den kultura da. Lurraldea, biztanleria eta ondorioz indar gaitasuna galdu dugu, baina ez gara desagertu, hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu.

Garaioneko hiru sagarretatik urruti, herri indoeuropearrek gizartearen irudikapena hiru funtzioren bitartez egin dute historikoki: subiranotasuna (botere soziala eta erlijiosoa), funtzio militarra eta emankortasunaren funtzioa (biztanleria igo, euren jabetzak handitu, aginte eremua zabaldu, garapena ulertzeko modu bat …). Hizkuntzei begiratuz gero argi eta garbi ikusi daiteke: gaztelera, hizkuntza indoeuroparra, duela 700 urte eskas hasi ziren hitz egiten, eta mundu osotik zabaldu da ezpataren bitartez, 300 milioi hiztun baino gehiago izan arte. Ingelera berdin. Zer zen latina aspaldi batean, eta zer da orain? Euskarak, aldiz, milaka urte daramatza munduan, eta ez da zabaldu inori ezer inposatzeko. Gazteleraren indar-gunea, beraz, hedapena; euskararena, aldiz, iraupena.

Batzuetan iruditzen zait Euskal Herriaz hitz egiten dugunean atzean, fondoan, ideia hori daukagula konszienteak ez izan arren: gure arbasoek (gaur egungo adibideak ahaztu gabe) baserriarekin, etxekoekin eta bizilagunekin zeukaten harremana. Baserria ezin da saldu. Baserria ez da zurea, zurea izan arren. Zurea ardura da, zure gurasoek pasa dizutena zure ondorengoei ondo edo hobeto pasatzeko erantzunkizuna. Hau da, ezin dugula Euskal Herria txikitu, zatitu, puskatu, kutsatu, ito. Euskal Herria ez baita gurea, gurea izan arren; gurea ardura da.

Baina beno, total, ze ostiaz ari naiz hitz egiten, maizterrak gara eta.

“Elkorretaren gailurrean irakatsi huen, norbere lurrean maizter izatea zein garesti ordaintzen den…”

Euskal erroak

 

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “Euskal erroak maizter baserrian”-ri buruz