Herriko Batasuna (3) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)

Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (3/X) –

Euskal Herriko giza azpiegituraren azterketa

Eraikuntza iraunkor guziek oinarri sendoak eduki behar dituzte. Herriko batasuna [1] sortzea euskaldunen baitan sakonki sartutako sentimenduen gainean asentatu behar da. Horretarako, euskal psikologia eta soziologia osagailu horiek lehenik analizatu nahi izan ditut, ongi jakinez eta deus ez dutela estatikorik. Euskal kultura eraldatzen da urteetan barna. Erlijio datuek arazoak badituzte historiaren mugimendu dinamikoak sortu eta konpon-tzen dituztenak. Gainera euskalduna azken ehun urte hauetako kapitalismoaren eta sozialis-moaren korronte handietatik kanpo ez da egon; korronte horiek, gure gizartean gainerako gizadian bezala, sentimendu guti edo aski lausoak sortzea lagundu dute.

Baina sentimendu sakon horien asebetetze ezak du preseski gizakiarengan kanbiamenduaren irrika eragiten. Sintesia-esfortzu batean gizakia entseiatzen da portaera dinamiko bat aurkitzea berarekin ados izaitea ahalbidetzen diona.

1 Euskal kulturari buruz

Zentzu zabalean, kultura hitzak populu baten jenioari dagozkion aktibitate guziak batzen ditu. Arlo batzuetan daukan berezitasun azkarragatik, euskal kultura nabarmenki agertzen da populu askotarikoen kulturentzako sentikor direnen begiei.

Kulturak batzen ditu bide batez gizakien eta taldeen pentsamenduaren eta akzioaren prozesuak. Izateko moduak ez du deus ikusteko folklore komertziala deitzen dugunarekin. Azken honek ez du aisialdien alderdietarik bat baizik erakusten; eta zuhaitz batzuk nahikoak dira oihan erraldoi bat ezkutatzeko.

Arrazak baino kulturak du euskalduna frantsesetik bereizten. Ene esperientziak ohartarazi dit usu euskaldun batek bere herria maite duela modu esklusiboagoan, adibidez bearnotar edo auberniar batek baino. Gure herriko herrixka edo ibarra maita ditzakegu, baina, egiaz, bertan bizi den populuaren kultura da maitatzen duguna. Euskaldun batzuk hain dira horretaz maiteminduak non ez daitezkeen beste bati egoki.

Frantseste inbaditzaileagatik ere, euskal kulturak bizirik irauten du eta uste dut dagoeneko une zailenak pasatuak dituela[2]. Frantseste horrek golpe biziki latzak eman dizkio.

Anitz euskaldun hunkitu ditu gorena daukatenean, beren fiertatean alegia. Euskaldun batzuk ahalge dira direnak agertzeko unean.

Madarikatuak emaitza hau lortzeko euskaldun jator horien kontzientea eta azpi kontzientea kaltetu dituztenak!

Populu batek, indibiduo batek bezala bizitzeko eskubidea dauka. Jakina frantses kulturak euskal kultura asko aberastu du. Baina ordainez asko du honenganik jasotzeko.

Herriko Batasunak euskal kulturaren gotorlekuak izan behar dira; haren fruituak dira eta seguraz ere euskal kultura sendotzeko baliabide onenak izango dira.[3] 
Euskal kulturak du Euskal Herria salbatuko.

2 Aberastasun erraldoia Erlijioari esker

Euskal populua konbertitzea zaila izan zen. Bizitza gostatu zitzaien Baionako patroia izanen zen Leon sainduari eta beste anitzi ere. Baina euskaldunek Elizatik jaso zutena ehun aldiz itzuli diote. Gure euskal historian laminek eta sorginek iraun zuten nahikoa berandu arte, baina aitortu beharra daukagu erlijiozko sentimendua biziki barna sartu zela euskaldunengan. Ez alabaina budisten edo juduengan antzera, hemen erlijiozko sentimendua biziki konkretua eta praktikoa da.

Elizak euskal ekonomia lagundu ote du?

Seguraz ere, saiheski bederen, bere heziketaren bidez. Baina egia da Kristautasuna eraldaketa ekonomiko eta bereziki industrialetik kanpo luzaz egon dela. Don J. Ma Arizmendiarrieta Arrasateko kooperatiba industrialen inspiratzailearen etsenplua salbuespen sonatua da. Gaurko egunean eta batez ere gure eskualdean nabaritu da arlo ekonomikoa eta izpirituala hertsiki elkarri lotuak zirela.

Ahantzi dugu beharbada lehen kristauak komunitatetan bizi zirela. Baina gaurko kristauek ez badute bizitza komunitarioa asko sustatzen, Kristautasunaren muin substantifikoak komunitate horren barneko giza harremanak erraz ditzakeen oinarri moral guzia dauka. Erlijio kristauak gizakia Jainkoarekin bateratzen du, bainan ez ote da bera ere lur honetako gizartean  gizakien arteko lokarri azkarrenak eragiten dituena?

3 Mundu zabalerako deia

Euskal lurra beti emigrazio lurra izan da: urruneko arrantzarako, Ameriketarako eta hiri handietarako. Mundu zabalaren deiak, eta gure herrien marko hertsiez haraindian beren burua garatzeko irrikak gure gazte sendoei sorterriko goxotasuna abandonatzeko erabakia harrrarazi diete. Euskaldun gehienek erakutsi dute bizimodu berriei egokitzeko gai zirela baina beren izaeraren inportanteena mantenduz. Gaur, anitzetan, hemen egonez ez dute esfortzu bera egin bizitza modernoaren erritmoa hartzeko. Konstatatzen dugu gaizki bizi direla eta batzutan herria abandonatu behar dutela adin batean zeinean hori egitea inork ez balieke kontseilatuko. Gure ikusmoldea garaiz arraberritu behar dugu, erran nahi baita, behar dugula gure izaeraren boza sakona entzun eta hari jarraitu.

Mundu zabalaren deia arlo izpiritualean ere ezagun da. Euskal Herria erlijiozko bokazioen lurra zen eta jarraitzen du izaten. Baina bokazio horien kopurua tipitzen ari da hemen besteetan bezala Kausak askotarikoak dira eta hain sakonak dira non seguraz ere ezin baitira modifikatu. Ene aldetik bada aterabide baikorra eta praktikoa, ordena eta kongregazio berriak sortu behar lirateke, gazteen tirriei erantzunen lieketenak. Ausarta nezake beharbada ohartarazteraino antolakuntza horiek batzuetan inspirazioa probetxurekin hartzen ahalko luketela Herriko Batasunen printzipioetan eta helburuetan.

4 Sentimendu kapitalistak

Eskuarki euskalduna kapitalismoaren aldera erakarria sentitzen da; jabetza eskubidearen nozioa bere baitan azkarki sustraitua da. Ontasun gehiago lortuz bere egoera hobeki asentatzeko nahiak ekimen ugari eragin ditu Herrian mundu guzian bezala. Gizadiaren gehiengoarentzat irrika hori da eragingarri motorra. Pentsatzen dut euskaldunak irrika hori nahikoa sakonki sentitzen duela nahiz ez duen beti horren asetzeko aukera. Horregatik irrika hori pondu jakin batetaraino errespetatu dut, Israelgo kibutzetan pasatzen ez den bezala.

5 Sentimendu sozialistak

Sozialismoa agertzen da aldarte ugaritan. Jabetza pribatua kondenatuz edo murriztuz, proposatzen du zerbitzuen eta ekoizpeneko baliabideen jabetza kolektiboa.

Bere interes handia masaren aitzinamendua ahalbidetzen duelako datuan datza.

Munduan gaindi egiten den sozialismoaren erabilera anitzetan biziki desberdina da. Proletariotzaren diktadurak eta funtzionarizazioak muturreko kasua dirudite. Deliberamendu demokratikoen gainean oinarritzen den autogestioko autonomia [4] handi bat, Jugoslavian edo Arrasateko kooperatiba industrialetan bezala, berrogeita hamar urteko historia gatazkatsuko esperientzia sozialistaren fruitu onenak dirudite.

Aitzineko belaunaldietan, “gorria”ri lotutako komunista hitza tabu zen gure eskualdean. Hala ere, gurean, sentimendu sozialistak ere bazeuden; jeneralean ez dugu sobera azpimarra eman nahi izan horren gainean eta pena da. Populuaren indarra osatzen dute eta ondoko paragrafoan, “talde-bizitza” eta euskal sozialismoa beren noblezia osoan agertuko dira.

[1] Horrela deitzen du Kibutzaren herriko baliokidea.

[2] Iduri du euskararentzako arriskua tipitzen duela. 

[3] ageri da, Herriko Batasunaren misioa ekonomikoa bazen, kultura salba lezakeela ere bai.  

[4] Garai hartan autogestioa modan zen ezkerreko kristau talde eta sindikatuetan baita PSU partidoan ere. 

Herriko Batasuna (4/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)

Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (3/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)

Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (3/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude