Europako Ikasle Foroa Euskal Herrian egingo dute otsailean
Europako ikasle foroa egingo dute Aiaraldean otsailaren 26,27 eta 28an. Boloniaren eta Europa mailan egiten ari diren erreformen aurka antolatzeko erabiliko dute topaketa. Hezkuntza publiko eta duinaren aldeko mezu “irmoa” helarazi nahi dute.
Para Los Pueblos, Espainiako Estatuak zapaltzen dituen nazioarteko ikasle antolakundeek osatzen duten plataformak, deitu du foroa.
Bolonia prozesuarekin Europako unibertsitatean pribatu bilakatzeko pausuak ematen ari direla salatu dute: “Tasak igotzen eta eduki akademikoak murrizten ari dira”. Horren adibide bezala jarri dute Espainiako unibertsitateetan ezarri nahi duten EU2015 erreforma. Europak lortu nahi duena honakoa dela gaineratu dute: “Funtsean, unibertsitateak eraldatzea, zerbitzu publikoa izateari utzi eta merkatuaren interesak aseko dituen langileria prekarioa sortzeko”.
Ez da biltzen diren lehen aldia
Bolonia ezarri aurretik Europako hamabost ikasle antolakundeetako gazteak bildu ziren Bakaikun (Nafarroa Garaia) 2006an. Boloniaren aurkako borroka antolatu zuten elkarrekin: nazioarteko foroak, protesta bateratuak eta baita planaren aurkako ikasle manifestu bat ere (Bakaikuko Adierazpena).
Ia hamar urte geroago asmo eta borroka berarekin jarraitzen dute: herritarrek herritarrentzat sortutako hezkuntza sistema publikoa aldarrikatzea.
Ikusi Forum To Fight fororako deialdiaren bideoa: