Estetika-kontua

Estetika-kontua –

Amatiñok bere blogean.

Arazoa ez da arrazakeria ote den edo ez, estetika-kontua baizik, artile garbiak odolez zikindutakoak baino gehiago balio du-eta merkatuan. Edonork ulertu dezakeen arrazoia da. Beinke, bakeak egiteko arrazoi handia.
Estetika-kontua
Camilo Aranzibia “Segundo”

“Los colonos” (Félix Galvez, 2023) film txiletarrak hamar minutuko txalo-zaparrada entzun ahal izan zuen autengo Cannesko (1) zinemaldian, non kritikaren FIPRESCI (Fédération Internacionale de la Presse Cinématographique) saria eman ere eman zioten. Txilen sekula egindako filmik ospetsuena da oraingoz, Txilek hurrengo Oscar sarietarako ofizialik aurkeztuko duena.

Western politikoa, soinu eta musika diseinu bereziaz (2), Suaren Lurraldeko larremotz, hotz eta galduetan grabatua gehienbat, irudi luke dena dela handi bezain urruti, dena geldo eta, aldi berean, harrapatezina. Natura basatia ederra omen, baina batere bizipozik gabeko malenkoniaz jantzia. Ordu eta erdiko filmean zehar ez da umorezko zipriztinik ere ageri, ezta maitasun-zeinurik txikerrena ere.

Arrazakeria kulturala, bostehun urteko kolonialismoaren ondotik, eta, harrezkero, XX. mendearen hasieran, europarrak baino europarrago izan nahi zutenen eurozentrismoaren sasieredu latza nagusi, zeinek balaunaldi bakar batean eragin zuen Selk´nam edo Ona amerindiarren genozidioa.

Filma, jakineko hamar urte laburretan gertatutakoaren azalpena baino ez da. Ez da historia luzeetan kontu-kontari galtzen, ez du xehetasun handitan sartu nahi, ez du pedagogiarik egin gura. Gertatua salatu baino ez du xedetzat, eta horretarako hiruzpalau une okaztagarri azaldu eta “Segundo” (Camilo Aranzibia)  mestizoaren (3) begietatik ikusi besterik ez du.

Zorionez, dena erdi konponduko da azkenik, 2.000 kilometrora dagoen Santiagoko Parlamentu demokratikoa behingoz egoeraz jabetu eta, zentzuz, genozidioak jarraitzerik ez duela erabakitzen duenean. Baina ez, horratik, giza-eskubideak urratzen ari zirelako, ezpabere, estetikaz,  “artile garbiak odolez zikindutakoak baino gehiago balio duelako”.

Gainera, ahaztu beharrekoak ahaztu, ez du-eta eztabaidatan jarraitzerik merezi. Bakeak egin ditzagun. Izan gaitezen modernoak, Jar dezagun harizko mahai-zapi zuria Suaren Lurraldeko zelai erdi-erdian, har dezagun tea elkarrekin eta ekar dezagun kamera, berebiziko une historiko honen lekuko izan dadin, Santiagon ere ikus dezaten, jakina.

Baina… ez duzula zorioneko integrazioa tea hartzen ospatu nahi,  kamera aurrean? Baina… ez al dugu ba arestian adostu denak berdinak izan nahi dugula Txile handiaren altzoan?

1) Donostiako Zinemaldia ere aurkeztu zen, “Horizontes Latinos” sailaren barruan,

2) Irudi karratua eta full frame kamera.

3) Euskaldunok ez ginen, antza, urrutik ibili.

Estetika-kontua
Western peto-petoa. Barrenean, besopean, Segundo mestizoa beti lekuko.
Estetika-kontua
Suaren Lurraldeko Selk´nam edo Ona herri amerindiarra, 1900 inguruan basakeria hutsez garbitua, zibilizazioaren izenean.

Estetika-kontua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude