Etxaun Zaharra (I)

Etxaun Zaharra (I)

Aitor Etxegak  Tolosaldeko Ataria agerkarian.

Bi mila eta hogeiko urrian honakoa esan nuen lerro hauetan: Zuberoako hainbat pertsonen bizitzak miatzen emango nuela jada joana den negua. Eta horrelaxe egin dudala esateko moduan naiz uda atari honetan. Etxahun Iruriz, zerbait idatzi nuen, Xahoz ere bai… 

Hirugarren bat apartatzerakoan zalantzaren bat izan dudan arren, Pierre Topet Etxahun aukeratu dut: Etxahun Zaharra. Bere bizitza txundigarria iruditu zait; manexak betetzen dituen orri hauek ez zaizkit nahikoa iruditu Etxahunen bizitza laburtzeko eta bi zatitan egitea deliberatu dut. Irailean-edo bukatuko ditut beraz Etxahun Zaharraren kontuak. Pierre [Piarres] Topet, ezagunagoa Etxahun Zaharra ezizenez, (Barkoxe, Zuberoa, 1786ko uztailaren 26a, Barkoxe, 1862ko urtarrilaren 17a) Euskal bertsolari eta koblakaria izan zen. Besteak beste, Pernando Amezketarra, Xenpelar eta Iparragirreren garaikide.

Gai autobiografikoa duten bertso asko dira bere ekoizpen poetikoan. Horregatik dugu bere bizitza korapilatsu eta zoroaren berri: zorigaitz eta abentura asko, gaixo haurtzaroan, komenentzia-ezkontza batera bortxatua, liskar bortitz askotan sartua, espetxean egona, ihesa, emigrazioa… Bere bertsoak sakon aztertu eta bildu zituen Jean Haritchelharrek; honek esan zuen «jakin gabeko erromantikoa» zela Pierra. Bere zenbait olerki besteak beste Benito Lertxundik edota Niko Etxartek hilezkortu dituzte: Mündüan malerusik, ahaide delizius hüntan, Maria Solt eta Kastero, Müsde Tiraz…

Etxahun Zaharra bertsolariaren bizitza patu tragiko erromantiko bat da. Bizitza gorabeheratsua edota korapilatsua izan zuen; esan daiteke etengabeko borroka batean aritu zela tokatu zitzaion bizitzarekin. Etxahunen bizitziaren khantoria bertso sortan honakoak esan zituen: gosea pasa zuela, gaixo ibili zela, ez zela lanerako gai, etxeko guztien zigorra jaso zuela: «Edertarzünez praube ninzalakoz sorthü». Etxeko giro aldrebesak gizon zail eta bortitz bihurtu zuen. Biktima eta eragile izan zen seguru asko. Hona, hasteko, Etxahun Zaharraren haurtzaroaz batetik zalantza gutxi uzten duen eta bestetik kontu asko argitzen dituen bertseta bat: «Ene lehen urtea nuen joak ahulezia / amak lehor zuen bihotza bai eta titia / ni sehaskatik garrasika bai nuen gosea / amak nire negarrez ez zuen ardura / nahi zuelarik Jainkoak niri deitzea».

Etxahun Zaharra bertsolariaren bizitza patu tragiko erromantiko bat da. Bizitza korapilatsua izan zuen; etengabeko borroka batean aritu zen

Bere aita jeloskor zen uste zuelako Pierra ez zela bere semea. Horregatik gaizki tratatu omen zuen Etxahun haur zelarik. Hona zer dion Mundian malerusik olerkian: «Emaztea hartu nuen aitaren gustuko / neronen kontra atera zitzaidaneko / sesioan jarri familiakoak oro / gauzak ongi partitu eta / gartzelara joan gero». 22 urterekin Maria zerbitzariarekin ezkondu zen. Herentzia galtzea ekarriko zion honek ordea. Etxahun bost baserriren jabe izateko moduan zen: bi aitaren oinordetzan, eta hiru osaba eta aita-pontekoaren aldetik. Hona zer zioen beste bertseta batean: «Munduan bagara anitz zorigaiztoko garenak / baina inork ez ditu etxekoak izan nik bezain krudelak / halere amak bost etxetako oinordeko ninduen sortua / eta nituenak oro kenduta munduz mundu naiz bidalia». 1806an aitak senipartea ukatu zion Maria gustuko ez zuelako etxe hartan.

Gurasoek etxe oneko neska batekin, Engrace Palentorekin, ezkonarazi zuten bortxaz. Neskamea maite zuen arren, traizio egitea erabaki zuen, etxekoen presioaren ondorioz. Hala ere, Etxahun damutu edo gutxienez oker hartaz jabetu egin zen. Gai honen inguruan idatzi zuen Urxapal bat olerki autobiografikoan oso ondo sumatzen da damu hau. Bertan, aipatutako neskamea eta idazlearen arteko elkarrizketa bat ageri da, amaierako ondorioa honako hau delarik: «Etxahun Zaharrak badaki neskamearekin gaizki jokatu zuela eta hark etsaitzat hartzea logikotzat jotzen du». Etxahunek bere poematan dio zorigaiztoa ekarri ziola honek.

Barkoxe. XX. mendeko irudia. BERNARDO ESTORNES LASA.

Hauxe izan daiteke Etxahun aurkezten hasteko sarrera moduko bat, baina ez dira hemen bukatzen Etxahunen ezbeharrak, ezta gutxiagorik ere! Ondoren etorriko dira, tiroak, aizkorakadak, amoranteak, kartzela… Harrak niri bezala heldu badizu, hemendik aurrerakoak uda bueltan izango dituzu irakurgai. Bitartean, bizi uros!

Etxaun Zaharra (I)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Etxaun Zaharra (I)”-ri buruz

  • Etzazula Aitor, autobiografia poetikoetan itsu-itsu sinets!, Haritxelhar zenak tesia egin zuen Etxahun zaharraz. Irakurtzeko gomendioa egiten dizut. Ez dut esan nahi horrekin Haritxelharrek sekretu guztiak argitu dituenik, baina autobiografietan…