Paris, Siriako hiriburu

Iragan ostiralean Parisen jazotako erasoek mendebaldeko hedabideetan izan duten oihartzuna azaltze aldera, “Frantzia hurbil dago, Siria ez”, zioen herenegun ZUZEUn argitaratu eta eztabaida bizia piztu duen sarrerak.

Bolo-boloka dabilen bideo honek ordea -euskarara ekarri dugu-, Siria Parisetik gertu dagoela erakusten digu, Damasko baino kasik erabakigune garrantzitsuagoa izan baitu historikoki frantziar hiriburua.

Oraina ulertzeko iraganaz galdetzeko aholkua egiten digu bideoak; horixe egiten baitu berorrek.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Sykes-Picot itun sekretuaren bidez, Frantziak eta Britainia Handiak Ekialde Hurbila -eta bertako petroleoa- beraien artean banatu nahi izan zutela azaltzen du (Siria Frantziaren esku gelditu zen); eta nola geroztik Mendebaldeko potentzien esku-hartzea etenik gabekoa izan den zonaldean, pentsakeraz sozialistak ziren alderdien kontra eta islamisten alde eginez, esaterako.

Ikusentzunezkoa ez dator Parisko sarraskia Siriak egun bizi duen egoera latzaren ondorio bezala aurkeztera -duela hilabetekoa da-, baina bistan da gertakari batak bestearengan duen eragina.

Paris, Siriako hiriburuWhyMaps

#WhyMaps Bruno Teixidor eta Sergio de Pazos lagunek osatzen dute. #WhySyria (zergatik Siria) lana orain hilabete eskegi zuten sarean; bi milioitik gora ikustaldi lortu ditu jada.

OHARRA: Esteka honetan bideoaren garapenari buruz eta bidean izandako zalantzei eta hartu beharreko erabakiei buruzko azalpen interesgarriak aurkituko dituzu.
Paris, Siriako hiriburu