Espainia, zibilizazio europarraren deformazio groteskoa

zibilizazio europarraren deformazio groteskoa –

Ez dira nire hitzak, nire egiten ditudan arren, baizik eta Valle-Inclán-enak. Ramón María del Valle-Inclán idazle galiziarrak (1866-1936) duela ehun urte argitaratu zuen “Buhame-argiak” (“Luces de Bohemia”, jatorriz) antzezlanaren behin betiko bertsioa. Hasieran “España” astekarian argitaratu zuen atalez atal, 1920ko uztailetik urrira bitartean. Gero, 1924. urtean hain zuzen ere, zuzenduta eta hiru eszena erantsita eman zuen argitara behin-betiko bertsioa. Hori horrela, “Buhame-argiak: Esperpentoa” hamabi atal izatetik hamabost izatera pasa zen.

zibilizazio europarraren deformazio groteskoa

Mendeurrenaren kari, ongi legoke antzerkigintzaren obra nagusi hori berriz ere aztertzea eta irakurtzea, adibidez, honako hau: «Espainian meritua ez da saritzen. Lapurtzea eta lotsagabea izatea saritzen da». Esku zuriko lapur, iruzurgile edo bankari bat hiltzen denean, panegiriko anitz egin diote eta santu izateko bidean jartzen dute; horixe da espainiar kulturaren beste adierazle garbi bat: Tormeseko itsumutilaren pikareska espainiarren barne muinean daramate eta goretsia da oso.

Beste lagin bat: «Espainian lana eta adimena gutxietsi dira beti. Hemen diruak du agintzen gauza ororen gainetik». Berdin du noiz irakurtzen dituzun lerro horiek; bistadizo bat eman Espainiatik datozkigun albisteei eta Valle-Inclanen baieztapenak betetzen dira behin eta berriz. Horren froga, 2024 urte honi hasiera emateko «Urti very got» (sic) telebista-pertsonaia baten ahotik entzutea esperpento hutsa izan da.

Baiki, Valle Inclánen baieztapen horiek gaurkotasun handia dute, gaur bertan idatziak balira bezala; hori dute on obra klasiko onek, ez dutela gaurkotasunik galtzen. Buhame-argiak antzezlanari esperpentoa azpititulua jarri zion Valle-Inclánek; izan ere, Espainia nahikoa esperpentikoa da. Mende bat igarota ere, Buhame-argiak azter, ikus eta ikas dezagun Espainia ordurako jadanik bazela «zibilizazio europarraren deformazio groteskoa»; Ramón María del Valle-Inclánek esana.

zibilizazio europarraren deformazio groteskoa

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude