ETS udaberrian ikusteko "aukera berriak". Iñigo Etxezarretari elkarrizketa

ETS udaberrian ikusteko”aukera berriak”. Iñigo Etxezarretari elkarrizketa –

Madrileko lagun bati ETS gustatzen zitzaigula esan genionean, berak “Enfermedades de Transmisión Sexual” zela pentsatu zuen. Baina Euskal Herrian gazteriak argi du ETS-ek ez duela hori bakarrik esan nahi. Gazteek badakite, musikari bagagozkio, “En Tol Sarmiento”ri buruz ari garela. Berez, “sarmiento” mahatsaren adarrak jaiotzen diren landarearen atala da (xirmendu edo aihen). Bere lehen diskak “Vendimia Seleccionada” izan zuen izena. Argi dagoenez, Arabako errioxako mahastiei erreferentzia egiten diete; izan ere, talde hau talde arabar petoa da.

En Tol Sarmiento edo ETS, gazteon artean ezaguna da jotzen duen ska-rock estiloa, bizia eta erakargarria delako. Tronpeta eta tronboia bere doinuetan oso bereizgarriak dira. Bere ibilbideko beste ezaugarrietako bat elebitasuna da. Baina haien kasuan, bidea gaztelaniatik euskarara izan da. Izan ere, bere lehen bi diskek gaztelaniaz zuten izenburua (Vendimia seleccionada, Hacia la luna) eta hortik aurrerako lauek euskaraz (Zure mundua, Beldurrik ez, AmETSetan, Aukera Berriak).

Taldeko Baga-Bigako kontratazio arduradunari esker (Arkaitz), ETSko lider eta abeslariarekin, Iñigo Etxezarretarekin,  jarri gara harremanetan eta Betagarri garaitik Arabako euskal musikari astindu ederrena eman dion boskotearen gidariari galdera hauek egin dizkiogu:

Aupa, Iñigo. Mila esker guri eta Zuzeu-ko irakurleei eskainitako denboragatik. Era berean, eskerrak eman behar dizkizugu euskal musikagintzari egindako ekarpen erraldoiagatik. Zuri esker, euskara aho eta burmuin askotara heldu da, eta Arabatik abiatu izana are esanguratsuago egiten du zure lorpenak.

– Lehenik eta behin milesker zuen hitzengatik, ez dira egunero entzuten! Uste dut askotan ez garela kontziente taldea daukan eraginaz eta noraino heltzen ari den. Zorte izugarria da nire etxean konposatutako melodiak eta letrak jendeari ere gustatzea.

Ibilbide luzea egin duzue taldekideok, 18 urterekin hasi zinetenetik. Ametsetan kantan diozuen bezala, “ametsetan galdu zenuten beldurra”. Zein amets duzu(e) betetzeke?

– Bai, abesti horrek taldearen historia kontatzen du eta estribilloetan diskoen izenak aipatzen dira, beraz, galdu genuen beldurra ‘Beldurrik ez’ diskoari egindako keinua da. Suposatzen dut taldekide bakoitzak izango duela bere amets txikitxoa ETSren barruan baina nire kasuan, ETS egonkortasuna izatea gustatuko litzaidake, jendeak taldea ‘serio’ hartzea eta Euskal Herritik kanpo noizbehinka jotzea.

Iñigo, zu zara taldekide guztien artean euskaraz hobeto moldatzen zarena. Euskararen aldeko ekimen eta jaialdi askotan parte hartzen duzue. Taldekideak euren euskara hobetzen saiatzen dira? Nola egiten duzue?

– Egia esateko taldean euskaldun bakarra ni naiz… Taldekideak Errioxan bizi dira eta astean zehar ez daukate euskararekin harreman handirik. Orain dela urte batzuk, Euskal Herri osoan zehar jotzen hasi ginenean, taldekide gehienak euskaltegira apuntatu ziren, baina hilabete batzuetan utzi behar izan zuten denbora faltagatik (lana, taldea, familia…). Hala ere, pixkatxo bat ulertzen dute eta egunero hobetzen saiatzen dira ETSk sareetan duen mugimenduagatik. Horrez gain, letrak buruz ikasteko esfortzua egiten dute kontzertuetan abesteko.

Arrakasta itzela lortu duzue. Zuen abestiak jende askok entzuten ditu, baina gaur egun diskak saltzea zail samarra da. Posible da musikari esker bizitzea, kontzertuak eginez eta zuen kamiseta nahiz merchandising produktuak salduz?

– Gaur egun diskoen salmenten bidez bizitzea ezinezkoa dela esango nuke, behintzat Euskal Herrian. Kontzertuak dira ekonomikoki taldea eusten dutena… Orain dela bi urte nire bizitza profesionalean aldaketa bat egin nuen eta gaur egun batez ere taldetik bizi naiz, izan ere, taldearen atzeko lana ere aurrera eramaten dut. Hala ere, esan behar dut arrisku batzuk hartu behar izan nituela hau posible izateko…

Zer sentitzen da kontzertuetan, hainbeste jenderentzat abestean? Zirrara berezia eragiten dizu? Oilo ipurdia jartzen dizu?

– Noski! Segur aski bizitzan adrenalina gehien sortarazten nauena kontzertuak dira. Geroz eta publiko gehiago izaten ari gara, eta kontzertuen aurretik pixka bat urduri jartzen naizela esan behar dut. Hala ere geroz eta baldintza tekniko hobeagorekin jotzeak ere nolabaiteko lasaitasuna ematen du, beti zure teknikariak eramanez etab. Onartu behar dut eszenatokitik kanpo nahiko zorrotza edota serioa naizela, baina kontzertuetan nahikotxo askatzen naiz. Beraz, hasieran igual pixkat urduri baina gero lasai!

 Gehiago ligatzen da ospetsu izanik? Errazagoa da?

– Jajajaj! Ez nuke esango! Kontziente naiz jende askok desberdin begiratzen gaituela, baina orokorrean publikoa oso gaztea da… Bestalde taldekide guztiok urteak daramatzagu bikoteekin eta oso formalak gara! Kontzertua amaitu eta gehienetan etxera bultatzen gara.

Abestirik famatuenetariko bat Sexuarekin bat da. Zein da letraren esanahia? Zertan pentsatu zenuten idazterakoan?

– Sexuak gizartean daukan tabuez hitz egiten du abestiak. Uste nuen beharrezkoa zela ideia honen inguruan idaztea, batik bat gure publikoaren adina kontuan izanda. Abestiaren letrarako nire bikotearen laguntza izan nuen, letra askotan bezala.

Nolako harrera duzue Euskal Herritik kanpo?

– Uste dut gustatuko litzaigukeena baino gutxiago. Frantzian kontzerturen bat egiten dugu, baina Espainiako estatuan nahiko gutxi. Orain arte ez dugu esfortzu handirik egin Euskal Herritik kanpo ateratzeko baina hemendik aurrera uste dut saiatuko garela.

Zuen azken diskoa Aukera Berriak da. Non eta noiz izango dugu aukera zuzenean entzuteko?

– Hauek dira aurkezpen kontzertuetako datak:

  • Martxoak 7 – Iruña (Zentral aretoa)
  • Martxoak 21 – Bilbo (Stage Live aretoa)
  • Martxoak 27 – Gasteiz (Jimmy Jazz aretoa)
  • Apirilak 4 – Donosti (Intxaurrondo aretoa)
  • Apirilak 24 – Bartzelona (La Nou aretoa)
  • Apirilak 25 – Madril (La Boite aretoa)

Euskal Herriko aretoetan sarrerak agortu dira ia leku guztietan, baina udan zehar herriko jaietan jotzeko idea daukagu.

Mila esker gudari!! Segi egurra ematen!!

ETS udaberrian ikusteko”aukera berriak”. Iñigo Etxezarretari elkarrizketa

6 pentsamendu “ETS udaberrian ikusteko "aukera berriak". Iñigo Etxezarretari elkarrizketa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude