Nafarroa Oinez 2017 Lesakan urriaren 15ean ‘Bikin bat in’ goiburupean

Nafarroa Oinez 2017 urriaren 15ean ‘Bikin bat in’ goiburupean

2017ko Nafarroa Oinez prestatzen hasia da Lesakako Tantirumairu Ikastola

Urriaren 15ean eginen dute, ‘Bikin bat in’ goiburupean

Nafarroa Oinez 2017

Lesakako Tantirumairu Ikastolak antolatuko du 2017ko Nafarroa Oinez eta ospakizun horren aurkezpena egin dute gaur Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, Iruñean. 29 urteren buruan itzuliko da Nafarroako Ikastolen besta handia Lesakara, 1988an Nafarroa Oineza ere antolatu baitzuen Tantirumairu Ikastolak.

Aurkezpenean, Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolak aurtengo arrakastarengatik zoriondu ondotik, Tantirumairuk 2017ko Nafarroa Oinez proiektua garatzeko ardura eta Nafarroako 15 ikastolak ordezkatzeko ohorea ilusio handiz hartu duela azpimarratu du Aitor Iratzoki zuzendariak. «Tantirumairu tamainan txikia da baina ilusioan hagitz handia dela sumatu dugu Nafarroa Oineza antolatzeko ardura gurea izanen zela jakin genuenetik eta ingurunearen babesa nabarmendu beharra dugu. Eskerrak adierazi jada laguntzera hurbildu den jendetzari eta antolaketan edo beste lanetan laguntzera hurbildu nahi duenak ongi-etorria izanen da, noski» adierazi du.

nafarroaoinez01

Ikastolaren historiaren zertzelada batzuk eman ditu Iratzokik: «Lesakako Tantirumairu ikastolak zazpi ikaslerekin hasi zuen bere bidea urratzen 1974. urtean. Garai hartan, irakaskuntza euskaraz aldarrikatzen zuen gizarteak Euskal Herriko bazter guztietan. Gogo horri erantzunez sortu zen ikastola, guraso eta laguntzaile talde baten ekimenez. Herria euskalduna izanik ere, guti ziren euskaraz solasteko ohiturari eusten zioten gazteak. Hasierako urte haiek zailak izan ziren, baliabide eta lokal egokirik gabe. Guraso, irakasle eta bazkideen ilusio eta indarrek, ordea, ez zuten mugarik; beraien lanari esker, ikastolak aitzinera jarraitu zuen. 1988an Nafarroa Oinez antolatu zen Lesakan eta beroni esker Ikastolaren egoitza erabat berritu eta legeak eskatzen zuen bezala egokitu ondotik, Ikastolak 1991n behin betiko legeztapena lortu zuen».

Gaur egun, 2016-17 ikasturtean 113 ikasle ditu Tantirumairu ikastolak, 75 familiakoak. Gainera, 16 langile gaude eta 100 bat bazkide.

2017ko Nafarroa Oinez eguna, Tantirumairu Ikastolaren ibilbidean mugarri garrantzitsutzat jo du Aitor Iratzoki zuzendariak: «Gauzak aunitz aldatu dira, baina gogotsu gaude, ilusioz, erronka handi bezain polit honen aitzinean. Nafarroako 15 ikastolen izenean, harrotasunez, gure gain hartzen dugu Nafarroa Oinez 2017 besta antolatzeko ardura».

Amaia Lasheras, Tantirumairu Ikastolako lehendakariak adierazi duenez, «Ikastolak ekimen sozialetik sortutakoak gara, herritik herriarentzat, zerbitzu publikoa eskaintzeko xedeaz. Ikastolak nahi duen ororentzat eskuragarri izateko espirituaz abiatu ziren Nafarroan duela 50 urte, eta egun, asmo berari eutsiz jarraitzen dute lanean. Ikastola hezkuntza ereduak euskara eta euskal kultura hartzen ditu oinarritzat, baina beti ere, munduari irekita. Auzolana eta autokudeaketa irizpidetzat hartuta, familia eta langileen elkarlanean curriculum eta ikasmaterial propioak sortzen ditugu eta etengabeko hobekuntzaren bila dihardugu. Tantirumairuk horretan eman du bere ibilbidea eta aurrerantzean ere hala aritu nahi du, horretarako baliabideak behar dituelarik. Lesakako ikastola 7 ikaslerekin sortu zen, egun ordea 100 baino gehiago ditu eta eraikinak ez du behar adina lekurik». Hortaz, 2017ko Nafarroa Oinez Tantirumairu Ikastolako zenbait premia asetzeko baliagarria izanen da: «Jangela handiagoa, gure ikasle talde handiari behar bezala bazkaria eman ahal izateko; Laborategi bat, lehenagokoa informatika gela bilakatu behar izan baitugu; Hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela; Talde bikoiztuak banatzeko gelak; Zuzendaritza bulegoa, tutoretza gela eta guraso elkartearentzat bulegoa. Eraikinak ez duenez zabalkuntzarik onartzen, irtenbiderik egokiena, bere ondoan eraikuntza berri bat egitea da. Egoitza berri horrek lehenbiziko solairuan Haur Hezkuntzako etapa osoa hartuko luke eta jangela eta psikomotrizitate gela beheitiko solairuan. Bertzalde, eraikin zaharrean egokitzapen guti batzuk eginda, nahiko leku geldituko da Lehen Hezkuntzako premia guztiak asetzeko».

Logoa eta leloa

Lehenbiziko urrats horien erakusle, 2017ko Nafarroa Oinezaren leloa eta logoa aurkeztu zituzten. Leloari dagokionez, ‘Bikin bat in’ hautatu dute Lesakan, 1988ko ‘Euskarari eutsi, euskaraz hezi’ hura ordezkatuko duena. Ikastolako presidentearen erranetan, «BI da hitz giltzarria: Nafarroa Oinez bigarren aldiz eginen da Lesakan. Edozein komunikazio, guttienez biren artekoa da, emailea eta hartzailea. Ikastolaren sorrerako haurrek, gaur guraso diren bigarren belaunaldia osatu dute, euskararen transmisioa ziurtatuz. nafarroaoinez02Nafarroa Oinezen helburua ikastolaren gaur egungo eraikinaren ondoan bigarren bat egitea da. Nafarroa ere bitan banatua dugu, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea… Baina aldi berean bi horiek bat egiten dute: Herri berean eginen dugu bigarren Oineza, bigarren eraikinak ere Tantirumairu ikastola bakarra osatuko du, bi belaunaldien arteko komunikazio tresna bakarra izatea nahi dugu ikastolan, euskara… Eta Nafarroa Garaiak eta Behereak Nafarroa bat osatzen dute. Biz bat egin, birekin bat egin, bikin bat in… Nolabait Auzolanaren ideia ere islatzen du: BIKIN BATIN, tarterik gabe utziz gero, Birekin batean, elkarlanean adierazten du, Lesakako ahozko euskaran). Leloa Lesakako euskalkian ez ezik, ahozko euskaran idatzi dugu. Alde batetik, Ikastola sortu aitzinetik, euskararen transmisioa alfabetatu gabeko guraso, aitatxi-amatxi eta antzinagoko arbasoen ahotik egiten zenez, beraientzako keinu bat izan da. Bertzetik, gaur egungo gazteek whatsapp eta sare sozialetan horrelako laburdurak erabiltzeko ohitura handia dute. Beraz, gure arbasoen eta gure gazteen belaunaldien arteko esaldi-zubi moduan ere uler daiteke leloa».

Ikurrak, berriz, ikastolaren atarian betidanik izan duten intxaurrondoaren bi hosto irudikatzen ditu. «Tantirumairu ikastolaren atarian, bi belaunaldi horien begirale eta historiaren lekuko izan den intxaurrondoaren bi hosto irudikatzen ditu. Bat egiten duten bi hosto: Bikin bat in. Ikastolan ikasi genituen Venn-en diagrametan bezala, hostoak elkargune batean biltzen dira, indar-gunea edo auzolana adierazten duen eremu batean, hemen ere bikin batin. Kolore berdea eman diogu, nahiz eta irudiak kolore aldaketak onartzen dituen, urtaro ezberdinetan hostoek egiten duten moduan. Marrazkiarentzat kolore planoak erabiltzeaz gain, ikastolarentzat esanguratsua den intxaurrondoaren hosto baten testurarekin ere jokatu dugu. Logoa, Grafismo batzordea osatzen duten Eloy Lopez, Irantzu Pastor eta Iraia Etxabide ikastolako ikasle ohiek osatu dute auzolanean».

Bertzalde, azaroaren 12an, Nafarroa Oinez denda irekiko dute Lesakan, Bittiria karrikaren 26an, garai batean Laminaciones de Lesaka lantegiak zituen bulegoetan.

Iruñekoaren ondotik, Bortzirietako bizilagunei zuzendutako aurkezpen ekitaldia ere eginen dute azaroaren 27an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eta 2017ko Nafarroa Oinezen arropa bilduma erakusteko desfilea ere izanen da bertze zenbait ekitaldien artean.

NAFARROA OINEZ 2016KO BALORAZIO POSITIBOA ANTOLATZAILEEN ALDETIK

Aurtengo Nafarroa Oinez berezia izan da, bi ikastola, Erentzun eta Ibaialde, elkartu direlako jai hau antolatu eta aurrera eramateko. Bidean lan handia eta zailtasunen bat edo beste topatu badute ere, erronka gainditu dutelakoan daude, milaka euskaltzale hurbildu baitziren urriaren 16an Vianara, ikastolei eta euskarari babesa ematera.

nafarroaoinez03Edizioak izan duen goiburua jarraituz, antolatzaileek ikastola hauen hezkuntza proiektua sendotzeko sokatik tiratzea eskatzen zioten gizarteari eta jaso duten erantzun positiboarekin biziki pozik daude.

Alde batetik, inaugurazio eta omenaldi ekitaldietan, instituzio, alderdi politiko, elkarte, gonbidatu eta lagun askoren benetako babesa sentitu zuten eta hori dela eta eskertuta daude.

Bestalde, babesle, laguntzaile eta boluntario ugarik tiratu dute sokatik, bai urtean zehar, baita egunean ere bereziki. Auzolan erraldoia izan zen urriaren 16koa, eredugarria. Parte hartu zuten guztiei eskerrik beroenak luzatu nahi izan dizkiete prentsaurrekoan.

Batzordeetan urte guztian egindako lanaren ondorioz, arrakastatsua suertatu zen NO egunaren antolakuntza. Vianara ailegatzeko ez zen trafiko arazorik izan, ezta aparkatzeko ere; ostalaritzan berehalako atentzioa izan genuen denok; segurtasuna, osasungintza… dena primeran joan zen egun guztian zehar.

Ekintzen egitaraua bete zen eta ongi baloratua izan da. Euskal kulturak Vianako kaleak alaitu zituen euskara lau haizeetara zabalduz.

Erronkan izandako partaidetza eta ekintza honek emandako ikuskizun polita aipatu nahi izan dute ere bai. Gazte eta familia franko ibili ziren parte hartzen zuten taldeen atzetik. Ekimen bat bukatzeke dute, Sartaguda-Andosilla Oinez Basoaren landaketa, jaiak sortutako hondar ekologikoa orekatzeko balioko duena.

Ikastola hauetako zuzendarien hitzetan, “Euskal Herriak erakutsitako elkartasunak indarberritu egin gaitu eta, hortaz, Erentzun eta Ibaialde Ikastolak osatzen ditugunok gogoz eta kemenez jarraituko dugu aurrerantzean ere, geure asmoari eutsiz, euskararen normalizazio prozesuan eragile izanez alegia”.

Azken hitzak Nafarroa Oinez 2017ri eskaini dizkiote, Tantirumairu Ikastolako familia, langile eta lagunak animatuz, “Animo eta dudarik ez izan, heldu den urtean Lesakan izango gara euskararen sokak… ez duelako etenik!”

nafarroaoinez05

Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017 Nafarroa Oinez 2017
nafarroa oinez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude