Europako ezkerrak ezinean

Europako ezkerrak ezinean –

Jean-Louis Davanten idatzia, Enbata agerkaritik jasoa.

Nahi ala ez, globalizazioa hor dugu bere bi ondorio nagusiekin. Batetik mundu osoko biztanleekin konkurrentzian ezartzen gaitu, bestetik jende guzien solidario egin behar gintuzke. Planeta bakarra dugu, eta horretan bizi behar denek, bizipideak banatuz. Berriki arte iduri zuen bazterrik gabekoak zirela lurreko ekeiak, erregaiak eta mota guzietako ondasunak. Orain badakigu zein mugatuak diren. Beste kontinenteek Europak eta Ipar Amerikak bezainbat xurgatuz, hiruzpalau planeta behar genituzke. Beraz argi dago: gizadiak iraun dezan, parte aberatsenek gutiago hartu behar genuke.

Ekologiak eta ekonomiak, biek ber zuhurtasunera deitzen gaituzte. Haatik zein agintarik egia hori zinez erranen digu, zeinek sakrifizio horretara bultzatuko gaitu?

Europako ezkerrak ezineanHolakorik entseia lezakeen hautetsiak ondoko bozketetan kanpoa luke seguru. Garaitzekotan, betikoa egin behar du: ezinezko garapena hitzeman.

Baina hara, politikariei ezinezkoa zaien banaketa unibertsala kapitalistek egiten dute, basaki, beren onetan naski, ahalmen gutienik dutenen kaltetan, toki aberatsetako langilea herrialde gibelatuetako proletarioekin konpetentzian jarriz, eta beraz hemengo soldatak ahal oroz tinkatuz, jende asko kanporatuz, lantegiak esportatuz, hemengo behargina lanaren galtzeko beldurrean atxikiz.

Akziodunen diktaduran bizi gara, nahi dutena egin dezakete, zinezko boterea haiek dute.

Ekonomian ondorio orokorra hauxe da: etekinen banaketan izigarriko aldaketa gertatu dela azken hamarkadetan kapitalisten alde, langileriaren bizkar, eta bilakaera hori aurrera doala.

Kapitalen tsunami horri buruz, ezinean dabiltza politikariak, nagusiki ezkerrekoak. Sekula baino haboro, bi zatitan banatzen dira: batetik posililistak, bestetik idealistak.

Bigarren isuri horren adierazle bikain agertu zaigu Frantziako azken hauteskundeetan Mélenchon delakoa. Esperantza handiak berpiztu ditu Iparralde honetan ere: abertzale askok boza eman diote bere jakobinismoaren gainetik, “eskualdeetako hizkuntzen” aurka duen iritzi zorrotza ahantziz.

Mirakuluz garaitu balu, bere xede sozialak betetzen ahalko zituena?

Ez dut uste, bereziki Greziako ezker gogorraren porrota ikusiz.

Badut beldurra kapitalak Frantziatik ihes eginen zuela burrustan. Arrisku hori da posibilista gehienak erdiko politika batera bultzatzen dituena.

Ez pentsa denak beren idealetik alaiki urruntzen direla. Merkatuen indarra hor dago, mundu osoa beretu du, Ipar Korea salbu. Enpleguen atxikitzeko, enpresek saldu behar dute, ekoizteko kapitala bildu behar dute…

Ekonomiaz den gutia dakienak ez du azalpen luze beharrik.

Hara posibilistak sozial-demokraziara bultzaten dituen errealitate gogorra. Errexegi da Hollande bezalakoak, adibidez, traidoretzat jotzea. Moralismo merke horrek aterabiderik ez du eskaintzen, inpotentziaren marka baizik ez da.

Liberalismoa mementoko jaun eta jabe dago mundu osoan, eta horri buru emateko zer egin?

Hiru erantzun mota ikus nitzake: – edo sozial-demokraziaren ildotik gobernuan ahal dena egin zerbitzu publikoen eta segurantza sozialaren salbatzeko, hein batean bederen lege sozialen atxikitzeko ere ; hots Eskandinabiako eredura «flexi-sécurité» delakoan kokatzea litzateke; – edo beti oposizioan egon, hortik ere ahal dena eginez, antza denez gauza guti, baina garbitasuna salbatuz; – edo iraultza egin; haatik iraultza ez da dekretatzen, ez eta aurreikusten: ez dute iraultzaileek egiten, populuak egiten du sistemaz osoki etsitu ondoren.

Herrialde bakarrean finkatzea ezinezkoa dela badakigu denek, frantziar urguluaren despit.

Bitartean zer egin? Goraxago aipatu dudana: ahal bezala goberna eskuak zikinduz, edo gobernutik kanpo egon garbik ; bestela iraultza egin… Ez dut besterik ikusten.

Europako ezkerrak ezinean   Europako ezkerrak ezinean   Europako ezkerrak ezinean
Ezkerra, Ipar Euskal Herria
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Europako ezkerrak ezinean”-ri buruz

  • Lehengo ta behin zehaztu beharko genuke ezkerra zer den, Holande ustezko ezkerrekoa da baina bere neurri guztiak eskumakoak izan dira, beraz hori ez da ezkerrekoa.
    Melenchon, ba bere ideia Jakobinoen gainetik Iparraldean bozkak atxikitzea guztiz normala dela deritzot, beti eskuma edo ustezko ezkerra irabazi dute ta euskara bost axola izan die. Biztanleriaren %55a Frantziatik eratorria denean gainera….

    Zergatik posibilistak aukera izan dezakete gobernura iristeko ta ustezko idealistak ez? Tsipras ustezko ezkerrekoa zen ta idealista ta boterera iritsi zan, gero herria traitu, troikari men egin ta denok dakigu zer egin duen.

    Askorentzako ustezko sozialdemokrazia baten ideiak ziur idealistak direla ta ustezko neurri hoiekin debora gutxian langabezirik ez zen egongo europa osoan.

    Adibidea jarriko dut, Espainia Europa batasuneko herrialde aberatsenen artean dago, baina bere estatu soziala daukan aberastasunarengatik oso azpifinantziatua dago.

    BPGtik europak bataz besteko jasotzen duena jasoko balu, ta erraz du egiteko, estaduak 100 mila milioi gehiago izango zitun urtero ta horrekin ia langabeziarekin bukatu daiteke azpifinantziatuta dagoen estadu soziala indartuz. Suediak jasotzen duena jasoko balu, ia 200 mila milioi euro izango ziren.
    Suediak dituen langile publiko kopuru berbera izango balu %tan, Espainian ez zen langabezirik egongo, edo %4an edo egongo zen.

    Erraza ta egingarria da baina ez da egingo momentuz, zergatik? Horretarako aberatsenenak askoz gehiago ordaindu beharko zuketelako, gutxienez azkeneko 40 urteetan egindako erreforma fiskalel barkarazi diena, ta dagokiena ordainaraziz. Erraza ta zaila batera, horrekin langabezirik ez. Baina ziur askorentzako horrelakorik egitea ezinezkoa da ta idealista.

    En pin, nire teoria da gizadiaren %90a guztiz babua dela (nik barne) ta horregatik gaudela horrela. Guztiz babua da hala hezi gaituztelako baina baita ere, askok oso berekoiak, gaiztoak, enpatiarik gabekoak garelako (nik barne).

    Gure miseria sustatzen dutenei bozka ematen diegu ta gure miseria sahieztu nahi dutenei bizkarra ematen diegu. bai hemen ta ia edonon.

    Langabeziarekin, miseriarekin…. munduan bukatzea posible da, gauza da agintzen dutenak ez dutela inoiz nahiko ta herritar gehienak (nik barne) ez gaude ia ezer egiteko prest hori alda dezan, ta momentuz ez degunez URSS bezalako mamu bat, non estadu sozial izugarri ona izanda, agintarien beldurra bultzatzen duenak gurean ere estadu sozial garatu ta dezente izan dezagun sustatzeko…. Ba….

    Ezkertzat hartzen diran asko eskumakoak dira.

  • Ni neu, ezkertiar gisa kontsideratzen naizen arren, ez dut nire burua inongo ezkerrekin identifikatzen. Europako ezkerrak kapitalismo amerikarraren eta komunismo sobietarraren arteko zerbait proposatzen zuen garaiak joan dira. Erabat deskolokatuta aurkitzen da, nire ustez garaiko egoeraren irakurketa ez duelako egin eta XIX. eta XX. mendeko eskema zaharrekin jarraitzen duelako, aurrera egin ezinik.

    XXI. mendeko paradigma ezker-eskuin izatetik soberanista-globalista izatera igaro dela iruditzen zait, alde batetik (ia) dena kontrolatzen duen elite supranazional baten aldekoak, diru eta pertsonentzako mugak ireki, estatua ahalik eta gehien gutxitu egitura supranazionalen mesedetan (EB, TTIP, CETA, TiSA…), merkatua desarautu… eta herrien izate eta kultura deuseztatu, denok munduko herritar bihurtuz multikulturalismo global baten izenean. Agenda politikoaren zati handi bat ezartzen dute menpeko komunikabideen bidez, unearen arabera komenientziazko gaiak atera eta ezkutatuz. Hor dugu “errefuxatuen” krisia edo genero ideologia, edo iada ahaztutako udaberri arabiarrak, den denak elite honen komenientzira orkestratuak.

    Eta beste alde batetik subiranotasun nazional bat mantentzearen aldeko indarrak, estatuaren autoritatea mantendu, kultura eta izaera nazionala gorde multikulturalismoaren aurka, merkatua arautu protekzionismorako joerarekin, GKEak mugatu, “bertakoak lehenik” politikak, mugak gorde…

    Historian herri bereizi bezala jarraitu nahi badugu ondorengo hamarkadak garrantzia handikoak izango dira, aldaketa handi eta sakonekoak espero dira mundu osoan eta Europan bereziki (Erromatar Inperioaren erorketa gaurkotua dirudi egoerak). Uneko egoera eta aurreikuspenak kontuan hartuta lehen aukera gure herriarentzat hautu txarra iruditzen zait, desagertze bidean garela kontuan hartuz. Ni bigarrenarekin geratzen naiz. “Gure” alderdi abertzaleek mugitu beharko dute; Ezker abertzalea burua galduta dabil, barne kontraesanak ezin konpondu eta hainbeste feminismo eta ongi etorri errefuxaturekin base soziala haserre eta gazteak urrun. EAJk aldiz, zentro ideologikoa geroz eta espainolago daukala, Arzallus eta Egibar bihotz oneko jeltzaleen botuak eskuratzeko besterik ez ditu; zer esan goi eta erdi kargudunen txantxullo eta negozioetaz. Jendeak segurtasun eta erosotasunagatik bozkatzen du, ez ideologiagatik.

    Panorama beltza da gure herriarentzat, baina ni bezala asko gabiltza handik eta hemendik lata emanez jendea espabilatzeko intentzioarekin. Ziur naiz berandu baino lehen betiko bi familiei alternatiba aterako zaiela, herri honek behar baitu.

  • bai motel! ta azkar beharko, berandu baino lehen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude