Eta zure ustez, zer da “guztion onura”?

Eta zure ustez, zer da “guztion onura”? –

Itziar Martinez de Lunak Alea agerkarian.

“Lehentasun partikularrak guztion onurarako diren lehentasunen gainetik dauden galderari erantzunez, EZ borobil batekin erantzun behar dizut”.

Eta zure ustez, zer da "guztion onura"?
Argazkia: Alea.

Urkullu lehendakariak Trantsizio Energetikoari eta energia berriztagarrien ezarpenari buruz egin dituen azken adierazpenek gogoeta batera eraman naute, bere ikuspegitik eta bere gobernuak hartutako politiketatik oso urrun dagoena. Iritzi-artikulu honetan, nire ikuspuntua partekatu nahi dut, eta, aldi berean, irakurleen iritzia ezagutu.

Lehendakariak adierazi duenez, “erregai fosilen erabilera ahalik eta gehien murriztu behar da, ahalik eta azkarren”. Hori begi-bistako baieztapena da, zientzialariak duela hamarkada batzuk iragartzen hasi zirena. Orain, jakin nahi dugu zer politika aplikatuko dituzten eta zer epe ezarriko dituzten erregai fosilak pixkanaka ezabatzeko; hau da, zein neurri derrigorrezko edo sustagarri ezarriko dituzten industrietan, administrazioetan eta partikularretan energia aurrezteko.

“Trantsizio energetiko bideragarria egin behar dugu” dioenean, nik galdetuko nioke bideragarria norentzat ote den? Hala ere, argi eta garbi utzi du enpresa handien eta atzerriko inbertsio-funtsen aldeko apustu esklusiboa egin duela. Trantsizio honetan, kontu handiz aztertu behar dira jokoan dauden interesak, eta maila berean jarri behar dira biodibertsitatearen krisia eta krisi klimatikoa. Elkarri eragiten dioten bi krisi dira eta izaki bizidun guztien bizitzak horien mende daude.

“B planetarik ez dagoela eta bere baliabideak xahutzeak ez duela ezer onik iragartzen” gogorarazten digunean, nik galdetuko nioke zergatik ez duen politika eredugarririk egiten eta zergatik ez dion baliabide naturalak ustiatzen dituzten megaproiektuetan inbertitzeari uzten. Megainbertsioak dituzten megaproiektuez ari naiz, hala nola Basque Volt bateria fabrika (bateria elektrikoen gigafaktoria), Guggenheim Urdaibai Museoa, tomateen makrolandaketak, etab. Horiek guztiek energia gastu handia dakarte, eta baliabide natural urri eta finituak suntsitzen dituzte.

“Kalkuluen arabera, 2025erako automobilaren industriak 3,3 milioi tona kobre inguru beharko ditu urtean”.

Zientzialariek jakinaren gainean jarri gaituzte gaur egungo automobil-flota auto elektrikoekin ordezkatzeko baliabide naturalik ez dagoen auziaz. Auto erabat elektriko batek 80 kilo kobre behar ditu batez beste. Kalkuluen arabera, 2025erako automobilaren industriak 3,3 milioi tona kobre inguru beharko ditu urtean. Litioari dagokionez, auto elektrikoko bateria batek batez beste 160 gramo litio metaliko ditu kWh-ko. Horrek adierazten digu 50 kWh-ko bateria batek 8 kg litio inguru izango dituela barruan. Eta ez gaitezen nikelaz, magnesioaz eta kobaltoaz hasi.

Datuak ikusita, argi dago bateria-autoak ezin duela gasoil eta gasolinazko automobil-flota guztia ordezkatu. Era berean, autoen erabilera eta ekoizpena murriztu beharko ditugula argi dago, baina automobilgintza gure herrialdeko industria nagusiena den honetan, Urkullu jauna, zer B plan pentsatu duzu gure herriko sektore handi horrentzat?

Urdaibaiko Biosferan ezarri nahi den Guggenheim museoari dagokionez, eraikitzeko baliabide naturalen gastuaz gain, etorkizuneko turisten joan-etorrietan isuriko diren CO2 tonak, uraren gastuaren igoera (bizi-baliabide dena eta gero eta urriagoa dena), eraikina elikatzeko energiarena eta hondakinen ugaritzea gehitu behar dira.

Eta lehendakariak gure seme-alaben eta biloben etorkizuna gure ekintzen mende dagoela adierazten duenean… Nik esango nioke baieztapen horrek arazoa etorkizunera lekualdatu besterik ez duela egiten, eta horrekin batera konponbideak. Gainera, seme-alabarik ezta bilobarik ez dutenek… Ez dute zertan jardun? Zein da haien motibazioa?

Ez gaitzazu engainatu, Urkullu jauna. Energia berriztagarriek ez dute planeta salbatuko; beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoak planeta salbatzeko, edo, hobeto esanda, planetan bertan gizakien bizitza ahalbidetzeko.

“Ez gaitzazu engainatu, Urkullu jauna. Energia berriztagarriek ez dute planeta salbatuko; beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoak planeta salbatzeko”.

Berriztagarrien lokalizazioak dakarren arazoa ezerezten du esaten duenean pertsona batzuentzat azpiegitura horiek ez zaizkigula atseginak iruditzen eta ez ditugula gustoko. Bada, esaten dizut gustoko ez duguna energia-hornidurak enpresa handien esku jarraitzea dela eta herritarrei erabakitzeko ahalmena kentzea. Ez dugu gustoko Trantsizio Energetikoaren politikak pobrezia, biodibertsitatearen galera, osasuna, kontsumoa eta desparekotasuna larriagotzen dituela.

Urkullu jauna, utz iezaiozu herritarrak manipulatzeari, kontua ez baita ez zaigula gustatzen mendien edo lur publiko zein komunalen industrializazioa, laborantza-lurrena eta horien pribatizazioa; atsegin ez duguna zera da, zuek handienaren aldeko apustu egiten jarraitzea biztanleriaren bizi-interesen kaltetan. Zuen politikak dakarrena ez dugu atsegin: lurraldeak eskeintzen dizkigun aukeren galera eta ekonomiaren, gizartearen eta osasunaren hondamena. Galera horien ondorioak pairatuko ditugu handienaren aldeko apustua egiten jarraitzen baduzu.

Lehentasun partikularrak guztion onurarako diren lehentasunen gainetik dauden galderari erantzunez, EZ borobil batekin erantzun behar dizut. Edo zer ulertzen duzu zuk eta zure gobernuak “guztion onura” eta “lehentasun partikularrei” dagokienez?

Niretzat, guztion onurarako dira gure mendiak, gure lur komunalak, gure ibaiak eta akuiferoak, gure laborantza-lurrak, gure energia-komunitateak, eta abar. Eta lehentasun partikularrak dira irtenbide indibidualetarako inbertsioak konponbide kolektiboaren gainetik jartzen direnak, hala nola: auto elektrikoa garraio publikoaren aurretik jartzea, Abiadura Handiko Trena ingurumen-inpaktu txikiagoa duten eskualdeko trenen aurrean jartzea, berriztagarrien megaproiektuak herritarrek modu demokratiko, justu eta orekatuan parte hartu dezaketen komunitate energetikoen edo/eta energia berriztagarriak sortzeko beste eredu batzuen aurrean jartzea.

“Ikuspuntu indibiduala eta ni-a gu-aren aurretik jartzen duten jarrerak baztertzeari…” dagokionez, demagogia egiteari uzteko besterik ez dizut eskatu behar Urkullu jauna.

Eta zure ustez, zer da “guztion onura”? Eta zure ustez, zer da “guztion onura”?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude