Espainia
Espainia –
Bada hip-hop kanta eder bat, Espainiaren uzki usainaz diharduena. Zehaztearren, esan behar genuke ez dela uzkiarena kiratsaren errua, kakarena baizik. Uzkiak baditu bere bertuteak, eta ez nolanahikoak. Baina barrenaren eta kanpoaren pasabide izateko ofizioa ere badauka, eta hortik datorkio madarikazioa. Horregatik da kanta hain ona eta egokia. Errua ez baita Espainiarena, Espainiaren funtzioarena, ogibidearena baino, hots, zapaltzaile izateko betiko premia horrena. Ze, gauzak diren bezala, Espainia herrialde zapaltzaile eta bortitza da, orain eta beti. Orain Bilduren gaineko auzibidea dator, eta erraz asma dezakegu amaiera: zigorra, ukazioa, faxismoa. Herri osoa edo ia osoa dago epaileen zain, baina epaileak ez dira txorimaloak baizik, zoritxarrez. Aste hauetan estoldetatik etorritako metanoa iritsiko zaigu: filtrazioak. Gaur bertan irakurri dut bat, Arnaldo Otegiren ustezko elkarrizketa batetik ateratakoa. Prisako lagunek primizia moduan saldu digute, zer eta asko poztu zela bere herriko zerrendan lagunen bat edo ezagunen bat zuelako. Beste edozein herrialdetan barregura emango luke albisteak, baina Espainian oso serio jartzen dira, pozak derrigor erakusten duelako adostasuna, eta adostasunak, berriz, ardura, eta ardurak, bidenabar, delitua. Otegi poztu egin da; beraz, EA ETA da. Asaldagarriena, ordea, ez da hau guztia, ze hau guztia ezaguna egiten zaigu, Rubalcabak aipatu ohi duen «musika» hori. Asaldagarriena da oraindik baten batek harridura agertzea. EA hauteskundeetatik kanpo utziko dute, baita Alternatiba ere. Harrituta? Ez, eskarmentatuta. Ez gaitezen korrika hasi, ordea, bidea luzea da: hesteak hustuko ditugu noizbait, gure uzkiek dagokien haragi lurrina berreskuratuko dute, Espainiatik urrun.