“España en San Mames” futbol partida “normala” eskatu dute alderdi konstituzionalistek legebiltzarrean
Jo ta ke, partidua lortu arte: Eusko Legebiltzarrak PSE, PP eta UPyDren babesarekin eskatu egin dio Espainiako Futbol Federazioari “Euskadira La Roja” ekartzeko. Kirolzale amorratuak dira konsituzionalistak. Jakina, nazionalismo espainiarra hauspotzearekin ez du zerikusirik, “normala” dena egitearekin baizik.
1967an jokatu zuen azkenekoz Espainiako futbol selekzioak Euskal Herrian. Hala, balizko anormaltasun hori zuzentzeko, normaltasunaren izenean egin dute eskaera konstituzionalistek, Eusko Legebiltzarrean. Ez dute, ordea, Una Iturriagak “Normala” zer den azaltzeko bide bera urratu.
Politikarekin zerikusirik ez duela azpimarratzeko PSEko Cristina Labordak eskatu du “zatiketa artifizialik” ez sustatzeko gai honekin. PPko Carmelo Barriok gogoratu digu “euskaldun askok” jolastu dutela Espainian eta, beraz, logika segiz, “normala” zatekeela San Mamesen Espainia ikustea.
Instituzio publikoak bandera espainiarrez hornitu, euskararen balioa gutxiestu, euskal hedabideak itoarazi, Espainiako txirrindularitza itzulia euskal herriratu, euskal turismoa I need Spain bilakatu, Espainiako bandera ez duten udalak zigortu, erregearen koadroa Donostian kentzearren asaldatu… Nik ikasi nuen honek guztiak “borroka sinboliko” izena duela. Ez ba; “normalizazioa” hobe.