“ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian”

Esaldi horrek piztu dit jakin mina. 80ko hamarkada, Euskal Herria, Berunezko urteak. Heroinaren garaietako giroak ziztatu egin nau; tximinietako ke mardulak, tiroketen hotsak, kalezuloetako xiringak. Ez dago argi nork eragin zuen heroinaren lehergailuan eztanda. J. izendatutako espetxe funtzionarioak etakideei buruz den elkarrizketan bota du amua: “80ko hamarkadan ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian”. Hortxe harria, ezkutuan eskua.

Haurra nintzenean xiringarik ikustekotan ez ukitzeko ohartarazten ninduten gurasoek. Heroina kontuez, horixe besterik ez dut gogoan. Ezin dut nostalgiarik sentitu bizi ez nuen hamarkada gorabeheratsu horrekiko. Ingurukoek kontatutakoa ez da asko eta hemerotekara jo behar izan dut heroinaren urteen erretratua osatzeko. Esan beharrik ez da: oso gustura jasoko ditut zuen kontakizunak eta esperientziak.

Lehenengo zertzeladak
Esaldi hori, ETA heroinaren negozioaren buru egiten duena, birritan irakurri dut, ezin sinetsita harrapatu nau. Betidanik entzuna nuen heroina asmo txarrekin Euskal Herrian sartu zuena Espainiako polizia izan zela. Badakizue: iraultza gosea drogaz itotzeko estrategia eraginkorra. Ameriketako Estatu Batuek ere hala egin ei zuten Black Panther eta beste hamaika talde anti stablishment-en aurka. Auzi korapilotsu guztietan bezala, CIAren itzala hemen ere agerian dago. Teoria horren arabera, gizartea lokartzeko lana zuten drogek, gogorrenek batik bat, tartean, heroinak; heroinaren kontrairaultza ere deitu zuten.
Negu Gorriaken abestietatik, filmetatik, pankartetatik, edo, Guardia Zibilari buruz esaten den oro sinesten dudalako, ideia hori nahikoa barneratua nuen. Gainera, kontzientzia borrokalarien aurka drogekin eraso egitearen teoria bete-betean egokitzen zen Euskal Herriko inguruabarretara. Horregatik kolpatu zidan ETAk heroinarekin jolastu zuela zioen baieztapenak.

Urte latz bezain itxaropentsuak omen ziren horiek gure inguruan. Diktadorearen hileta eta biharamunean askatasun aldarrikapenek mugarik ez zutela ziruditen, dena zen zilegi, eta, irakurri dudanez, unibertsitateko bedela ere ez zen kartelak ateetan itsasteko debekua jartzera ausartzen. Dena kaka hutsa zela eta kexu ziren garaiak ere baziren, desengainu itzela demokrazia jaioberri harekin. Egia esan, ez dakit itxaropena itzali ahala bestea piztu zen ala bi jarrerak batera biziraun zuten.

Kontua da Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaguneak atzerritarrez gainezka zirela ordurako, baby boom-eko gaztetxoak nonahi, baina etorkizun oparorik ez ostertzean. Aita etorkinari lana eman zioten Bilbo ezkerraldeko industriak pikutara zihoazen. Garabiak semearen pasealeku bilakatu ziren, Nerbioiko kiratsak lagunduta. Eta punkiak, askotariko koloretako poliziak, zigarroen kea autobusetan, taberna zuloak, grebak, auzo aurrefabrikatuak, kutsadura, kontzertuak, eztandak, eta, orain bezala, krisi ekonomikoa. Hatz bat emango nuke 1980ko Bilboko zeru kutsatuaren azpitik eta ur zikinen gainetik egun batez pasieran ibiltzeko.

ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian

 

Zurrunbiloak irentsita
Giro hartan heldu zen ozeanoaren bestaldeko rocker eta hippyen olatua Bizkaiko golkora. Harrera zoragarria izan zuten gauza asko etorriko ziren, zuek gogoratuko dituzue hobe. Baina, tartean, fardeletan eta ipurtzuloetan etorri ziren beste kilo mordoa. Nora eta Euskadi berri hartara, baita trantsizioaren atari horretan aldaketa kultural eta politikoak puri-purian ziren Bartzelonara ere. Katalunian ere bazen lotarazi beharreko iraultzaile gehiegi. Hasiera batean dirudunen droga zena, laster zabaldu zen langile auzoetara. Eta, hortik, jakina, ideologia saltsa guztietako elkarteetara.

Gaueko mareak hondarreratu balitu bezala, urte gutxian heroinak kale kantoiak eta auzo pobreak bete zituen. Izan Otxarkoagan, Zaramagan edo Elgoibarren, dagoeneko milaka ziren no future jarreraren babesean heroinaren zurrunbiloak irentsi zituenak. Informaziorik gabe, HIESA ez zen ezagutzen, zainetan barrura sartzen zen horren plazerrak itsututa. Batzuk, literalki ere itsutu egin ziren, prentsak “heroina pozoitua” bataiatu zuenaren erruz. Garaian arnasten zen jarrera ezkorraren erakusle da Cambio16 aldizkarian 1980ko abenduan Mikel Orrantiak jasotako adierazpena: “Nahi izanez gero edonoiz utz diezaioket ziztatzeari. Zer egingo dudan gero nire bizitzarekin? Ez dut egiteko gauza hobeagorik ikusten”.

Kazetetako datuen arabera, Donostian New Yorken bezain beste heroinomano zeuden proportzioan. Euskal Herrian 70eko hamarkadaren amaierarako 6.000 heroinazale omen zeuden, eta, Katalunian, biztanleria askoz gehiagorekin, 10.000. Gizarte klase ahulenak menpekotasunaren atzaparretatik hurbil zeuden, heroina eskuragarri eta modan, beti norbaitekin elkarbanatzeko prest, “drogolegak” barra-barra.

EMK edo HB egoeraren larritasunaz otu zirenerako heroinaren negozioak geldiezinezko abiadura hartu zuen eta lagun koadrila eta elkarte guztietan bazuen bere lekua, baita, diotenez, ETA barnean ere.

Alde Hemendik!
EMKk 1980ko urrian Zer Egin? aldizkarian hala jaso zuen haien kezka: “Parece clara la existencia de una manipulación política orientada a conseguir la autodestrucción pura y simple de miles de jóvenes, que de otro modo podrían engrosar las filas de los contestatarios. Miles de jóvenes, muchos de ellos pertenecientes a la clase obrera, consumen sus días entre el trapicheo y el robo con el único fin de sacar un dinero que les permita obtener nuevas dosis de droga”.

Herri Batasunak ere, Egin egunkarian apirilean argitaratutakoaren arabera, kezka eta salaketa batu zituen: “Heroinak heriotza dakar lau urtean”. “Gorbatadun gaizkileak” gazteak drogatzen ari zirela salatu zuen “beste kezketatik urruntzeko”. Behin heroina adikzio bilakatutakoan, yonkiak poliziekin kolaboratzeko biktima bikainak zirela zioen oharrean HBk. Hau da, gameluei, ustezko “salatari” izaera eman zitzaien. Antza, Guardia Zibilak trafikatzaileekin tratuak egiten zituen, bi aldeek etekin ekonomikoa lortzen zuten, eta, gainera, poliziek nahi zuten pertsonei buruzko informazio xehe-xehea jasotzen zuten gameluen eskutik.

Datuak eskuan, gutxienez Guardia Zibilak heroina trafikoa Euskal Herrian mugitzen uzten zuela ondoriozta daiteke. El Viejo Topo aldizkarian 1981ean idatzitako “Heroinaren kontrairaultza” artikuluan jasotzen denez, 1980an Espainiako estatuan 11.526 kilo heroina harrapatu zituen poliziak. Horietatik %0,2, 26 gramo, Euskal Herrian. Inon baino ikusgarriagoa eta hedatuagoa zegoen heroina hemen, baina poliziak ez zuen esku hartzen. “Informe Navajas” izenekoak ere susmo horiek jasotzen zituen, laster itxi zuten auzia, ordea.

Horrela amaitzen zen HBren oharra: “Y por su parte se compromete a utilizar todos los medios a su alcance para hacerla desaparecer. Más en concreto, exige a los grandes traficantes de drogas duras, a esos delincuentes con corbata, que cesen su tráfico antipopular y, de no hacerlo, extiende a los mismos la frase que emplea con aquellos otros que les protegen: ¡Que se vayan!”.

Anartean, Espainiako Gobernuak publizitate kanpaina bortitza jarri zuen abian. “La droga mata”. Droga guztiak berdinak balira bezala, drogak hil egiten zuela zioen iragarkiz bete zituzten kaleak. Zeure izenarekin betetzeko eskela zuriak errepide ertzeetan. Hori bai, desintoxikazio zentrorik ez zegoen Espainian, yonkiak kartzelara zihoazen zuzen-zuzenean. Han nolanahi erosi behar sustantzia maitea, edo, bestela, abstinentzia-sindromearen sufrimendu jasangaitza iragan behar burdinen atzean.ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian

Erantzun armatua
1980. urtean 93 pertsona hiltzea egozten diote ETAri, lau egunean bat. Urte horretan ETAk bere gain hartu zuen trafikatzaile salatarien garbiketa. Hainbat bonba erasoren ostean, 1980ko urriaren 29an ETAk bere lehen pertsona hil zuen heroinaren aurkako kanpainan. Rufi Etxeberriari egotzi zitzaion atentatu horretan parte hartu izana. Hortik aurrera, beste hogei bat ustezko droga trafikatzaile eta poliziaren kolaboratzaile bahitu eta hil zituen estatuaren estrategia anti-iraultzaileari aurre egiteko edo. “Euskal gazteriaren iraultza gogoa pozoitzeko” heroina Euskal Herrian mugitzea leporatu zion ETAk Espainiari. Baina, erantzuna ez zen berandu etorri. Urte bereko azaroaren 8an ABC egunkariak titular hau publikatu zuen: “Heroina, ETAren arma berria”.

 

"ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian"



J. espetxe funtzionarioak esan bezala, armak salerosteko ETAk negozioa egiten zuen drogarekin. Hala zioen ABCk. Bestalde, betidanik entzun dudanak dio Espainiako Gobernuak berariaz, eta Guardia Zibilak batik bat, sartu zuela heroina amarru politiko eta ekonomiko gisa. El Pico filmak ere horixe bera erakusten du, alegia, Guardia Zibila eta trapitxeroen arteko kolaborazioa informazioaren truke. Ez hori bakarrik, GAL finantzatzeko bide omen zen droga trafikoa. Hemendik aurrerako zehaztasun eta ondorioak muturrak lotu eta korapiloak askatzea da.

Hariari teink egiteari utzi diot. Froga gutxi eta teoria gehiegi, iraganaren aldeko interpretazioa osatzeko behar larregi. Eta, okerrena, zuzeneko esperientzia gutxi. Gaur egun bezala, titularrei kasu eginda baino, gehiago ikasten da eguneroko esperientziaz.

Auskalo, estatuaren operazio zikina edo ETAren diru etekin erraza. Edo, ez bata ez bestea, edo biak. Nik behintzat, arrasto berrien faltan ezin dut aurrera egin. Zuena da hitza ba.

Artikuluak irakurri eta filmak ikusi bitartean gauza bakarra gelditu zait argi: batzuen interesek belaunaldi osoak birrindu zituzten eta familiak eta lagun taldeak tragedia mingarriez bete. Gainera, erantzuleek ez dute zigorrik ordaindu. Droga txatxu horrek 80ko hamarkadako gazteriari heroinaren burdin marka itsatsi zion azalean eta ariman.

 

80ko hamarkada, Bilbo, droga, ETA, ETAk, GAL, heroina, narkotrafikoa
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

57 pentsamendu ““ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian””-ri buruz

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-15 10:20

    Nik uste heroinaren kontua Euskal Herrian gai interesgarria dela oso. Halere, Iñaki, iruditzen zait idatzi honen izenburuak (“ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian”) gaiarengandik urrundu egiten gaituela, subjektua heroina izatetik ETA izatera pasatzen baita. Dena dela, ETA-ri egotzitako miloika gezurren ondoren, ez dut uste halako akusazioei zalantzarako aukera ere ematea merezi duenik.

  • Pello Andrearriaga 2011-08-15 14:02

    Nire ustez hau guztia epez kanpo dator, eta gainera artikulu luze hori azkenean inora ez iristeko? Galde biezaiote gure kostako zenbait herriko gazteei ea ETAk ematen zien droga. Edo galde “The Organization-i” talde berriak izateko gazte drogadiktoak behar ote zituen? Edo galde baita ere trafikatzaile batzuk garbitu zituenean ea konpetentzia zirelako izan ote zen.
    Zertan ari gara mamuak zabaldu nahian?

  • Kaixo Aitor eta Pello. Eskerrik asko iruzkinengatik. Lehen-lehenik artikulua garai hori bizi ez duen baten begiradatik kontatukoa da. Titularra eman diodan adierazpena (ETAk droga asko sartu zuen dirua lortzeko) gaiari heltzeko txinparta izan zen. Hortaz, niretzat bezala, irakurlearentzat ere amua dela uste dut, ez amarrua. Sarrerak eta argazkiak gaia argi uzten du: Heroina Euskal Herrian 80ko hamarkadan.
    ETAri buruzko teoria horri buruz sinesgaitz nintzen, eta hala segitzen dut izaten. Horrek ez du, ordea, heroina EHn sartu izanaren jatorriari buruz eman ziren teoriak ez azaltzeko arrazoirik ematen; akaso kontrakoa. “Heroinaren anti-iraultza”-ri buruz zabalago idatzi dut eta susmoak baino gehiago direla uste dut. Hortaz, mamuak zabaltzearena, Pello… horretarako asmorik ez, eta irakurketa orekatua eginez gero ez dut uste halakorik ondoriozta daitekeenik, ezta gutxiagorik ere. Irakurketaz tartean-tartean gozatu baduzu, gaitz erdi.

  • Errespetu osoz Iñaki, titularra amua ala amarrua den argi ez dudan arren, 80. hamarkadan drogaren uholdea gertu gertutik bizi izan zuen bat nauzu eta oker zabiltzala uste dut. Bermio batean esaterako, 200 lagunetik gora eraman zituen, zeharka bada ere, HIESak: gerrate batek eraman zitzakeen dexente lagun gehiago, portzentaietan. Asko eta asko lagun minak nituen (egunen batean norbaitek tragedia honen gaineko eleberria idatzi beharko luke, eta agian zerorrek idatzi beharko). Zure artikulua ere erakargarria da oso maila literariotik begiratuta. Arazo bakarra duzu: ez duela inongo zerikusirik errealitatearekin. Ez ETAk ez Espainiako poliziak ez zuten inongo zerikusirik izan trafikoarekin: trafikoaren eta kontsumoaren ondorioek, jakina, eragina izan zuten bi erakunde armatuen estrategiak baldintzatzerakoan. Baina ez dago amu hori irensterik. Saiakera ona hala ere.

  • Gonzalo Etxague
    Gonzalo Etxague 2011-08-15 17:36

    Garai hartan, 70ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, heroina izurritea izan zen Euskal Herrian eta Estatuan. Esango nuke Europako beste herrialdeetara eta Estatu Batuetara lehentxeago iritsi zela, baina ustea da, daturik gabe. Euskal Herrian gogorrago jo ote zuen esateko daturik ere ez daukat. Baietz uste dut, baina Galizian ere kontua ez zen makala izan. Agian handik sartu eta Europarantz hemendik pasatzen zelako? Nolanahi ere, Andaluzian, Madrilen… eta leku askotan ezagutu zuten.

    ETA eta droga lotzea, ordea, espainolismoaren betiko kimera izan da. Antza, ETAren jarduera ezagunak ez ziren aski Estatuaren arrazoia zuritzeko, ez hemen ez Espainian, eta horregatik behar zuten argudio gehiago. Lau egunik behin hildako bat eta argudio gehiago behar zuten! Baina bitxia da: milaka pertsona atxilotu eta torturatu ondoren, milaka zulo arakatu ondoren, eta Auzitegi Nazionalera ez da lotura horren frogarik iritsi oraindik, berrogei urteko istorio batez ari garen arren. Komunikabideetan bai, noski, gezurrak merke-merke argitaratzen direlako. Gainera, etikaz beste eginda eta dirua lortzeko asmoz, errazagoa izango zuen ETAk militante batzuk EAJn afiliatzea. Barkatuko ahal zait txantxa.

    Errazazoa da bestelako loturarik egitea, hala nola, txapelokerrek alijoren bat harrapatzen zuten bakoitzean, papelinaren prezioak behera egiten omen zuela kalean, hain zuzen, merkatura merkantzia gehiago iristen zelako. Arma politikoa? Aberasteko asmo hutsa? Zergatik ez biak?

  • Mila kilo gutxienez bai, pikoletoek, Irungo depositotik ostuak.

    Gerra arma ote zen jakitea, ordea, zailago da. Ziur pikoletoren batek komentario hori egin zuela (que se jodan, putos terroristas), baina gerra arma izateko nire ustez erabaki politiko eta egikaritze sistematikoa behar dira.
    Itxura guztien arabera, antza haundiagoa du pikoletoen betiko ustelkeriarekin, gerra tresna izatearekin baino. Extremadurako kontrabandistei azukre eta oiloak lapurtzea bezala, gerra ostean.

  • Hasier, mila esker zure bizipena elkarbanatzeagatik. Komentario txikitxo bat besterik ez: idatzi ditudanak askotariko iturrietatik jasotakoak dira, okerrak agian, baina ez nik asmatuak.

  • Oier Aranzabal

    gustatu zait erreportajea. 🙂

  • Aitzol Azurtza 2011-08-16 16:52

    Blog sarrera hau asko gustatu zait, ez hainbeste ETArekin droga salerosketak izan zezakeen ustezko loturaren azalpenagatik baizik-eta drogak (heroinak) euskalherritarrengan izan zuen eragin eta ondorioengatik. Nik ere ez dut 80garren hamarkada ongi gogoratzen, artean haur bait nintzen, baina drogaren bilakaera Euskal Herrian oso gai interesgarria dela iruditzen zait: Nola sartu zen, nondik, nork ekarri zuen, droga saltzaileek nola erakarri zituzten gazteak droga kontsumitzera, zer ondorio izan zuen gazteengan, beren senideengan eta, orohar, gizartean, nola eragin zuten alderdi politikoek, gizarte eragileek eta poliziek… Ezer gutxi entzun ohi dugu Euskal Herriari hainbeste kalte eragin zion gai honi buruz.

  • droga GCaren beste arma bat da egia zeren intxaurrondoko kuartelako Gc erabili zuten kinkien bitzartez heroina

  • Arantza San Sebastian

    Interes handia sortu dit I. Larrañagaren artikulua eta bat nator Aitzolekin gai horretaz gutxi entzuten dela esaten duenean. Gogoratzen dut ondo 80. hamarkadan inguruko hainbat gaztek (eta haiekin batera euskal gizarte osoak) jasandakoa eta esan dezaket egoera larri hark baten bati mesede egiten bazion ez zela ETAri, sortu zitekeen iraultza abertzale eta sozialistaren kontra zeudenei baizik.

  • GC ERABILI ZUEN HEROINA EUSKAL GAZTEDIA IZURRATZEKO

  • Gari Garaialde 2011-08-16 19:39

    Niri testua ere interesgarria iruditu zait, baina titularra motorrak saltzeko titiak agerian dituen neska baten argazkia jartzea bezalakoa iruditu zait.

  • ABC egunkariari ez diot batere sinesgarritasunarik ematen.

    Estatuak beti lotu nahi izan ditu ETA eta droga, ETA eta Al Quaeda, ETA eta FARC,…baina frogatuta dagoen bakarra hauxe da: Goardia Zibilak gameluak salatari gisa erabiltzen zituela eta konfistatutako drogarekin ordaindu. Zergatik?
    Horretarako zeukaten dirua, (fondos reservados), bere poltsikoetarako joaten zelako.

    Garai horretan polizia kopuru ikaragarria zegoen Euskal Herrian. Zer egin zuten trafikatzaileen aurka? Ezer ez.

    Droga saltzaileek inpunitate osoa izan zuten ETAk haien kontrako atentatuak hasi arte, (eta gainera, seguru gaur direla victimas del terrorismo).

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-17 15:46

    Oso ona.

  • KZn argitaratuta oso ona iruditu zait, nahiz eta uste dut Bidebieta-Trintxerpe-Herrera aipatzen ez duen, non eta heroinaren sarraskia itzela izan zen.
    Inork aipatzen ez duen datua, uste dut hau ere, heroinaren sarbide naturala zein izan zen: kaiak: bermeo, pasaia, bilbo…
    Cambio16koa, berriz, nire auzoko inongo drogazalek ez zuen sekulan ustezko elkarrizketatu horiek bezala hitzegingo.
    Gero, Larrañagaren artikuluan “Auskalo, estatuaren operazio zikina edo ETAren diru etekin erraza.” bezalako esaldia topatzea… nola esan? xuabe xuabe esateagatik: errebisionismoa ere euskaraz idatz daiteke, bat. Bi, ekidistantziak etzaitu egiara hurbiltzen.
    Ekarri, esan bezala, portuetatik ekarriko zituzten, baita KZetan esaten duten bezala, atzerrira eginiko bidaietan. Gero etorri zenak, ordea, ez du misterio askorik: etakideak jakoa banatzen eta bere hornitzaileak GCri salatu ez? kar kar kar barregurea emango lidake, ez balitz errebisionismo zikina.

  • ETAkideak auzoetan egin ziren ETAkide, kasu askotan, auzune langileetan. Eta ETAkide askok sasira eraman zuten bere auzoen mina, min hori ekintza bilakatzeraino. Zeharkako informazioa baino, litekeenez zuzeneko marruma entzun zuten iparraldean, anaia hil zitzaion erbesteratu gaztearena, edo errefuxiatuarena, semea galbidean zela. Ospitaleetako korridoreetan etxeko zapatilak jantzitako andre asko zebilen aurrera eta atzera, hain zen orohar jende apala. Herri xehea hiltzen eta polizia mordoa anartean, gatazka aitzaki, aberasten, botere guneak nahita itsu. Horrela idazten da historia: Zenbat ETAkidek eman du urte mordoa espetxean zabor horren aurka borrokatzeagatik (zuzen ala oker), zenbat ETAkidek hartu du mila arrisku gerra horretan….baina berdin dio, zaborra idatzi eta benga. Ankerkeria asko ere maitasun ekintza dira, baina hori ezin da idatzi.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-17 17:38

    Egia da, ez da izenburua soilik. “Auskalo, estatuaren operazio zikina edo ETAren diru etekin erraza. Edo, ez bata ez bestea, edo biak”. Iñaki, ez dakit ohartzen zaren, halako iturrietatik etorritako intoxikazio nabarmen bati zure zalantzaren barruan halako tokia ematea oso mingarria dela. Haseran idatzi nuenez, heroinaren gaia oso interesgarria iruditzen zait, baina ETA jartzea horren errudun posibletzat (eta aurreko esaldi horretan hori egin duzu) astakeria, batetik, eta informazio intoxikazioari laguntzea, bestetik. Ez dut esan nahi hori zenik zure intentzioa, baina agian zuri ere “irakurketa orekatua” egitea falta zaizu idatzi duzunaz, izan ere ez al dira antzekoak bi esaldi hauek:
    1.-“Auskalo, estatuaren operazio zikina edo ETAren diru etekin erraza. Edo, ez bata ez bestea, edo biak” (zuk idatzia)
    2.-“Auskalo, Iñaki hausnartu eta informatu nahiean dabilen edo mamuak zabaldu nahiean. Edo, ez bata ez bestea, edo biak” (Pello Andrearriagaren esaldi baten laguntzaz, neronek idatzia)

  • Izenburuari buruz, testuan diot: ““80ko hamarkadan ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian”. Hortxe harria, ezkutuan eskua”. Baieztapena kakotx artean, nire salaketa segidan. Eta, bestetik, azaltzen den bezala “birritan irakurri”, “ezin sinetsita”, “kolpatu zidan”. Argi dago zuei ere erreakzio hori eragin dizuela titularrean jaso dudan adierazpenak, hori zen asmoa, jakina. Harri eta zur utzi nauen horri egun batetik bestera egiatasuna ematea oso inozoa litzateke nire aldetik. Sinesgaitzak zaizkigunen teoriak (niretzako ezezagunak) aipatzea bada nire pekatua, errudun naiz.
    Gaia interesgarria da eta iturri ezberdinetan jasotako teoria kontrajarriak eta, batez ere, garaiko giroa azaldu ditut. Horri gaineratu diot ez dudala egia nire eskutan, beraz ez nago ezer gezurtatzeko tokian. Are gehiago, idatzi ditudan 100 lerroetatik 5 ere ez dira ETAren teoriaz ari. Bi iturritatik, nire aipamenik ez. Apaltasunez idatzi dut: “Nik behintzat, arrasto berrien faltan ezin dut aurrera egin. Zuena da hitza ba.”
    Sentitzen dut batzuk mindu izana, bestalde, pozik naiz jasotako iruzkin gehienek ekarpen interesgarriak egin dituztelako. Horixe zen asmoa, eta lortu dela uste dut: “titularrei kasu eginda baino, gehiago ikasten da eguneroko esperientziaz.” Horretarako prest segitzen dut, eta, ziur, denok eskertuko dugula.

  • Gauza bat da egin nahi zenuena, “Gaia interesgarria da eta iturri ezberdinetan jasotako teoria kontrajarriak eta”.
    Eta bestea, egin duzuna / atera zaizuna: ““Auskalo, estatuaren operazio zikina edo ETAren diru etekin erraza.” Hau da zuk esaten duzuna.
    “Sinesgaitzak zaizkigunen teoriak (niretzako ezezagunak) aipatzea bada nire pekatua, errudun naiz.” Ez, ez da pekatua. Beste gauza bat akaso, Salvame modukoa edo.

  • Oso ondo dsastre: Nik esaldi hori besterik ez dut idatzi, jarri hor lupa erraldoia, Rubalcabaren estilokoa, eta beste guztia bota zakarretara. Salvameri dagokionez, ni ez ezik, testua gustura irakurri duten guztiak iraintzen dituzu. Ekarpenak ongi etorriak izango dira!

    Egin egunkariak gai hau sarritan jorratu zuela uste dut, Intxaurrondoko kuartelean mugitzen zirenak batez ere. Horren berririk ba al duzue?

  • Oso argi daukadan gauza bat da, ETA sekula ez dela egon droga trafikoaren atzean. Eta niri ere mingarria iruditzen zait ere zalantza hor uztea. Dena den, eztabaida interesgarria iruditzen zait eta landu eta ikertu beharko litzatekeen gaia dela uste dut.Oinaze ikaragarria ekarri zuelako Euskal Herrira. Ni eibartarra naiz eta yonkiak garai batean lejioa ziran gure kaleetan, edonon zeuden, trapitxeatzen, lo kuluxkak botatzen kaleko bankoetan, ziringekin denon bistan pikatzen….Jenerazio ia oso bat pikutara joan zen haren erruz.Beldurgarria izan zen. Garai batean oso ume gutxi ikusi ziren gure herrian, umeak egiteko adinean zeudenak, hilak edo drogaren atzaparretan galduta zeudelako. Oso oroitzapen beltzak ditut, jakoaren menpe zeuden hoien begirada galdua eta hitzegiteko era ere ez ditut sekula ahaztuko.Mamuak bezalakoak ziren, zombiak hobeto esanda.Eta gezurtiak, ama saltzeko prest zeuden dosi baten truke…Gero horrelakoak gara eta hortatik ere txisteak ateratzen genituen!!!!!

  • Aitzol Azurtza 2011-08-18 02:38

    Gure aita sendagilea zen Gipuzkoako Ospitalean (egun Donostiako Ospitalea izena duela uste dut). Sikiatria zen bere arloa eta drogazale asko artatzen saiatzen zela badakit. Hark ez zigun inoiz ezer esan zer ikusi eta entzun zuen ospitalean baina gerora amak esan izan digu aitak asko sofritzen zuela ikusten zituen drogazaleen eta beren senideen egoera larriagatik. Beharbada ospitalean ikusitakoagatik, etxean oso zorrotzak izan genituen gurasoak droga kutsua zuen edozerekin. Gure aitak erretiroa hartu eta berehala Alzheimerrak jo zuen eta seme-alabok ez genuen inoiz aukerarik izan aitak bere bizitza-esperientziak konta ziezazkigun, adimena galdu bait zuen.

    Gure aitak bezala, erizain eta sendagile gehiagok egiten zuen lan Gipuzkoako Ospitaleko sikiatria arloan eta ziur naiz haiek zuzenki jakingo dutela garai hartan Euskal Herria kolpatu zuen heroinaren nondik-norakoak zein ziren, drogazaleekin eta beren senideekin batean egiten bait zuten lan eta segur aski zuzeneko testigantza asko jasoko zutelako. Halako inork irakurriko balu mezu hau, eskertuko nioke bere hondar apurtxoa gehituko balu.

    Niri ere ez zait sinesgarri gertatzen ETAk droga salerosketa bultzatu izana, ETAkideek jakin bazekitenean droga gazteri-langilegoa hiltzen ari zela, ETAren usadiozko sostenguetako bat izan den gazteri multzoa hain zuzen ere…

  • Patxi Gaztelumendi

    Inoiz, barriro ZEN planari buruzko zerbait idatzi edo aipatu behar badugu, izango dugu euskarazko adibide egoki bat.
    Pena Barrionuevoren garaian, euskarazko horrelako kazetaririk ez ukan izana, informazioak benetazkoa emateko osagai guztiak izango lituzkelako.
    Erori zen Barrionuevo, eta Belloch, eta Corcuera… erori da Rubalcaba, baina ZEN planak hor dirau.
    Zen, ala DA? Zona Especial Norte…. hasi zaitezte bilatzaileetan aurkitzen, oso osorik betetzen ditu baldintza guztiak.
    Sospetxosoak? Eta harro.
    Otxarkoagako gazteek, Pa Ya konpartsa daukate Bilboko jaietan… zoazte beraiengana Aste Nagusian, droga trafikoa, ETA, trafikanteak, Euskal Herria eta beste gauza askotaz berba egitera….

  • Kasualitatez, gaur ikusi dut “Salda badago” dokumental ederra argia.com-eko multimedia atalean, eta hara Manolo Gil tabernariaren hitzak (56. minutu inguruan): “Nik Guardia Zibilaren autoak ikusi ditut nire tabernaren ataurrean zenbait jenderi heroina banatzen, gero produktua sal zezaten. Hiru urte pasa ziren eta Iruñeko alde zaharrean erabat sartu zen heroina, Euskal Herrian bezalaxe. Nik badakit heroinaren sartzea xake jokaldi bat izan zela: peoi bat mugitzen hasi, gero alfila eta azkenean xake matea”.

  • mmm, ez dakit zergaitik baina Rufi Etxeberria ez dut “fregatu” horietan ikusten… Nik bera lan errezetan ikusten dut, manifa bateko pankartaren atzean egotea bezalakoa, edota boterean egotea…

  • Hasier Etxeberria

    Ptx,
    kriptiko xamarra eta guztiz zorigaitzekoa egin zaidak Iñaki Larrañaga gure bekadunaren artikuluari buruzko hire esaldia: “Inoiz, barriro ZEN planari buruzko zerbait idatzi edo aipatu behar badugu, izango dugu euskarazko adibide egoki bat”. Ongi baino hobeto ulertzen dut Larrak idatzitako sarrera honen inguruan piztu den eztabaida alde-anitza.Gutxitan gertatu da gurean hainbesteko eztabaida zabal-sakonik…
    Baina espero diat neuk txarto ulertu izana hire hitzok, edo heu ohi bezain argi ez ibili izana adierazterakoan, edo biak eta gehiago, hainbesteko munstrokeria begitantzen baitzaidak esaldi horretatik datozkidan iradokizuna eta akusazioa…
    Ezertarako balio badik, jakin ezak inon egotekotan, ZEN planaren antipodetan daudela bai Iñaki Larrañaga eta bai ZUZEU.COM.
    Segi fin eta jaso diosal.

  • Patxi Gaztelumendi

    Barkatu Hasier. Kazetaritza berria ez diat maite.
    Mila gai otutzen zaizkidak bekadunei planteatzeko.
    ZEN plana bera ere izango duk bat agian… gu baino gazteagok jarri ditek arreta horretan, eta baita blog interesgarria osatu kazetaritzaz
    http://zentik.info/category/zen/zer-da-zen-plana/

    ETAlogia guztiak oka egiteko gogoa ematen zidak, copy pastean oinarritutako kazetaritza digitalaz behin baino gehiagotan egin diat berba.

    Nire izenez, eta neure iritziz sinatu diat aurreko guzti hau. Dagoeneko nahiko pepelerdokeri irakurri diagu azken 50 urteotan ETAren kontura… euskaraz ere bai. Ondo dakik hik hori. Orria pasatzen hasi behar diagu… beste gauza batzutan arreta jarri. Indartu. Ikasi. Hausnartu… morboa, titular super deigarriak alboratu… fin idatzi, datatu, kontrastatu, eztabaida sortu… okei. Nik nire irrintzia bota diat, ez besterik. Zengatik? barkatu txarto esandakoak… min egin zidak. 80. hamarkadako militantea nauk, 90.eko eztabaidetako kide, kazetaria, drogazalea, euskalduna..

    Uda maite diagu, prentsa ere bai, Zuzeu zer esanik ez…. baina edozein gai, udako suge bilakatzeari ez deritziat ondo.

    Oro ez da urre, gurean ere.

    Gonbidapenak hor darrai, Bilboko Nahaste Nagusian, Pa Yako txoznan. Gero gerokoak, biba zuek!

  • heroinakin asten zena, lehengo bi hilabetetan bere diro dana gastatu droga hori erosten, eta gero alboko ezagun eta senide eta lagun deneri diro zorretan geratzen zen, eta lapurreta txikiak egiten hasten droga erosteko, eta etxeko balio denak , urreak eta joyak eta beste sal zitekeen denak, diroa lortzeko droga erosteko ,eta segi beste bi urte zituenak lanari utzi eta pobretzen joaten bere inguru dena, horien bizitza heroina sastatu eta urrengo eguna iristean inolako ardurarik gabe bihurtzen zen.
    GC euskal independentismoa eta borroka armatua suntsitzeko erabili zuen droga heroina, hor badagoz intxaurrondoko GC nola pasatzen zioten trafikatzailei gero sal zezaten gipuzkoako herrrietan hori ,eta lehen jonkiak zirenak trafikatzaile gisa erabili zituen askotan, galindo generala hor inplikatua egon zen eta epai baten ere deitu zioten eztkit edo oreretako herritarei pasatzen ziolako droga hori.
    GAL finantzatzeko espainiko gobernuko felipe gontzales, fondos rreserbados erabili zituen barrionuebo barne ministroari ematen zion dirutsa hori, eta honek galindo generalari intxaurrondokoari eta honek GCak eta mertzenarioak erbili zituen GAL eko krimenak egiteko

  • heroinak sekulako suntsiketa egiten du, bai fakultade fisikoak eta bai ahalmen psikikoak denak mermatzen ditu urteen poderioz, eta norbera zaintzeko behar diren ahalak suntzitzen ditu denborakin, droga hori urtetan erabili duen inor ezta sano geratu, eta gahinera drogazaleen ingurua asko izurratzen zeren diroa behar duenez berriz erosteko eta eta oso garestia denez ba ezin du lanik egin askotan oso ahul geratzen direlako horren kontsumitzaileak

  • Interesgarria iruditu zait artikulua. Ongi dago iraganera begiratzea, baina interesgarria litzateke baita ere gaur egun EHan dauden beste droga izurriei begiratzea, zergatik da hain erraza EHan cocaina edo speeda bezalako drogak erosi eta kontsumitzea? Ba al dago “interes politikorik” izurri honen atzean?

  • koka eta speed oso droga gogorrak dira eta mugitzeko eta estudiatzeko erabiltzen dituzte hauek, askotan ordu asko lana egiteko eta esna egoteko erabiltzen eztute ze ikusik heroinakin ematen den ez dependentzia, ezta berdina eta eztuk koka hartzen duena geldirik etxean, justu aldreska sekulako martxakin deneabn eta gainera lan ongi egiten.
    porruak berriz eztira droga, zeren horrek logura bakarrik jartzen du eta dependentziarik eztu ,zuk porruk urtetan erre eta urrengo laga nahi duzunean ezta problemarik; hemen sekulako sarraskia heroinak egin zuen, jendea oso erraz hartzen hasi zelako, GC laguntzarekin, eta gero ezin utzi ,eta oso garesti droga, eta pertsona heroinamanoa bizitza izurratzen, lanean ezin azaldu, eta dirorik zuen drogako hartzeko eta albokei lapurreta txikiak, eta gezurrak esaten egiten zituen lapurrretak ezin onartuta, gehinetan senidei eta lagunei.
    GAl krimenak egin zituztena felipe gontzalez eta txiki benegas eta ramon jauregi eta intxaurrondoko GC denak aske eta gobernatzen beren krimeak premiatzeko sistema espainiako gobernuaren partetik.
    mayor oreja berdin geresda eta basajaun krimenetan inplikatua eta fraga berriz gasteizko martsoko 3 sarraskian denak premiatuak espainiar gobernuko kide izatera.

  • EHn sarraskiak eta krimenak egiten dituena da espainiako estaduko goobernatzaile hara GALindo eta fraga eta franko etakarrero eta melitom

  • Amonamantangorri 2011-08-21 17:11

    La Información hedabide txit itzaltsu eta prestigiotsuaren erreportaje guztiz fidagarri eta sinesgarria alde batera utzita -ETAk heroina Euskal Herrian sartu zuela txorakeria galanta da, komentatzea ere merezi ez duena, “Mr. J”ren beste esanak bezala-, gogan dut autoritate handiagoko beste iturri bat: Roberto Sabiano, “Gomorra” liburu ezagunaren egilea, ETAren eta Napoliko Camorraren arteko ustezko hartu-emanez mintzatu zen Espainiako periodiku batean.

    Auskalo: kontuan hartuta erakunde armatuek eta talde kriminal arruntek, batzuek nahiz besteek, ezinbestean arma-saltzaileekin lan egin beharko dutela… Zurrumurruak dohainik bota, zuzeneko iturririk gabe, horrelaxe funtzionatzen du intoxikazioak.

    Heroinak gure herrian emandako jipoia estatuak nahita planifikatutako zerbait izan ote zen, nik ez dut batere argi. Heroina eta beste droga gogorrak elementu kontrairaultzailetzat har litezke: ENAMak eta ezker mugimenduek ere holaxe hartu zuten. Hala ere, ez zait iruditzen estatuko zerbitzuek ahalegin berezirik egin behar izan zutenik gazte jendea sustantzia berriekin jostaka hasteko.

    Guardia Zibilak tratuan aritzen zirela trapitxeroekin. Egia. Berdin-berdin aritu dira klase guztietako goardia eta karabineroak mugako kontrabandistekin, mendeetan, Bidasoan eta Auñamendin muga egon denez geroztik. Edozein gai pasatzen zen: Izan tabakoa, botikak, kafea, edo droga gogorragoak. Duela pare bat urte, Poliziaren Iruñeko biltegi batetik ehun eta piku kilo haxix desagertu omen ziren, puzker bat airean bezala. Radio Makutoren arabera, noizbait kosto plakak saldu omen dira txapelokerren zigiluarekin.

    Beharbada -eta diodan hau uste dut ez dudala inon irakurri- Euskal Herrian “terrorismoaren aurka” zebiltzan polizia eta goardia zibilak libreago bide zebiltzan (dabiltza?), nahi zuten negoziotan muturra sartzen: tabakoa, heroina, prostituzioa…

  • beti espainiar batsunekoak ppsoek akuzazio faltsuak zabaltzen jardun dute; ikastolak terroristak irteteko lekua dela ; besteko aek egunkaria eta udalbiltza eta direla, eta eta eta talde islamistak elgartuak direla madrrilgo sarrrasiaren ondoren ,gero heroina erabiltzen duela etak finantzatzekko eta herriko tabernak eta finntzatzeko direla; egunero ari dira akuzazio faltsuak botatzen EH tarrragtik etafrente medioatiko hori suntsitz<ze komeni zaigu ett independentzia lortu et uzteko guri geuk nahii dugun gisn izaten

  • Titulua ez zait onargarria iruditzen. ABCkoa edo izan liteke. Eztabaida hau dela eta, uste dut atzera begiratzea ongi dagoela baina, zinez, diot, aurrera begiratzea ere ez litzaiguke gaizki etorriko. Orain bertan droga asko, izugarri mugitzen da gure herrietan. Tristeziaz betea ikusten gazte asko eta asko. Droga, astapotrokeria, hedonismoa… Zinez, nahiago dut Aita Santuaren gazteria nozitzen dugun gazteria baino. Tristeziaz betea ikusten dut gure gazteria.

  • eskerrik asko, Iñaki, artikuluagatik, eta hain gai interesgarria jorratzeagatik. beste askorekin ados nago, ordea: titula soberan dago, gehiago du amarrutik amutik baino. ez naiz kazetaria, baina bai irakurlea, eta halako baieztapen potoloa kontesturik gabe idaztea (titular batean, adb) baieztapen hori berrestea bezela da. estilo Teleberri: “euskal herritarrak oso begi onez ikusten dute Patxi Lopezen gobernua” – segundu t’erdiko ixilunea – “hala dio Jose Antonio Pastor, PSEko bozeramaileak” (…). ongi segi

  • Derzu, ulertzen dut titularra kolokan jartzekoa dela. Ez dut uste marrarik gainditzen duenik, baina bai ertzean dagoela. Hala ere, pentsa: kontuan izan jasotako iruzkin denek guztiz ukatzen dutela titularrean agertzen den aukera hori. Alegia, gezur borobila dela: “Gaur elurra egingo du” bezalakoa. Ez litzateke baieztapena izango, baizik eta harridura, kuriositatea edo agian probokazioa. Edo galdetu zure buruari beste hau: Berdin interpretatuko zenuke titular hau bera Garan edo ABCn irakurri?

    Adibide honekin ez dut konparazio zuzena egin nahi, eta badakit zure iritzia oso oso zentzuduna dela, baina nahi nuke ikustea honen inguruan ere iritzi arras ezberdinak izan daitezkeela. Horixe ba, mil esker iruzkinagatik, eta izan ziur ikasiko dudala hontatik ere. Ondo izan!

  • Bada GALindok esan zuen esaldi bat
    eta nire ustez horrek dena argi usten du;
    ¨Mejor drogados que organizados¨

  • hor heroina nola sartu zen garbi dakienik ez da egongo ,herri denetan sartu ia egun batetik bestera ,bai orereta bai andoain bai elgoibarren , sartu 82 eta 83 ko urtean eta kalean gazte taldeak ikusten zenituen oso era txarrean; eta batzuk tabernatako komunetan sartzen ziren droga sastatzera; jende asko hil zen hepatitisekin kutsatuta, jeringak berdinak erabiltzen zituztelako gero etorri zen sidaz kutstutakoak eta gaixo horrekin ere asko hil ziren.
    hor gauz bat badago susmagarrria, GC ak ibili baziren heroinaren trafikoaren pertsekuzioan etaren atzetik ibili diren gisan, aspaldi danak kartzelan zegozen bai trafikatzailek eta baite kontsumitzaileak er.

  • Ez zekiat amorru, etsipen edo nola deitu artikuluaren izenburuak eragin didana. Ezer gozorik ez, behinik behin. Ezer positiborik, ez. Jendearengan erraietako erantzun bizkorra eragiteko tresna diskurtsibo gisara ere latzegia iruditzen zaidak. ETA, berataz edozer pertsatuz ere, droga trafikoaren aurkako kanpaina garatu zian urteetan zehar, bere kideek gorriak pasa zizkiaten honen kontura eta, ahanztera ez uzteko modukoa dena, bere ekinbide armatuak, arlo honetan, berez ETArekin ideologikoan-eta batere ados ez zegoen asko eta askoren txaloak jaso zizkian. Gogoan diat, kasurako, ene herrian gamelu ezaguna hil eta biharamunean elkarte desberdinetan antolatu zituzten afariak, artean ETAren kontrako manifestaziotan-eta ibiliko zirenak zirela, besteak beste zegoeneko zerrenda luzexka osatzen baitziaten heroinak eramandakoen aurpegiek.
    Horretaz guztiaz abstrabzioa egitea eta adieraztea “ez zekiat”, “baliteke”, etab., eta hain zuzen ere kartzelero baten mintzo ezin zikinagoan oinarritzea, benetan, oso oso pobrea dek. Zergatik ez aipatu txapelokerren adierazpenak informazio iturri bezala? Erlatibismoak ez dik dena xuritzen inola.

  • ETA heroinaren kontra zela gauza bistakoa da. Hor ibili izan balitz, den-dena jakinen zen, egin dituen ekintza guziak poliziak argitu izan bai ditu. Argitu gabe gelditu direnak Poliziaren gauzak dira. Baina, orain zer gertatzen ari da? Esanen nuke Batasuna oso gaizki ari dela droga, alkohola eta gainerako kontuekin. Bere talde eta argitaralpenetan, apologia ikusteraino iritsi naiz. Tamalgarria nolako gazteria ari garen hazten eta hezten.

  • BERRIAn jasotako izenburuak ekarri nau artikulura. Artikulua eta iruzkin batzuk irakurri ondoren, marketin-probokaziotzat joko nuke izenburua… Horrelakoak erabiltzea zilegia ote den ez dakit (non daude zilegitasunaren marrak?). Baina, nire aurrean, bederen, Iñaki Larrañaga desprestigirako zorigaiztoko izenburua da.
    Izenburua, azken buruan, jende askoren artean idei hori zabaltzeko balio du, askok, artikulua irakurri edo ez, idei horrekin geldituko dira. Eta ez zait zintzoa iruditzen idei hori zabaltzea, horren inguruko proba bakar bat eman gabe.
    Zergatik ez zenion izenburuan erabili, esaterako, Galindoren izena edo PSOE-PPko hainbat politikoen izena. Zergatik ez beraiei leporatu??
    Jakina, erraza da ETAren kontra jotzea (doanik, nolabait esateagatik), erraza eta modazkoa, edozein aitzakia harturik.
    Esan bezala, nahi duzuna idatzi, Iñaki, baina nire aldetik, bederen, irakurle bat galdu duzu (agian zu pozik horrekin)

  • Kaixo, Mari. Lehena: Ez naiz ni izan BERRIAn esteka jarri duena. Pentsatzen du jarri badute testua gustatu zaielako dela. Ez duzu uste? Hortik aurrera, esandakoak esanak daude. Nire asmoa ez zen inondik inora titularrean ageri den ideia zabaltzea. Zergatik egin behar nuke hori? Testuan azaltzen dut zergatik erabili nuen esaldi hori, baita iruzkinetan ere.
    Nire aldetik, zu irakurle gisa berreskuratzea izango da aurrerantzean izango dudan lana. Ez kezkatu, izango duzu nire berri, eta gustatuko zaizulakoan nago.

  • Iñaki, zalantza guztiak uxatzeko, hona hemen datu objektibo bat: ETA-ren gordelekuak-eta atzeman dituztenean, armak, nortasun agiri faltsuak, eta abar luze bat erakutsi izan dute beti indar polizialek. Ikusi al duzu albisterik ETA-ren gordelekuetan droga zegoela zioenik? Irudirik? Makina bat arma, lehergai, agiri eta abar aurkitu dituzte baina droga izpirik ere ez (nahi izanez gero, erraz asko jar zezaketen droga armen ondoan). Ene uste apalean, titular sentsazionalista idatzi duzu eta uste dut kontu handiagoarekin ibili behar zenukeela, gaizkiulertuak saiheste aldera. Argi dago zeuk ez duzula titularrak dioen hori defendatzen testu osoan zehar, baina goiburuko horren indarra hain da handia, non testuak dioena bigarren maila batean gera baitaiteke. Bestalde, ETA-ren kasuan, zalantza egiteko zantzurik ez dago, intoxikazioa beste helbururik ez duten hitzak baino ez.

  • Ba niri ez zaizkit batere gustatu ez titularra ezta amaierako esaldi nahasgarri hori.
    Heroina eta Euskal Herria gaia berez da interesgarria, zertara dator hipotesi faltsu bat sartzea kontu honen erdian? Ez dut ulertzen.

  • eta hor bai izan dela garbia, hau bere atentatuak garbi adierazi ditu zein diren eta zeren kontra ,besteak ez, espainiar gobernuak egotzi dio etari trafikatzaile izatea eta madrilgo trenen sarraskia egitea ,baino hor sinisgarrritasaun falta du eta frogak akuzatzaileak jrri behar lituzke eta eztago batere

  • Harrigarria (zerbait okerragoa ez esatearren).
    Prentsa horia zer den erakusteko artikulu egokia. Madril aldeko eta hemengo prentsa fatxatik horrelako titular asko atera daitezke, eta horiekin jende normala endredatu edota hasrretu, lerroak eta lerroak pilatuta.
    Euskaldunoi buruzko irain asko bildu daitezke ere, baita euskarari buruzko babukeriak, eta abar.
    Bilduma handia egin lezake maila horretan jardun nahi duen edozein txoriburuk.

  • Loreak idatzi artikulua irakurri dut. Loreak jakin nahi badu mozorroa nork jarri zion 90ko hamarkadan, nik jakin nahi nuke nor ari den orain bertan drogari zorioantusanaren mozorroa jartzen. Hobeki esan, nor ari diren esanen nuke. Bakarren batzuen izenak badakizkit baina fusilatuko nindukete bere izenez aipatuko banituzke. Noiz hasi behar dugu abertzaleok orain bertan barra-barra dabilen droga mundua salatzen? Noiz bizi behar dugu txukunago? Noizko gazteria jatorragoa?

  • Larra: Hemen titular oker batek inportantzia handiagoa du barra-barra egun argiz ere dabilen droga baino. Abertzalego osasuntsu baten alde jo nahi nuke aldarria.

  • Estatuaren medioak ezagututa, legalak eta ez legalak, ez zuten lortu ETA-drogak lotura frogatzea, horren aldeko interesa izanda ere. Neretzako hori froga nahikoa da, gainera frogatu izan dena da Guardia Zibila-Droga lotura, behin baino gehiago.

  • Jadanik bi aste pasatxo argitaratu zizutela artikulua, beraz ez dakit iruzkintxo hau interesatuko zaizun.

    Barka Iñaki, baina artikuluan adierazitako ikuspuntua, agian zure ustetan objektibo izaten saiatu bazara ere, ez dator errealitate gordinarekin inondik inora bat. Agian justifikazio modura garai horiek bizi ez zenituela diozu, baina jadanik, iritzia ere botatzen duzu. “Izenburu-amua” zabor-kazetaritza da, probokazio hutsa. Antena3-ren garai onenak dakarzkit burura, oraingo tb kate aurrerakoienetan egiten den modura, baina euskaraz.

    Heroinaren gaiari loturik, GZ-k EHan heroina sartzen ikusi izanaren lekukoak ere badaude, baina jakina, beraien esperientziak ez dira komunikabide kontrolatuetan agertu. ABC edo beste iturri ustelek ez dituzte gure kaleetan bizi izan direnek baino hobe kontatuko gertatutakoa. Kazetaritza ona egin nahi baduzu, jo ezazu lehenik hori garai hauetako gertakizunak bizi izan zituztenengana (edo bizirik geratu zirenengana) eta beraiei galdetu.

    Oraingo garaiotan, egongo da inor pentsatzen duenik orain guztia dela bakea eta zoriona, baina hori ez da horrela. Gudari askok eman dute bere bizia herri honen alde eta bakoitzari dagokiona aitortuko zaio lehenago ala beranduago.

  • Aupa Antxon. Kazetaritza objektiboan gehiegi sinesten ez dudanez nik idatzitakoa guztiz subjektiboa dela aldarrikatzen dut hasiera hasieratik. Hortaz, hortik abiatuta nahiago nuke hau ez bazenu zabor gisa ikusi ekarpen gisa baino, iritziak trukatzeko abiaburu gisa. Kazetaritza “ona” egiteko asmoa ez da makala. Ez al zaizu iruditzen ederra zuk zeuk hemen aukera izatea bizi zenituenak kontatzeko? “Zuena da hitza ba”, horixe zen asmoa, zuei hitza ematea, eta kontakizun mordoxka bat izan dira, biziki interesgarriak, “kalean izan direnek” kontatuak.Hortxe kazetaritza ona, ez nik idatzia, baizik eta guztion artean osatu dugun puzzlea, baita zuk ere. Ondo izan ta mil esker iruzkinagatik!

  • SEXUA, DROGAK ETA ROCK & ROLLA

    Euskal Herrian 80ko hamarkada, heroinaren hamarkada bezala ikusi daiteke, urte horietan errepresio poliziala oso gogorra zen, abertsaletasunaren lehenengo pausoak ematen ari ziren, kanpora irtetzen hasi zen mundua ezagutzera Inglaterrara adibidez eta baby boom izeneko fenomeno bat eman zen aurreko urteetan, hau da, haur gehiegi jaio ziren, ondorioz, urte batzuk geroago ez zegoen non kokatu gazte horiek, gainera Euskal Herriko kaleak tximinietako ke mardulez, xiringaz, tiroen hotsez eta punkien krestaz betetzen hasi ziren.
    Ez dago argi nork edo zer eragin zuen heroinaren eztanda hura, zenbaitek ETAk dirua lortzeko egin zela zioten, beste batzuek aldiz, iraultza nahia itotzeko estrategia bat zela pentsatzen zuten, oraindik galdera hori ezin izan da erantzun, baina argi dagoena da da drogen eztanda hori eragin nabarmena izan zuela gazteen artean, bizitzeko modua aldatu zutelako eta pentsatzen zutena aldarrikatzen hasi zirelako, horren adibidea da garai hartan jaio ziren Rock N’ Roll talde ugariak (Eskorbuto, Cicatriz, RIP, Kortatu…), Euskal Rock Erradikala izena jarri zioten mugimendu horri.

    Abertsaletasuna garatzen joaten zen einean, droga kantitate handiak Euskal Herrian sartuz joan ziren, batez ere heroina. Honako hau Euskal gazteriari izugarrizko kalteak ekarri zizkion. Gazteek egoera soziala ez salatzeko, drogen kontuarekin ez ikusiarena egin zuten Euskal Herrian (1980an Espainiako estatuan 11.526 kilo heroina harrapatu zituen poliziak. Horietatik %0,2, 26 gramo, Euskal Herrian. Inon baino ikusgarriagoa eta hedatuagoa zegoen heroina hemen, baina poliziak ez zuen esku hartzen) drogen kontsumoa erabat normalizatuta zegoen. Horrela gazteak drogomenpekotasun arazoak edukiko zuten eta ez zuten parte hartuko politikan,hau da, ez zuten protestatuko. Honekin batera Punk mugimendua garatu zen ere, Rock Radical Vasco izeneko mugimendua jaio zen, hainbat talde jaio ziren eta talde horien artean, Eskorbuto, Cicatriz, Hertzainak…zueden. Punk mugimenduarekin batera eta gazteriaren artean kultura antzeko bat sortu zela esan dezakegu eta kultura hori definitzeko, Sexua, Rock & Rolla eta drogak, esaldia aipatu behar da.

    Gaueko mareak hondarreratu balitu bezala, urte gutxian heroinak kale kantoiak eta auzo pobreak bete zituen. Izan Otxarkoagan, Zaramagan edo Elgoibarren, dagoeneko milaka ziren no future jarreraren babesean heroinaren zurrunbiloak irentsi zituenak. Informaziorik gabe, Hiesa ez zen ezagutzen, zainetan barrura sartzen zen horren plazerrak itsututa.

    Kazetetako datuen arabera, Donostian New Yorken bezain beste heroinomano zeuden proportzioan. Euskal Herrian 70eko hamarkadaren amaierarako 6.000 heroinazale omen zeuden, eta, Katalunian, biztanleria askoz gehiagorekin, 10.000. Gizarte klase ahulenak menpekotasunaren atzaparretatik hurbil zeuden, heroina eskuragarri eta modan zegoen, eta beti norbaitekin elkarbanatzeko prest zeuden.

    Kultura hau, 80ko hamarkadako gazteriak eta beraien identitatea lortu nahian zenbiltzan gazteak jarraitu zuten, esan beharra dago, garai haietan Euskal herria eta bere gazteria kaosean murgilduta zegoela.

    nuestro trabajo aber si os gusta fatsillas

  • Gerra batean inor ez da santua, ez ETA ezta ere pikolo,madero, zipaio,miliki…ez da on eta gaiztoen kontu bat, indio eta bakeroena, erromatar edo galiarrena.

    Iruditzen zait badagoela ETA mitifikatu eta pelikulako onak balira bezala jartzeko sentimendu bat. Egin zutena egin zuten horretan sinesten zutelako eta bide hori egokiena iruditu zitzaielako; baita poliziek edo politikariek; baita Al Caponek, Nangdreta edo beste edozein mafiak. Beraien helburuak lortzeko biderik egokiena iritzi ziotena hartu zuten. Hor dago kontua, helburuetan.

    Hemen EHan ETAren helburuak ulertu, onartu eta babesten dira (ez agian horrenbeste bideak, baina tira), beraz ONAK dira, polizi eta politikari askorenak ETAren helburuen kontrakoak direnez GAIZTOAK dira.

    Guzti hau ez dator estatuaren aparatuen ekintzak justifikatzera, ONAK eta GAIZTOAK desmitifikatzera baizik.

    ETA erakunde klandestinoa izanik armak lapurreta eta IRA edo antzeko erakundeen bidez lortzen zituen, baina momenturen batean (agian oso puntuala) ez al zuen merkatu beltzera joko, hau da, mafietara? Mafia horiei diruz ala generoz ordaintzen zien (horrela dirua beste zerbaitetara bideratuz etxeak alokatu, liberatuak ordaindu…)? Generoz bada ze genero? Trafikatzaile bat garbitzean jaberik gabe geldituriko generoa armengatik aldatzea zilegia da ala ez?

    Erantzunik gabeko galdera hauekin harria bota eta eskua ezkutatu dudala esan baino lehen kontuan izan ez direla horren ilogikoak.

    OHARRA: momenturen batean ere ez det esan generoa hemengo mafiekin trukatzen zutenik eta are gutxiago zuzenean beraiek saltzen zutenik EHko kaleetan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude