Espetxeetako periferiak

Espetxeetako periferiak

Klitto! atari feministatik jaso dugu bertako sortzaileek jatorriz Pikara Magazine aldizkarirako idatzitako erreportajea.

Sara, Araitz, Macarena. Nekane, Jenny, Margarette. Olatz eta Aintzane. Egun kartzelan dauden emakume askoren izen anonimoak dira. Puta, migrante edota militante izanagatik kartzelatuak. Sistema heteropatriarkal kapitalistatik desbideratuak den-denak. Erresistenteak, iraultzaileak, subertsiboak. Estatuak askatasuna lapurtu die guzti horiei, helburu nagusi batekin: emakume hegemoniko eta sistemarentzako egoki bilakatzea. Izan ere, Angela Davisek behin esan zuen moduan, estatuak ez du andrazkoak bergizarteratzeko asmorik (ez baititu lehen mailako hiritar kontsideratzen). Aitzitik, emakume horiek berregituratzeko, birsortzeko eta reseteatzeko lana egiten du espetxeak, ordura arte desbideratutako horiei bide “egokia” erakutsiz.

Emakumeak anitzak izanik, espetxearen bitartez bideratzen zaizkien zapalkuntzak ere ezberdinak dira preso politikoa izan, preso soziala izan, atzerritarra izan, LGTBIQ komunitatekoa… Aniztasunak mahaigaineratzen dituen kolektiboen eta beharren araberako ikuspegi intersekzionalaren garrantzia nabarmendu du Oihana Etxebarrieta ikerlariak, finean, espetxeak betetzen dituzten emakumeen egoerak oso ezberdinak direlako: “Emakume kolektibo ezberdinak, drogomenpekotasuna dutenak, buruko gaixotasunen bat dutenak, indarkeria matxista pairatu dutenak, preso politikoak, ijitoak, etorkinak, pobreak, transak… Ez dira egoera berak, ez dituzte behar berak, eta beraz ez dituzte erantzun berak jaso behar”. Emakumeak, hala ere, multzo homogeneo bezala ulertzen jarraitzen direla salatzen du; eta beraz, bakoitzak jasandako zapalkuntzak biderkatu egiten direla, dituzten beharren arabera.

“Egun ezagutzen dugun espetxe sistemak, XV. Mendean emakumezkoentzako sortutako Galera etxeetan du sorrera”, azaldu du Garazi Lizaso arkitekto teknikoak. 1938tik 1944ra Saturraranen (Mutriku, Gipuzkoa) egon zen emakumezkoen kartzela aztertu du berak.  “Gizonak plaza erdian jipoitzen zituzten, baina, andrazkoak askatasuna mugatuz zigortzen zituzten”. Estatu patriarkalaren egitura diziplinarrak izanik, ezinbestean espetxeek ere sistema heteropatriarkala birsortzen dute, eta are gehiago, baita indartu ere. Hain zuzen ere kartzelak emakumeak birsozializatzeko duen funtzio indartsuaz ohartarazi du Etxebarrietak: “Espetxe barruan dauden andrazkoen iruditeria anti-emakumearena da. Hau da, hegemonikoa den emakumearen iruditeriari ihes egiten diote, eta horregatik, kartzelak horiek berbideratzeko funtzio soziala dauka”. Hori dela eta, kartzelatuta dauden emakumeek zigor hirukoitza bizi dutela azpimarratu du Lizasok: “Egindako delituagatik zigortuak izateaz gain, zigor soziala gehitzen zaie, izan beharko luketen andrazko on ez izateagatik. Gainera, autozigorra ere badago: azken batean emakume horiek euren burua epaitzen baitute, ustez sozialki egokiak ez izateagatik”. Euskal presoen kasuan, gainera, gehitu egin behar zaie haiei ezarritako zigor kode berezia. Horrek, zaintza saretik urrun egotea behartzen ditu, gizonezkoen moduloan isolatuta egotera kondenatzen ditu eta bestelako eskubideak debekatzen dizkiete.

Espetxeetako periferiakAurretik aipatu bezala anitzak dira preso dauden emakumeak*, dena den, guk euskal preso politikoengan jarri dugu arreta. Kasuak kasu, orohar bi izaten dira emakumezkoak zigortzeko sistema penitentziarioak erabiltzen dituen teknikak. Batetik, dispertsio politika pairatzen dute kartzelatutako andrazko askok. Sare Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak eman du datua: egun, 46 euskal preso emakume daude kartzelan. Horien %93 daude etxetik 400 kilometrora urrunduta. Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak egin du azpimarra: Euskal preso emakumeen lagun eta senideek, bataz beste 749 kilometro egin behar dituzte emakume horiek bisitan joaten direnean.

Bestetik, kartzela barruan dituzten baliabide eskasak ere agerikoak dira. Esate baterako, kartzela instalazioak, askotan, gizonentzat prestatuta daude, eta horregatik, espazio askoz ere txikiagotara mugatzen dituzte andrazkoak. Gainera, tailerren eskaintzari dagokionez ere, agerikoa da sexu-genero sistemaren gainean eraikitako rol eta estereotipoek zein nolako indarra dute: Gizonezkoek orohar mekanikoak diren lanak egiteko aukera izaten dute, andrazkoek, berriz, josketa tailerrak, marrazketa eta garbiketa izaten dituzte egunerokoan.

Horren adibide, joan den ekainean, Granadako espetxean,  Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado euskal presoak isolamendura zigortu zituzten komunak garbitzeko lan behartua ez egiteagatik. Presoek aukera izaten dute onura batzuen truke kartzela barruko zenbait lan egiteko. Egokitutako “destinoa”-ren arabera, batzuek komunak garbitzen dituzte. Hala izaten da gizonezkoen moduloan. Ordea, Mujika eta Delgadok salatu zuten andrazko huts izateagatik, behartu egin izan dituztela sarri komunak garbitzera. Patioan, gainera, beste presoen aurrean “mari zikinak, fundamenturik gabeak” eta bestelakoak esan izan dizkiete funtzionarioek. Emakume izate hutsagatik, komunak garbitzera behartu dituzte Granadako espetxean. Horren aurrean, Delgadok eta Mujikak jarrera desobedientea erakutsi zuten, eta haiekin batu ziren beste presoak ere. Lezio gisa, zigortu egin zituzten, ordea, euskal presoak, mugagabeko isolamendura, hain zuzen ere.

Gauza bera gertatu zen iaz Fresneseko (Frantziar estatua) kartzelan. Andrazko presoek bat egin zuten haien baldintza kaskarrak salatzeko. Kartzelako agintariek Itziar Moreno euskal presoa mittard-era bidali zuten gainontzeko presoei beldurra eragiteko, zigor ziegetara, alegia. Berriz ere, andrazko desbideratu izateagatik zigortu zituzten presoak.

Kartzelan bizitako muturreko egoerak goxatzeko gertuko zaintza sare bat eta harreman afektibo sexualak zein garrantzitsuak diren azpimarratu du Etxebarrietak: “Egoera gogorraren aurrean, maitatua sentitzeak indarra eta segurtasuna ematen die, espazio gogor horri aurre egiteko mekanismo handietako bat”. Ordea, ohartarazi du, sarri sentitzen dutela emakumezko preso ugarik zama direla haien bikotekideentzat: “Esan dezakegu, anti-emakumearen estigma hori dagoela mahai gainean, barruan dagoen pertsonaren zaintza lanak egiteko kanpoan gizonik prest ote dagoen galdetzea, eta ez badago zergatik den… Galdera asko, hipotesiak, genero harreman eta rol banaketetara garamatzate. Argi dago jendarte heteropatriarkalak harremanetan eragiten jarraitzen duela oraindik ere”.

.

Amatasuna kartzelan

Harreman afektiboetan estuena izaten da kartzela barruko amek euren seme-alabekin bizi dutena. Egun, bi dira estatu espainiarrean haien alabekin espetxean dauden euskal presoak: Padre Geralda Fundazioan (Madril) dago Sara Majarenas haren alabarekin. Picassenten (Valentzia) dago, berrriz, Olatz Lasagabaster. Gutxi dira amen moduloa duten kartzelak Espainian. Horregatik, kartzelan ama izateak dituen baldintza gogorrak azpimarratu ditu Etxebarrietak: “Urrunketa eragiten du kartzelan ama izateak, oso modulu gutxi daudelako. Gainera, leku horietako baldintzak gero eta eskasagoak dira”. Frantzian, berriz, inpliziturik idatzita ez egon arren, bada ezkutuko lege bat, Etxeraten arabera: “Funtzionarioaren umiltasuna kolokan jarri dezaken jarrerak zigortuak izango direla aipatzen du espetxeetako barne araudiak, jarrera horien barruan sartzen da bisita bitartean sexu harremanak izatea”. Hortaz, Frantzian dauden emakumeek askatasuna debekatua izateaz gain, haien sexualitatea modu librean bizitzea ere debekatua daukate.

Gainera, anti-emakumearen iruditeriaren ondorioz, mehatxatuak izaten dira emakumeak emakume on ez izateaz gain, ama on ere izango ez direla behin eta berriz ohartaraziz. Horrek eragindako barne gatazkaz hitz egin du kartzelan ama izandako Araitz Zubimendi euskal preso oihak: “Momentu hartan neretzat garrantzitsuena umea eta ni elkarrekin egotea zen, baina ez edozein preziotan, noski. Zorionez, euskal presoek zorte hori dute: gure senideek, gehiago edo gutxiago, kartzelaraino joan eta umeak kalera ateratzeko aukera izaten dute”. Ohartarazi du ordea, gainontzeko preso amek zailago izaten dutela haurra kanpora ateratzea, gizartearen estigma handiagoa baita, eta zaintza sarea, berriz, askotan murritzagoa.

Haurrarekin egunerokotasunari aurre egiteko oztopoak ere azpimarratu ditu, izan ere, haurraren lehen urteetan sozializazioa garrantzitsua da eta haur horiek ez dituzte gainontzeko umeen baldintza berak: “Barruan estimulu edo aurkakotasuna dira arazo nagusiak, nere ustez. Eta hor bakoitzak ahal duena egiten du. Garrantzitsuena dena, umearen zoriona zen lehentasuna, eta gorrotoa ez da bide-lagun ona”. Hala ere, bi haur ditu egun, eta uste du kartzelan hiru urte egindakoak ez duela desberdintasun handiegirik bestearekin. Gainera, haurrek hiru urterekin espetxetik irten behar dute, eta lokarri hori askatzea zein gogorra den oroitarazi du Zubimendik: “Hori da momentu klabe eta lazgarria neretzat. Haurra jaiotzen den unetik preso dagoen amak izaten duten kezka. Gure haurra eta biok bi hilabetez egon ginen bananduta, eta haurrak elkar ikusiko ginen azken aldia izango balitz bezala agurtzen ninduen bisitaro”. Estatuak, eta ondorioz espetxeek baldintza horiek baliatzen dituzte emakumeak are gehiago zigortzeko, Lizasoren arabera: “Agerikoa autoritateak haurrak kentzearekin mehatxu eginez, beldurtzen dituela emakume presoak”.

Horren adibide garbia da Sara Majarenas euskal presoaren egoera. Sara Majarenas euskal preso politikoaren alaba zauritu zuen gizonezko batek, labankadaz, eta ospitalera eraman zuten haurra. Inolaz ere gauzatu daitekeen eraso matxista bortitzenetarikoa da. Asmoa, berriz, argia: gatibu dagoen amaren alabari min egin amari ahalik eta min handiena egiteko. Txanpon beraren bi aldeak direla diogunean horretaz ari gara, estatua bera da patriarkala, estatua bera da matxista eta erasotzaileak ez dira disfuntzio soziala, erasotzaileak patriarkatuaren seme sano-sanoak dira.

Sarak aske behar luke bere alabarekin, Sarak Euskal Herrian behar luke. Momentuz, linbo moduko batean dago, kartzelarik kanpo egonagatik ere preso harrera etxe batean. Etxebarrietak uste du gertaera honek erakutsi duela indarkeria patriarkala estatu indarkeriaren muinean dagoela: “Hasiera batean indarkeria matxistaren biktima zuzenak izan ziren Sara eta Izar. Orain, estatu aparatuek indarkeria bera lantzeko duten ezintasuna eta indarkeria bera mantentzen jarraitzeko duten eragina erakusten du. Sarak duela oso gutxi jaso du arreta psikologikoa, indarkeria matxistaren biktima zuzena izan denean”.

Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak Espetxeetako periferiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.