Behiak eta gizakiak

Far Westeko filmetan beti ixten ditut begiak cow boyak abelburuak markatzen hasten direnean, eta eskerrak ematen dizkiot zeruari ikusentzunezkoen teknologiak ez duelako oraino garatu usaimenaren kontua. Eramanezina izango bailitzake eszena ikaragarri horiei guztiei ile, larru eta haragi errearen usaina balerie .

cc-by-sa: EditorB

Alabaina, orain arte uste nuen abereak burni goriarekin jasotzen duten mina ez ikusteagatik egiten nuela begi ixte hori, baina ez da erabateko egia. Konturatu naiz burni goriak azala erretzeak baino, markaren betirakoak izutzen nauela gehiago. Bidegabea egiten zait norbaitek ezartzea beti eramango duzun marka, munduko ur eta lixiba guztiak ezin garbitu eta ezabatzeko modukoa, gainera.

Buruari joaten uzten diot halakoetan, eta jartzen naiz pentsatzen behiek eta idiskoek, suerte handia  daukatela abere izatean, ezen gure moduko gizaki balira, markaren betikotasuna egingo zaitzaiekeela umiliagarri eta jasanezinezko. Marka begien aurrean ikuste hutsarekin, erretzearen uneko min izugarria berrituko zitzaiekeela aldiro.

Gauza oso ezaguna da, ordea,  behiak edozein gauzarekin distraitzen direla errazki, batez ere trenekin, eta ez dutela gertaeren batere memoriarik izaten. Zorionez.

Hain mingarria izan gabe, geuk ere egin genuen nigar beste marka hura jarri zigutenean ur xorrotadarekin: In nomine Patri, et Filio et Spiritu Sancti… Hura ere  betirakoa, eternala, ezaba ezina… omen.

Gauza bera ari da gertatzen orain demokraziaren izen santuan: norbaitek inoiz markaren bat jarri badizu, alferrik saiatuko zara kirurgia estetiko aurreratuenarekin ere disimulatzen. Kondenatua zaude betiko, hortxe duzu arrastoa, eta ezin hasiko zara agerikoa dena ezkutatzen. Markatua bazaude galduta zaude, eta okerrena da, behiek ez bezala, oso present duzula kontu hori egunero, eta asaldatu egiten zarela, ezen zu ez baitzara hain errazki distraitzen trenei begiratze hutsarekin, ez da?

Nik ez dakit zein den soluzioa, agian Molokai berri bat asmatu beharko da legen beltz berri honek jotako herritarrak irla apartatu eta urrun batean gordetzeko, betirakoa baita marka, legena bezala. Ezin da ezabatu, ez eta norbera aldatuta ere.

Bai, horixe izango da onena: markadun  guztiak, Auswitz zibilizatuetan eta gaurkotuetan ezkutatzea bistatik. Eta gero, inork begiratzen ez duenean, napalm apur bat ere bai gainetik, desager daitezen. Haragi erre usain pitin bat izango da bazterretan, baina zer kristo, hori sudurra itxita konpontzen da eta, gainera, betirako bakeak hori eta gehiago merezi du.  Ez da hala?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)