Agurtzane Intxaurraga: “Kultur kudeaketa arloan ere, emakumeok ibili beharreko bideak askoz malkartsuagoak dira”

Agurtzane Intxaurraga: “Kultur kudeaketa arloan ere, emakumeok ibili beharreko bideak askoz malkartsuagoak dira” –

Unibertsitatea.net atarian elkarrizketa egin diote Hika antzerki taldeko Agurtzane Intxaurragari.

Martxoaren 28an “Euskal kultur sorkuntza kultur kritika feministaren begiradapean” jardunaldia izango da Eibarren. Ez dute bakarrik sormen-prozesua aztertuko, kultur ekimenen kudeaketa-prozesuak ere izango dituzte gogoetagai. Kultur kudeaketan ibilbide luzea duten emakumeak gonbidatu dituzte horretarako. Besteak beste, Hika Teatroa-ko Agurtzane Intxaurraga Etxebarria.

Agurtzane Intxaurraga: “Kultur kudeaketa arloan ere, emakumeok ibili beharreko bideak askoz malkartsuagoak dira”Kultur kudeaketa arloan genero logikarik atzeman duzu? Zein izan da zure esperientzia?

Hasteko, Kultur Kudeaketa bera da gauza berria gure artean. Urteetan, Kultur teknikari postu asko politikarien konfiantzazko postuak izan dira; eta oraindik badira halakoak hainbat antzokitan, eskuz aginduak izan direnak eta ez merituez irabaziak. Halakoetan hautuak gizonezkoen alde egin du gehiagotan, gizonen moldera egindako mundua baita gurea. Ondorioz, emakumeok zaila izan dugu eta, batzuetan, erabat ezinezkoa botere postu horietara iristea; edota gure sormen lanei dagokien zabalkundea ematea. Zorionez, ez nahi beste, baina gauzak, marko teorikoan behinik behin, aldatzen ari dira; batetik, berdintasun ezaren arazoa kalean dago, eta, bestetik, lanpostu horiek eskuratzeko modua merituengatik izaten ari da gehiago; eta horrek erraztu egiten du emakumeak kultur kudeaketan sartzea; eta, ondorioz, emakume sortzaileon lanak gehiago kontutan hartzea.

Beste emakume sortzaile batek esan zidan duela gutxi: Proiektu berbera eskuetan izanda ere, gizonezko batek ate bat jotzen badu, askoz errazago esango diote “pasa, pasa”; aldiz, emakume batek jotzen duenean, esango diote “bale, begiratu egingo dugu, eta interesatzen bazaigu, deituko zaitugu”. Neure buruaz ari zela sentitu nuen, ateraino iristean barrura ez sartzeko gonbita ez gutxitan jaso dudalako. Kultur kudeaketa arloan, beste arlo guztietan bezala, emakumeok ibili beharreko bideak, askoz malkartsuagoak dira.

Zeintzuk dira erronka edo premia nagusiak zure ustez?

Behin marko teorikoa gaindituta, praktikara pasatzea. Neurri zehatzak aplikatzea. Estrukturek, adibidez, malgutasuna izan behar dute familia eta lana uztartzeko. Gu gara orokorrean sistema hau mantentzen dugunak, umeak izaten ditugunak, gure nagusien zaintzaz arduratzen garenak; gure etxeetako egunerokotasunaren kudeatzaileak gara; eta, gainera, unibertsitate eta sormen eskolen gehiengoa zenbakietan; baina, zoritxarrez, zenbat eta gorago igo gure ikusgarritasuna eskasagoa da. Kristalezko sabaiak, norbere beldurrak.. Era askotako faktoreengatik, emakumeok atzean geratzen goaz; eta horrek, arrakala asko sortzen ditu guganako. Eusko Jaurlaritzak egin berri duen ikerketak (Genero programak eta politikak kulturan) adierazi du kultura-enpresetan zuzendaritzan emakumeen presentzia % 37koa dela, adibidez.

Kuotak jartzearen kontra azaltzen direnei esango nieke kalitatearen gainetik egon behar duela gizon zein emakumeok aukera berberak izateko aukerak. Nola iritsiko gara partida on bat jokatzera, horretan entrenatzeko aukerarik ez badugu? Aukerarik gabe ezingo dugu inoiz biderik ibili, ezta muga berririk jo.

Gogoeta gune baten beharra ikusten duzu?

Noski, baina beharrezkoa da gogoeta gunera gizonezkoak eta gobernanteak erakartzea, ekartzea; izan ere, hau ez da emakumeon arazo bat, hau gizarte oso baten arazoa da; eta, batez ere, bere hezkuntza sistemarena, gizonen buru eta begietatik eraikia. Hala ulertu ezean, alferrik izango da gure aldarria. Alferrik izango dira alde bakarreko gogoetak. Patriarkatua sustraituegia dago gure gizartean, gure eskoletan, gure eguneroko bizitzan. Bordieuk, “Habitus”a edo barneratutako kulturaz hitz egiten zuen eta xedapen iraunkorren sistema baten moduan definitu. Esaten zuen subjektuen balorazioak, pertzepzioak eta ekintzak bideratzeko sailkapen-eskema gisa funtzionatzen duela. Eta hezkuntza sistema, habitus bereizien transmisore eta erreproduzitzailetzat jotzen zuen. Beraz, gure gogoeta gune garrantzitsu bat eskola da, egiazko berdintasunean eraikitako eskola bat, heziketa goiztiarrarekin, non pertsonak izango diren erdigune, zein sexutakoak diren bereizi gabe.

Agurtzane Intxaurraga

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude