ETArenak egin du
ETArenak egin du –
Amatiñok, Euskadi Irratiko albiste Faktorian.
ETArenak egin du, bai. Bapo, hobe berandu sekula baino.
.
Bi minutuan nire bilobei kontatu beharko banie ETAren historia, esan beharko nieke euren aitxitxak 14 urte zituela, nituela, ETA sortu zenean. Hemeretzi urte, ETAk organizazioan sartzeko deitu eta ezetz erantzun nionean. Amamarekin ezkondu nintzela, ETAk lehen guardia zibila tirokatu zuenean, eta, Franco hil eta lehen hauteskundeak eratu zirenerako, hiru seme-alaba nituela. Orduantxe, 1977an, aldatu zen historia. Ez, orain.
Orduan, alderdirik gehienek hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuten eta Autonomia Estatutua bideratzeari ekin. ETAk eta ezker abertzaleak, ordea, erabaki zuten hauteskundeetan ez parte hartzea eta herritarrek erreferendumez onartutako Estatutuari boikota egitea.
Diktadura amaitu, amnistia lortu eta kartzelak hustu arte, ETAk hirurogeita hamarren bat lagun hil zituen. Erakunde demokratikoak jarri ostean, berriz, hamar aldiz gehiago. HAMAR bider hildako gehiago demokrazian, diktadurapean baino. — ETAren kontrako lehen bi manifestazioak, Alderdi Komunistak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak antolatu zituzten, orain berrogei urte, Portugaleten eta Bilbon, konstituzioa eta autonomia erabaki aurretik. Hartara, manifestazioak ez ziren ezelango estatusaren defentsa izan, oinarrizko printzipio demokratikoen aldarria baizik.
Xabier Arzalluz elkarrizketatu nuen nik orduan Argia astekarian, eta zera esan zidan: Horiek tiroka jarraitu nahi dute, beraiek jakingo dute zein zulotan sartzen diren. Baina guk erakundeak jarri behar ditugu abian, lau helburuz: burujabetza, ekonomia, euskara eta teknologia.
Seguru, gero, dena ez dela atera Arzalluzek amestu bezala, baina kristoren aldea ETAren balantza oker eta ankerrarekin konparatuz gero. Estatuak menperatu du; herriak bizkarra eman eta kartzelak, berriro bete. Kontua ez da, bakarrik, ETAk ez zuela orain berrogei urte asmatu. Horrez gainera, urtez urte, maldan behera jarraitu duela, beti berandu, hankasartzea aitortu ezinik, gero eta galduago, Arnagako loretoki onirikoan kartoizko pastitxea haizeratu arte.
ETArenak egin du, baina benetako aldaketa orain berrogei urte izan zen: herriari hautetsontzietan hitza eman, kartzelak hustu eta orain indarrean ditugun erakundeak berreskuratu genituenean.
Arazoa da, ETAk eta ezker abertzaleak ez zutela onartu nahi izan. Joko demokratikoa eta giza-eskubideak ukatzeaz gainera, azken hiru belaunaldiotako hutsegite politikorik larriena. Eta gure bilobek jakin beharko dute.