Espedienteak sobran EHUn

Espedienteak sobran EHUn –

Pasa den ikasturteko martxoaren 24an hezkuntza erreformen aurkako ikasle greban EHUko Gasteizko campusetik 34 ikasle atxilo eraman zituzten, errektoretzaren agindupean. Gaur-gaurkoz, 30 ikasletik gora espedientea irekitzearen mehatxupean aurkitzen dira oraindik ere.

Espedienteak sobran EHUn
Arg: EHU

Lehengo urtean salatu bezala, azken urteotan Euskal Herriko unibertsitatean nagusitzen ari den merkatu-logikak ezagutzaren gizarte justu batek behar dituen oinarrizko balioak eta baldintza materialak kolokan jarri ditu. Hori dela eta, langileon eta ikasleen lan-baldintzak zeharo okertu dira. Irakasle prekarioak eta ikasleak dira katebegi ahulena eta logika pribatizatzaile horren barruan trabaturik daude, apenas mugitu ezinik, hain zuzen ere, mugimendu oro kriminalizatzeko joera arriskutsu bat atzeman delako azken urteetan, Iazko atxiloketak dira horren adibide argia.

Ez da bertako arazoa soilik. Protestaren kriminalizazioa areagotzen ari da edonon. Ez da kasualitatea Erresuma Batuan 150 unibertsitatetako 70,000 langilek berriki grebara jo izana. Ekintza kolektiboa da eskubide eta askatasunen iturri eta bermea. Eskubideak ez dira inoiz abesbatzen bidez lortu. Nola lortu da ba demokratizazio oro ezpada gatazka politikoaren bidez? Gatazka politikoa da eskubideen eta ongizate material ororen oinarria, eta unibertsitateak, ezagutzaren eta zientziaren abangoardia gisa, aintzat hartu beharko luke eskubideen aldeko erreibindikazio oro. Horrelako protesten aurrean unibertsitateak ezin du erantzun banketxe batek egingo zukeen moduan: Ertzaintza deituz, eta bere komunitateko kideak atxilotuz eta espedienteak zabalduz. Finean, guztion eskubideen alde ari diren kideak baitira mehatxupean dauden ikasleak.

Beraz, atxiloketak eta espedienteen irekiera mehatxuak salatzeaz gain, elkartasuna adierazi nahi diegu ikasleei. Orduko protesta haien helburu zehatzetatik edota bitartekoetatik harago, protesta eskubidearen alde gaude eta pentsatzen dugu errepresioa ezin dela izan inoiz horrelako errebindikazioei erantzuna emateko modua.

Uste dugu unibertsitateak beste era batera jokatu beharko lukeela eskubideen defentsan. Unibertsitateak gatazka politiko ezberdinen gunea izan beharko luke, gatazka horiek baldintza duinetan eztabaidatzeko gune segurua. Unibertsitateak horrelako eztabaida dinamiketan aberatsa izan behar luke, gatazkak itotzeko segurtasun indarrak bidali eta espedienteak ireki ordez. Unibertsitatea ezin da enpresen eta logika akademiko-merkantilisten lan-bulegoa izan. Poliziak babestutako lan-bulegoa. Hemen jokoan dagoena ez da soilik ikasle batzuen eskubide urraketa, ezpada ikasleriaren biharamuna, hortaz, guztiona. Haiek baitira etorkizuna. Eta heziketa politikorik gabe ez dago etorkizunik. Gizarteko gatazketatik isolatzen den unibertsitateak ezin du etorkizun justu bat eraikiko duten belaunaldien garapen integrala bermatu. Prekaritatearen eta errepresioaren bidez lortzen den bakarra ezezagutza da, eta ezezagutza da menderakuntza ororen zigilu.

Beraz, espedienteen prozesua bertan behera uztea eskatzen diogu EHUri. Hori da gure ikasleen eskaera, eta elkartasunaz harago ere, oinarrian dagoen kezka partekatzen dugulako, bat gatoz eskatutakoarekin.

OHARRA: Artikulu hau EHU Euskal Herriko Unibertsitateko 130 irakaslek sinatzen dute.

Espedienteak sobran EHUn

Zer duzu buruan “Espedienteak sobran EHUn”-ri buruz

  • Aitor Etxebarria 2023-02-20 16:51

    Hona hemen igandeko BERRIAn EHUko errektorearen erantzuna:
    (https://www.berria.eus/paperekoa/1959/010/001/2023-02-19/hobetzeko-prest-gaude-baina-finantzaketa-gehiago-behar-dugu.htm)
    GALDERA: Martxoaren 24ko ikasle greben harira, espedientea ireki diezue 30 ikasleri. Protestak kriminalizatzea egotzi dizue irakasle talde batek. Zer iritzi duzu?

    ERANTZUNA: Ematen du espedienteak protesten ondorioa direla, baina ez. EHUn ez dugu inoiz irekiko espedienterik protesta bat egiteagatik, eta, noski, adierazpen askatasuna bermatuta dago. Baina, bai, irekiko ditugu espedienteak kalteengatik. Azpiegitura publikoak oso garrantzitsuak dira: denonak dira, gizartearen zergen bidez ordaintzen dira, unibertsitatera etortzeko aukerarik izan ez dutenen zergen bidez ere bai. Gizarteak esfortzu handiarekin mantentzen du unibertsitate publikoa. Horregatik dira txostenak: 55.000 euroko kalteak izan ziren. Eta pertsona batzuek belarrietan kalte fisikoak izan zituzten, petardoengatik.